«Ebaluatu behar da ikasleek bi hizkuntza ofizialak menperatzea»

Epaileen esku hartzeen gainetik, katalanezko murgiltzeak «babes sozial zabala» daukala goretsi du. Hezkuntzan hizkuntza gutxituen presentzia handitzea eskatu du: «Modu bakarra da ikaskuntza orokortzeko».

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun

Euskara edo katalana. Murgiltzea edo eredu aukera: D eredua, B, A, G, PAI... Badago aldea Kataluniako eta Euskal Herriko hezkuntza sistemen artean, baina baita antzekotasunak ere. Avel·li Flors Mas (Castello de la Plana, Herrialde Katalanak, 1988) soziolinguista eta Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea da, eta bertako hezkuntza sistemaren ahulguneez eta indarguneez aritu da Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko jardunaldietan. Eusko Jaurlaritza ontzen ari den Hezkuntza Legerako hizkuntzekin jarraitu beharreko bidea ere trazatu du.

 

Orduen %25 gazteleraz emateko sententzia, murgiltzea bermatzeko legea, haren aurka epaileek egindako esku hartzea... Egun, zertan dago katalanezko murgiltzea?

Egoera konplexua da. Izan ere, batetik, eremu judizialetik sententzia edo saiakera horiek dauzkagu, ez dagokien modu batean aldatzeko funtzionamendua eta diseinua. Beste aldetik, pertzepzio bat daukagu —datuek berresten dute— esaten duena hezkuntza sisteman katalana irakats hizkuntza gisa zentralitatea galtzen ari dela, eta gazteleraren presentzia handia daukagula Kataluniako ikasgeletako ikas jardueretan. Beraz, egoera bikoitz hau daukagu konplexutasuna eransten duena eta botere publikoen aldetik esku hartze sistematikoagoak behar dituena.

Zein?

Batetik, eremu exekutibotik politikak ezartzea, katalana erdigunean mantendu dezan irakats hizkuntza gisa Kataluniako eskoletan. Frogatu da bi hizkuntzak egoki ikastea bermatzen duen eredu bakarra dela. Horrek proposamen sorta bat eskatzen du ikuspuntu legegiletik, baina baita exekutibotik ere; kontrolatu behar dute nola diseinatzen diren eskola bakoitzeko hizkuntza proiektuak, eta ebaluatu behar da ikasleak bi hizkuntza ofizialak menperatuta ateratzen direla derrigorrezko etapatik.

Katalanezko murgiltzeak historikoki babes zabala eduki du. Egun, zenbatekoa da?

Duela gutxi Kataluniako Gobernuaren Iritzia Ikertzeko Zentroak egindako inkestaren arabera, Kataluniako herritarren %76k babesten dute egungo hezkuntza linguistikoko eredua. Beraz, babes sozial zabala dauka, baita parlamentuko babes oso zabala ere, nahiz eta gizarte sektore eta sektore politiko batzuetatik eta estatutik gatazkarako elementu bihurtu nahi duten.

Nahiz eta murgiltzea ezarrita egon, zenbait irakaslek gazteleraz ematen dituzte eskolak. Hori al da arazo nagusia?

Ageriko arazoa da. Formakuntza falta dago, eta kontzientziazioa falta da katalanaren erabilera mantentzeak hizkuntza ondo ikasteko duen garrantziaz. Aurre egin behar zaion erronka bat hau da: irakasleetako batzuk uzkur izatea katalanaren erabilerarekiko eta gaztelera erabiltzea irakats hizkuntza gisa. Gainera, kezka dago gelan jaitsi egin delako erabilera ikasleen artean.

Hain zuzen, iaz, DBH4n, %21ek erabiltzen zuten beti edo ia beti; hamabost urte lehenago, %68k. Nola iritsi zarete egoera horretara?

Zenbait arrazoi daude. Lehenengoa da urte hauetan aldaketa oso garrantzitsua bat egon dela: jatorri immigranteko ikasleen ehuneko handi bat sartu da, eta sartzen direnean ez dakite katalanez. Horrek eta katalana hitz egiten dutenek katalanez ez dakitenekin gaztelerara aldatzeko duten inertziak eragin dute hizkuntzaren erabilera asko jaistea. Pertzepzio bat ere badago: hezkuntza eragileen —irakasleak, hezkuntza administrazioa...— erlaxazio bat egon dela.

Nola alda daiteke norabidea?

Lehenengo neurriek irakasleen formakuntza soziolinguistikoarekin lotutakoak izan behar lukete, kontzientzia berreskuratzeko hezkuntza ereduak funtzionatzen duela katalanaren presentzia zentral batekin, ez kapritxoz, baizik eta hori delako modu bakarra ziurtatzeko ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialak menperatuta amaitzen dutela eskola. Lehentasun bat izan behar du zentroetako hizkuntza proiektuen diseinuen jarraibide zehatzak markatzea ere. Eta garrantzitsua da ebaluatzea ikasleek zer maila lortzen duten derrigorrezko hezkuntza bukatzen dutenean; beharrezko balitz, berrikusteko eta aldatzeko nahi ditugun helburuak lortzen ez dituzten hizkuntza proiektuko alderdi batzuk.

Eta zein da zuen ereduaren indargunea?

Uste dut puntu indartsu nagusia dela eredu bakar batean eta batera eskolatuta ikasle guztiak har daitezkeela katalan hizlaritzat. Horrek erraztu du hizkuntza eskubideak erabiltzea, katalanek nabaritzen dutelako eskubidea daukatela egunerokoan espazio publikoan beraien hizkuntza erabiltzeko. Asko erraztu du katalana lehenengo hizkuntzatzat ez zeukatenek ezagutza bat lortzea eta sozialki hizkuntzaren erabiltzailetzat hartu ahal izatea ere.

Zer iruditzen zaizu ereduen sistema?

Behar desberdinetatik abiatzen da. Lehenik, euskaraz aritzeko gauza diren irakasleak eduki behar dira, euskararen bidez irakatsi ahal izateko. Baita hezkuntza eremuan gatazkarik ez egotea ere, familiei hizkuntza eredua aukeratzeko bidea emanez. Baina ulertzen dut ikasle guztiek euskara ikastea bermatzeko egokia litzatekeela euskarak irakats hizkuntza gisa gero eta posizio zentralagoa okupatuko duen ereduetara jotzea, hori baita bermatuko duena ikasle guztiek eskolatzea bukatzea bi hizkuntza ofizialak jakinda.

Zer ekarriko zenuke Kataluniatik Euskal Herrira eta zer eramango zenuke hemendik hara?

Galdera zaila. Kataluniatik Euskal Herrira, ziur aski eskolatze eredu bakarrerantz egiteko ideia, baina hizkuntza gutxituaren presentzia indartua edukita, modu bakarra baita haren ikaskuntza orokortzeko. Euskal Herritik Kataluniara... ez dakit zer esan.

Eusko Jaurlaritza Hezkuntza Legea prestatzen ari da. Jasota dago eskolek hizkuntza proiektu bana egitea eta ikasle denek DBH bukatzerako B2 maila eduki behar dutela euskaraz. Zer iruditzen zaizu?

Positiboa izan daiteke lege honek onartzen duen autonomia hizkuntza proiektua garatzerakoan eta inguru soziolinguistikora lotzerakoan. Baina ez da egin behar erakundeetatik gutxi bideratuta; jarraibide argiak eduki behar dituzte irakats hizkuntza gisa euskara edo beste hizkuntza batzuen erabilera bultzatzearen ondorioen inguruan. Hezkuntza administrazioak hizkuntza proiektuak berrikusi eta ebaluatu ere egin behar ditu, baita ikasleek lortzen dituzten konpetentziak ebaluatu ere, proiektu linguistikoak legearen eskakizunei erantzuten dien jakiteko.

Nola ebaluatu behar da?

Ideala litzateke ebaluazioa ikastetxeetatik kanpokoa izatea, bateratua eta zentralizatua, ziurtatzeko ikasle guztiek lortzen dutela eskolatzea amaitzerako euskararen eta gazteleraren maila bertsua eta desiragarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.