Leandro Azkue. Jaurlaritzako Arrantza zuzendaria

«Hegaluze kuota handitzea babestuko dugu, %10 inguru»

Gorabehera askoko urtea izan da, baina Azkuek uste du pandemian beste sektore batzuek arrantzak baino gehiago sufritu dutela. Dena den, kezkak ere baditu: antxoa, baporeen etorkizuna eta gazteen arrain kontsumoa.

GORKA RUBIO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Hegaluze kanpaina bukatu berritan, «positiboa» izan dela uste du Leandro Azkuek (Orio, 1962), baina COVID-19ak erabat baldintzatu ditu aurtengo udaberri eta udako kosterak. Baxurako ontzietan ez da kutsatzerik egon, eta protokoloek ondo funtzionatu dutela ikusteak lasaitu egin dute. Legegintzaldi berria hastear dagoen honetan, ez daki hurrengo lau urteetan jarraituko duen.

Hegaluze kanpaina inoiz baino goizago amaitu da, eta urtez urte areagotzen ari da joera hori.

Kuota azken bi urteetako bera zen Espainia osoan. Eta kuota hori ez dago banatuta; olinpiar arrantza da, amaitu arte, alegia. Bestalde, hegaluzetara doan ontzi kopurua handitu egin da. Urtean zehar beste espezie batzuk hartzen dituzten ontziak udan hegaluzetara doaz. 16.000 tona arrantzatu direla nabarmendu behar da, eta hori harrapatzeko, kanaberaz, lan handia egin behar da. Egon dira sei, zazpi edo hamar milako urteak. Euskal arrantzaleek Espainiako kuotaren %55-58 arrantzatu dute. Oso bizkor arrantzatu da, eta saturazioak eta COVID-19ak merkatuan izango zuten eraginaren beldur ginen, baina prezioek eutsi diote: 3,60 euroan saldu da, iaz baino pixka bat gehiago. Uste dut, oro har, beste sektore batzuk gu baino gehiago sufritzen ari direla pandemian. Hegaluzearen kostera positiboa izan da, nire ustez.

Kontserba enpresek eutsi diote prezioari. Zergatik?

Sektoreak apustu egin du MSC ziurtagiriaren alde; ziurtagiri horrek esan nahi du hegaluzea modu jasangarri batean arrantzatuta dagoela. Ziurtagiri hori gabe ezin zara sartu merkatu batzuetan: Alemanian, Suitzan... Eta gure arrantzaleen teknikek zigilu hori bermatzen dute. Aldagai horrek eragina izan duela ziur nago, kontserba enpresak oso goiz hasi baitziren hegaluzea erosten.

ICATek atun biomasa neurtu du, eta itxaropentsu agertu da.

Zientzialariek, tartean AZTIkoek, atun biomasa aztertu dute. Azaroan kuota berria ezarri behar da hiru urterako, eta esperantza horrekin gaude. %10-12 handitzea izango da proposamena. Hori babestuko dugu. Guk Madrilen, haiek Bruselan eta gero Europak Atlantikoan. Txostena ikusita, kuota igoko dela espero dugu.

Hegaluzearen eta antxoaren kuota banatzea nahi duzue. Zergatik banatzen da espezie batzuetan eta beste batzuetan ez?

Historikoki txitxarroa, berdela, atungorria-eta ontzika banatu izan dira arrantza kuotak oso txikiak zirenean. Egoerak behartuta. Arrantzaleak ohitu egin dira horrela lan egitera, olinpiar arrantzatik kuotetara igaroz. Sistema horretan abantailak ikusten dituzte, eta hegaluzean eta antxoan aplikatzearen aldekoak dira. Sektoreak hori eskatzen digu, eta guk, Madrili. Eta sektoreak berak zuzenean Madrili ere bai. Kopurua ontzika banatzen da, baina euskal arrantzaleek funts komun bat egiten dute, eta modu bateratuan erabakitzen dute nola arrantzatu: zenbat egun, zenbat eguneko... Gure kuota geuk kudeatuko genuke. Kosteren iraupena erregulatzeko ere balioko liguke.

Arrantzaleek atungorriaren kuota osoa saldu dute aurten. Ez litzateke komeniko zerbait porturatzea? Mundu osoan boladan dagoen produktu bat da.

Atungorriak bizirik harrapatu eta kaioletan loditzen dituzten enpresei saltzen diete kuota, modu onean. Guk pixka bat arrantzatzeko eskatzen diegu, gure portuetan bertako atungorria egon dadin. Aurten kuota osoa saldu dute, baina, pandemia betean egonda, ulertzekoa da.

Berdela da lehen kostera, eta merke saldu zen: iaz 1,33 euroan, aurten 0,87an. Aldea dago.

0,93an saldu da. Kuota %40 handiagoa izan da aurten, eta horrek baldintzatu du prezioa. Gero ere pandemiaren beldurrarengatik bizkor arrantzatu zen, hiru astean. Bi faktoreek izan dute eragina.

Berdelak estigma al du oraindik? Badago jaten ez duenik.

Gero eta gutxiago, baina kostako herri batzuetan berdela oraindik anaia pobrea da. Jaurlaritzak lan handia egin du hura mahaietara eramateko. Egia da zapore askoko arraina dela, baina labean edo olio errearekin ez du inoren inbidiarik. Eta prezio oso onean. Freskoaz gain, asko izoztu egiten da, eta irteera ona du beitarako eta atunak loditzeko jaki bezala.

Antxoarentzako urte oso zaila izan da. Zer diote arrantzaleek?

Kanpainarik ahulena izan da, zalantzarik gabe. 25.000 milioi tonaarrantza zitezkeen, eta 5.000 harrapatu dituzte bakarrik. Kantabrian eta Asturiasen lehorreratu dute, gainera; beraz, gure lonjentzat ere kalte. Bi ontzi antxoa bila irten dira orain; aurkitzen badute, ez dira bakarrak izango.

Antxoa txikia dabil, eta harekin ez dago prezio onik lortzerik.

Ez da berez txikia, baina gure kontserba enpresentzako ez du neurria ematen. Haiek 28-32ko antxoa nahi dute [kilo batean sartzen den antxoa kopurua]. Maroko edo Albaniako kontserba enpresekin lehiatzen dira, eta, han laneskua merkeagoa denez, ale handia behar dute lehiatzeko.

Kezka handia al da?

Bai. Kontserba enpresarik gabe, freskoko merkatuak ezin du hartu hainbeste ontzik harrapatzen dutena. 28ko antxoaren bila ari gara, baina ez dugu aurkitzen. Duela bi urte, hiru ontzi bidali zituzten Frantziako kostara haien bila, ikertzera, eta ez zuten aurkitu.

Antxoarik ez, berdela merke... Ontziren baten etorkizuna arriskuan egon al daiteke?

Baliteke baten batek uztea, baina ez krisi honengatik. Ontzi jabeak erretiroa hartzen ari dira, eta ez dago lekukoa hartuko duenik, eta baporea saldu egiten dute. Ez dut uste inork ontzia utziko duenik COVID-19arengatik.

2004tik 113 baxura ontzi desagertu dira, eta egun 60 dira bakarrik. Ez al dago erreleborik?

Lehiakide handia etxean dugu. Itsas eskoletako ikasleek atunontzi izozkailu handietan ikusten dute lan etorkizuna. Baldintza hobeak dira oro har, eta zaila egiten zaigu jendea baxuran sartzea. Dena den, teknikari batek izan dezake etorkizuna baxuran, eta ondo, baina zaila da erakartzea. Baxuran, tradizionalki erreleboa familia barnekoa izan da, eta egun hori ez dago. Kosta egiten da familiatik kanpoko teknikari bati uztea baporearen ardura.

Arrain kontsumoa asko jaitsi da Euskal Herrian azken urteetan: %24 pertsonako 2008az geroztik, %7,8 azken bi urteetan... Arraina jateari utzi al diogu?

Itxialdian arrain kontsumoa igo egin da, baina joera kontrakoa da. Promozio kanpainak egitea da bidea, kontsumoa gehien murriztu zuen populazioari zuzenduak: gazteei. Erronka da gazteek arraina jatea, haientzat erakargarriagoa egitea. Baina berehala hasi behar dugu, oso bizkor doa hau. Alde handia dago jende helduak eta gazteak egiten duen batez besteko arrain kontsumoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.