Frantziako Asanblearako bozak. Annick Trounday. Elkarrekin-eko hautagaia

«Boterean denez gero gaitz guztiak egozten zaizkio Macroni»

Laugarren hautesbarrutian hautagai izanen da Trounday. Macronen bilana egokitzat jo du, eta «prest» agertu da diputatu lanak egiteko. NUPESen garaipenak herrialdea «blokea» dezakeela uste du.

BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2022ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Emmanuel Macron Frantziako presidentearen sostenguarekin aurkeztuko da Annick Trounday (Baigorri, Baxenabarre, 1964) Frantziako Asanblearako bozetara, Elkarrekin-en izenean —Errepublika Martxanen izen berria da—. Laugarren hautesbarrutian ezarri du hautagaitza, eta Pierre Congues bearnotarra da haren ordezkoa. Egun, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko kontseilaria da.

Zendako Elkarrekin-en izenean aurkeztuko zara?

Emmanuel Macron sostengatzen dut 2017tik; atzematen dut politika egiteko molde berri bat duela, ezker eta eskuin ardatzaren zatiketaren gainetik. Bere garaian, tokiko komiteak sortu zituen jendearen iritziak biltzeko; nehor gutxik daki hori. Naturalki sostengatu dut pasatu berri diren lehendakaritzarako hauteskundeetan ere. Gero, proposatu zidaten Asanblearako hauteskundeetara aurkeztea, eta, ontsa pentsaturik, ardura hori hartzea onartu dut. Galtzeak ez nau beldurtzen, eta irabazteko prest naiz.

Macronen politika soziala anitz kritikatu dute azken urteotan.

Betidanik arlo sozialean lan egin dut, eta erran dezaket Macronek anitz egin duela arlo horrentzat. Langabezia tasa apalarazi du; Gizarte Segurantzaren ordainketak emendatu ditu betaurrekoentzat, entzumen protesientzat, eta hortzentzat; aitatasun geldialdia luzatu du. Emazteen eta gizonen arteko berdintasunaren alde ere gauza anitz egin ditu. Hori ez bada arlo sozialaz arduratzea, nik ez dakit zer den. Hedabideek, haatik, bere politika eskuindarra baizik ez dute aipatzen. Ez dut ukatzen badenik, baina ez da hori bakarrik. Jendearen erosahalmena ere emendatu du. Anitzek diote apaldu dela, baina, datuak aztertuz gero, emendatu da; bada jendearen sentimendua eta datuek diotena.

Tokiko gaiei heltzeko, hizkuntza politikaren arloan zein dira zure proposamenak?

Hasteko, gogoratu gobernuak lurralde hizkuntzen aldeko ituna berretsi duela, horien babesteko.

Frantziak ez du berretsia itun hori; izenpetua, berriz, bai.

Bai, barkatu, izenpetu du. [Frantziak 1999ko maiatzaren 7an izenpetu zuen, eta oraindik ez du berretsia]. Berrestea gehiago da, ezta?

Bai, hala da.

Dena dela, tokiko hizkuntzak babestu nahi ditut, eta horien irakaskuntza eta murgiltze sistema ere bai. Erabat horren aldekoa naiz. Ni bikulturala naiz, eta ez diot bietako edozeini uko eginen. Sakonki euskaltzalea naiz, eta harro naiz. Euskalduna naiz jatorriz, eta frantsesa sortzez. Hauteskunde hauei esker, bearnotarren eta euskaldunen ahotsak ordezkatzeko egiten ahalko dudan guzia eginen dut.

Ipar Euskal Herriko egituraketari begira, Euskal Elkargoa sortu zen 2017an. Uste duzu nahikoa dela, edo urrunago joateko beharra ikusten duzu?

Egun, elkargoaren eta departamenduaren artean den artikulazioa uste dut gure lurraldearen egituraketa egokia dela. Elkargoari uste dut baliabide gehiago eman behar zaizkiola ahal bezain funtzionala izateko; baina uste dut ez dela beharrezkoa urrunago joatea eta hostopil administratibo bat gehitzea. Tokiko eta elkargoko hautetsiengan konfiantza dut, eta uste dut hobeto egituratzeko denbora eman behar zaiela, batik bat barnealdeko eremuei autonomia gehiago emanez, ez instituzioari berari.

Etxebizitzaren problematikak hautsak harrotzen ditu Ipar Euskal Herrian. Zer proposatzen duzu zuk?

Uste dut Lurraren Lege handi bat egiteko garaia dela, eta legegileek horri eutsi beharko diotela. Horren inguruan lan egiteko prest naiz, gure instituzioei bide emateko lurra babes dezaten. Bestalde, fiskalitatea ere aldatzeke dago; urte osoan alokatzen duten jabeen zergak apalduz, adibidez.

EH Baik proposatzen duen egoiliar estatutua, adibidez, posible ikusten duzun tresna bat da?

Egoiliar estatutuari begira, duda gehiago ditut. Nola erabaki nor bizi daitekeen hemen eta nor ez? Ez dakit zein diren irizpideak, baina ni diskriminazio ororen kontra naiz. Demagun udan sasoia egitera heldu diren langileek ez dutela etxebizitzarik atzematen, zer egin behar dugu? Ez dira etortzera utzi behar sasoilariak direlako?

Egoiliar estatutua jabetza eskuratzera mugatzen du EH Baik.

Dena den, delikatua da. Arriskua ikusten dut diskriminatzailea izateko, eta ni harrera egitearen aldekoa naiz. Ez dut ukatzen tresna bat behar denik, baina tresna horrek dudak sortzen dizkit.

Gatazkaren konponbide prozesuari dagozkion gaien artean dago euskal presoena. Bakegileek azken hilabeteetan egindako protestetan Macroni «gelditasuna» leporatu diote. Zer diozu?

Frantzian, pertsona bat boterean den momentutik, dena da bere falta. Klima aldaketa Macronen falta da, eta gaitz guziak Macronen falta dira. Nik ez dut horrela pentsatzen. Jakin behar da beste edozein gobernuren agintepean ez dela hainbeste euskal preso hurbildu. Azken bost urteotan 40 euskal preso hurbilduak izan dira [Frantziako] hego-mendebaldera.

Gobernuaren borondate propioari baino gehiago, ez ote da gatazkaren ondorioen prozesuaren agendarekin lotua erabaki hori?

A! Orduan hori ez da Macroni esker? Ongi egiten duena ez da bere falta. Zuen betiko diskurtsoekin ohitua naiz. Edonola ere, ni bake prozesuaren aldekoa naiz. Urte gehien daramatzaten presoen kasuari buruzko [Jakes Esnal eta Ion Parot] erabakiak ondoko egunetan etortzekoak dira, eta justiziari dagokio libratzea. Uste dut libratzeko erabakia hartuko balute ez dela Macronen borondatearekin lotua, eta, alderantziz, orain arte ez bazaie onartu, ez dela ere Macronen borondatez. Justizia independentea da Frantzian. Ez da ahantzi behar ere pertsona batzuk erailak izan direla, eta galdera horiek ere badira. Esnalen eta Paroten kasuan, dena den, osasun arrazoiak badira; beraz, hori ere kontuan hartu behar luke justiziak.

Erretreten erreforma egin nahi du Macronek. Adina luzatzeak herritarren kezka piztu du, eta kanpainan lekua hartu du gaiak.

Lehenik, erran behar da oinarrizko saria emendatu nahi duela, 1.100 eurotara. Adinari dagokionez, uste dut ez dugula indarrez pasatu behar, eta sindikatuekin eta hainbat eragilerekin negoziazioak egin behar direla. Ni hautu librea uztearen aldekoa naiz: jende batzuek 67 urte arte lan egin nahi badute, egin ahal izan behar dute; eta jende batzuek 63 urtetan joan nahi badute, baita ere.

Frantziako ezkerreko alderdiek NUPES aliantza egin dute, Macroni kohabitazioa inposatzeko asmoz. Nola ikusten duzu hori?

Herrialdea bost urtez blokeatuko luke horrek. Ez da ahantzi behar lurralde hizkuntzen kontrakoa dela [Jean-Luc] Melenchon. Nire alde, euskaltzaleak zinez sufrituko luke NUPESek gehiengoa lortuko balu. Uste dut aliantza elektoralista bat dela, eta barnean jadanik kexatzen ari direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.