Blanca Garces. Migrazio gaietako ikerlaria

«Desintegratzeko migrazio politikekin denok galtzen dugu»

Europan badaude integrazioa helburu duten migrazio politikak. Hala ere, badaude desintegrazioa bultzatzen dutenak ere. Blanca Garcesen arabera, gero eta politika «murriztaileagoak» egiteko joera dago.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2022ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Europako asiloari buruzko politikak eta diskurtso politikoak aztertzen ditu Blanca Garcesek (Bartzelona, 1976). Cidob Barcelona Centre for International Affairs zentroko ikerketa koordinatzailea eta migrazioen arloko ikertzaile seniorra da. Bilbon izan da, Eusko Jaurlaritzak eta EHUk antolatutako Harrerarako eta inklusiorako bidean jardunaldietan. Immigrazioari eta inklusioari buruzko jardunaldi horiek 12. aldia dute, eta Ikuspegi eta Biltzen dira zuzendari teknikoak.

Nola definituko zenuke harrera?

Gizartean leku bat aurkitzeko lehen urratsa da. Etxea, eskola eta lana aurkitzea eta bizimodu normal baterako beharrezkoak diren zerbitzuak eskuratzea. Ezinbestekoa da gizartearen parte izatea. Izan ere, etxebizitza, lana eta abar eskuratzeko laguntzak eta erraztasunak sare informaletatik lor daitezke.

Europako migrazio politikak harrerarako sortuta daude?

Integrazio eta desintegrazio prozesu etengabe bat dago. Baditugu harrerarako politikak, hala nola asilo eskatzaileentzakoak. Baina, aldi berean, desintegrazio politikak ere badaude, eta askotan harrera politikak baino askoz indartsuagoak dira. Horiek legezko estatusarekin dute zerikusia, hau da, bizileku edo lan baimena izatearekin edo ez izatearekin. Desintegrazioak kolektibo batzuen integrazioa baldintzatzen, moteltzen eta zailtzen du. Migratzaile horiek geratzeko iritsi dira, eta, beraz, estatuek integrazioa erraztu beharko liekete, herritar autonomoak sortzeko.

Zein da egoera?

Espainiako Estatuan, adibidez, migratzaileek erroldatzea lor dezakete; horrela, maila lokalean dokumentatuta egon daitezke, eta Europako beste herrialde batzuetan baino eskubide gehiago izan. Bestalde, atzerritarrei buruzko politikek desintegrazioa eragiten dute, bizileku baimena nork duen eta nork ez zehazten duten politikek esaterako.

Zein politika motak du orain pisurik handiena Europan?

Gero eta politika murriztaileagoak egiteko joera dago. Hemen dauden pertsonen eskubideak mugatzeko ez ezik, euren herrialdeetatik irtetear daudenen etorrera mugatzeko ere erabiltzen dituzte: migrazioa kontrolatzeko politika gisa. Iristen direnak jatorrizko baldintzengatik ateratzen dira beren herrialdeetatik, eta ez harrera gizartean eskubide gehiago edo gutxiago dituztelako.

Nork irabazten du desintegrazio politikekin?

Desintegrazioko migrazio politikekin denok galtzen dugu, eta arrazoia oso argia da. Eskuin muturrak beti erabiltzen du argudio bera: migratzaileen eskubideen gainetik, garrantzitsuagoa da gure segurtasuna. Baina hori ez da horrela. Besteen eskubideak bermatuz bakarrik berma dezakegu gure segurtasuna. Orduan, zergatik desintegrazio politika horiek? Nik uste dut arrazoi sinbolikoekin duela zerikusi handiagoa: gure izaeraren eraikuntza, nazioaren definizioa eta hainbat beldur.

Migrazioari buruzko zer diskurtso da nagusi Europan?

Hainbat diskurtso ditugu.Cidobek Bridges proiektua koordinatzen du. Proiektu horrek Europako migrazioari buruzko narratiben eraikuntza aztertzen du, herrialdeen arteko konparazioak eginez, baita konparazio historikoak ere. Ezin dugu esan narratiba bat nagusitzen denik, baina bai beldurrean oinarritutako narratibetara jotzeko joera dagoela. Besteak, hau da, migratzaileak sortzen duen beldurraren gainean eraikiak daude diskurtsoak. Narratiba horiek azaltzen dituzte politika gero eta murriztaileago eta baztertzaileagoak, nahiz eta Estatuaren logikaren aurka joan.

Nork sortzen ditu diskurtso horiek?

Erantzunik errazena eta logikoena izango litzateke esatea diskurtso horiek eskuin muturrak normalizatzen dituela. Migratzailea gizartearen gaitz guztien erruduna dela diote. Baina harago joan behar dugu. Askotan, gainerako indar politikoak dira diskurtso horiek barneratu eta normalizatzen dituztenak. Eskuin muturra zuritu, eta haren gorakada errazten dute gobernu eta parlamentuetan. Gainera, gainerako indar politikoek, aurrerakoienak barne, ez dute asmatu diskurtso positibo eta proaktibo bat antolatzen. Eta ez dituzte harrerarako politika proaktiboak sortu.

Zein da komunikabideen eginkizuna?

Funtsezko zeregina dute. Estereotipoak apurtzeko, begirada aldatzeko eta diskurtso nagusiei aurre egiteko gaitasuna dute. Hori positiboa da. Baina, aldi berean, 'gu eta haiek' diskurtsoa erreproduzi dezakete. Mugetan, oso argia da hori. Mehatxuaren eta inbasioaren eszenifikazioa egiten dute muga inguruetan. Muga batean pertsonak biluztuta erakustea modu bat da haien deshumanizazioa irudikatzeko.

Eta sare sozialen eginkizuna?

Komunikabideek informazioaren monopolioa galdu dute sare sozialetan. Edonork sor ditzake diskurtso edo zurrumurru faltsuak. Astakeriak esaten dituen jendea beti egongo da presente, baina haiei aurre egiteko, ez zaie anker edo arrazista deitu behar. Elkarrizketarako guneak sortu behar ditugu. Ez dugu identitate eztabaidarik sortu behar, arrazoia nork duen eztabaidatzeko. Beldurrik gabe hitz egiten hasi behar dugu, eta ondoeza eragiten diguten kontuak aitortu eta horiei buruz hitz egin.

Zer joera ikusten dituzu?

Alemanian eta Belgikan gertatzen ari dena aztertuta, beste migrazio krisi bati buruz hitz egin dezakegu. Baina ez da migrazio krisi bat, errefuxiatuak hartzeko krisi bat baizik. Konfinamenduko politikekin, migratzaile gutxiago iritsi ziren, eta herrialde askok murriztu egin zituzten harrerarako lekuak. Orain, asilo eskatzaileen kopuruak gora egin du berriro, eta ez dago nahikoa leku. Harrera krisia eragin du horrek. Arreta harrera sisteman jarri beharrean, eztabaida politikoak migrazio krisiaren ideia horretara bueltatu dira. Mugak itxi behar direla diote, eta etorrerak mugatu. Are gehiago, errefuxiatuen urteko kuotak ezartzeaz ere hitz egin da.

Baliteke Ukrainako errefuxiatuen egoerak aldaketa ekartzea?

Ukrainarrei inolako mugarik gabe egin zaie harrera. Gainera, estatu kideen erantzuna, solidarioa izateaz gain, bateratua izan da. Nahiz eta jende askok esan mugarri izan daitekeela eta hemendik aurrera politika inklusibo gehiago sor daitezkeela, ez dut uste horrela izango denik. Ukrainarrei harrera egiteko balio duten arrazoi berberek gainerako pertsonak baztertzeko balio dute. Europako gobernuetako hainbat ordezkarik esan dute Ukrainako errefuxiatuak gu bezalakoak direla: zuriak, klase ertainekoak, heziak eta zibilizatuak. Automatikoki, hauxe esaten dute: ukrainarrei bai, baina gainerakoei ez. Are gehiago, ukrainarrei harrera egiten diete, eta gainerako asilo eskatzaileei, aldiz, ez zaie jaramonik egin. Eta haiek ere harrera bermatua izateko eskubide bera dute, gure legeek eta asilo politikek ezartzen duten bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.