Koronabirusa. Aiora Zabala. Ingurumen eta Politika Ekonomiako irakaslea

«Aukera ezin hobea dugu politika sortzaileak abiatzeko»

Zabalaren ustez, COVID-19aren izurriak agerian utzi du beharrezkoak direla ekonomia «erresilientea» eta trantsizio ekologikoa. 'COVID-19 osteko EH manifestua' eguneratu dute, gizartean eztabaida sustatzeko.

MASAKI NOGUCHI.
edurne begiristain
Gasteiz
2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Joan den maiatzean, mundu osoa koronabirusaren izurriaren lehen olatuak irentsita zegoenean, Euskal Herriko komunitate zientifikoak COVID-19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde manifestua kaleratu zuen. Krisiak agerian utzitako arrakalez eta gabeziez jabetuta, norabide aldaketa baten beharra aldarrikatu zuten adierazpen hartan. Zortzi hilabete igaro dira, eta, izurriak bidean utzitako irakaspenak aintzat harturik, gogoeta hura eguneratzea erabaki dute. Manifestua sustatu duten akademikoetako bat da Aiora Zabala (Irun, Gipuzkoa, 1982), eta argi dauka iritsia dela gizartea eta ekonomia «berreraikitzeko» garaia.

Zer aldatu da maiatzean manifestua atera zenutenetik?

Gauza asko ikasteko eta ikusteko aukera izan dugu: badakigu ekonomia berreraikitzeko zein behar ditugun, krisi honek zer-nolako tamaina duen eta izan dezakeen,aire kutsadurak gure osasuna hondatzen duela, eta birus batek gure ahuldadeak azaleratu dituela. Maiatzeko manifestuan jaso genituen bost puntu horiek zabaldu, hilabete hauetan jaso ditugun irakaspenak mahai gainean jarri, eta eztabaida bultzatzea da gure asmoa. Orain oso ataka inportantea dugu: ekonomia gelditu egin da, gauzak abiadura handiz aldatuz doaz, eta gizartea eta ekonomia berreraikitzeko oso garai garrantzitsuan gaude.

Zergatik?

Bigarren gogoeta hau une garrantzitsu batean dator, Europak esleitutako funtsak bideratzeko eztabaida pil-pilean dagoelako. Erabakiak hilabete gutxitan hartuko dira, eta diru kopuruak berealdikoak izango dira. Aukera ezin hobea dugu politika sortzaileak martxan jartzeko. Beraz, gizartearen parte hartzea bizitu nahiko genuke; besteak beste, ongizatea eta naturarekiko harreman hobea dakartzaten egitasmoei lehentasuna eman diezaiegun. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu gizarteak funts horiek eta berreraikuntza plan horiek ezagutzea eta bere iritzia ematea. Gobernuek aurkeztu dituzten planak oso zabalak dira, eta gizarteak proposamen horien inguruko gogoeta egin behar du: dirua inbertitzeko modurik egokiena ote da? Ongizatea gehien hobetuko duten politikak al dira? Zer gehiago egin dezakegu?

Manifestuan diozue COVID-19aren olatuek erakutsi dutela sektore ekonomiko erresiliente bat behar dela. Zer esan nahi duzue?

Ekologiatik datorren kontzeptuaekonomiara aplikatuz gero, esan nahi du sistema batek kanpotik datozen eta espero ez diren shock batzuei aurre egiteko gaitasuna duela, eta bere funtsezko ezaugarriei eusten diela. Gaur egun ekonomia barne produktu gordinean, kapitalean eta aberastasunean oinarrituta dago, eta, sarritan, ez du gaitasunik kanpotik datozen aldaketei egokitzeko. Horregatik diogu ekonomia erresiliente bat behar dugula, hazkundean oinarritzen denetik harago doana.

COVID-19aren izurriak erakutsi du gizakiaren eta naturaren arteko harremana orekatzen ez badugu ongizatea gal daitekeela. Egungo eredu ekonomikoari zapata ekologikoak janzteko garaia da?

Gizartearen eta naturaren arteko harremana birpentsatu behar dugu, hobetu behar badugu. Ekosistema naturalarekiko harremana nahiko suntsitzailea da, eta birusa nondik etorri den ikusi besterik ez dago. Naturarekiko harremana halakoa delarik, shock gehiago etor al daitezke? Klima aldaketa gauza ziurra da, baina beste birus batzuk etor daitezke. Naturarekiko harremana hobetu beharra daukagu, ezinbestean.

Trantsizio ekologikorako urratsak egitea proposatzen duzue: besteak beste, zerga sistema berdea sustatzea.

Fiskalitatea ingurumenaren errespetuan oinarritu beharko litzateke. Fiskalitate berdea ezartzeko modu asko daude: horietako bat da, adibidez, CO2 isurketak sortzen dituzten produktuen gainean zergak ezartzea. Fiskalitate berdea eremu askotan zabaldu daiteke: adibidez, enplegua sustatzeko diru laguntza eta neurri fiskaletan lanpostu berdeak lehenets daitezke, edota transferentzia fiskal ekologikoak ezar daitezke.

Mugikortasun iraunkor baterako pausoak proposatu dituzue, eta hurbileko garraioarenaldeko inbertsioak lehenestea ere iradoki duzue. AHTaren gisako proiektuak albo batera uztearen aldekoak zarete?

Argi dago Euskal Herriak mugikortasunarekin lotutako arazo bat duela, eta konponbidea bilatzeko dauden aukerak eta horiek martxan jartzeko baliabideak mahai gainean jarri behar direla.Inbertitu nahi dugu azpiegitura handi batean ala tokian tokiko proiektuetan? Zer inbertsiok hobetuko du gehien gizartearen ongizatea? Galdera horiei erantzun behar zaie. Enfasi handia jarri da azpiegitura handietan, eta, akaso, garapen ekonomikoa eta hazkundea ekarriko dituzte, baina gizartearen zati baten beharrak alboratu egingo dituzte. Jende askok mugikortasun arazo handiak ditu egunero, eta horiek ez dira horrela konponduko. Eztabaida horri heldu behar zaio Europako funtsak aztertzen ditugunean. Eztabaida horretan berebiziko garrantzia ematen zaie berrikuntzari eta teknologiari, baina, tokian tokiko beharrak aztertuz gero, gaur egun dagoen arazo handi bat da jendea ibilgailuaren menpeko bizi dela, eta teknologia berrietan inbertitzeak ez ditu arazo horiek konponduko.

Krisi «multipolar batean» bizi garela diozue, eta ataka historiko batean gaudela. Eredua aldatzeko abagunea da?

Garai honek aukera ezin hobea eskaintzen digu behar ditugun aldaketak eragiteko. Orain ez badugu aldaketarik gauzatzen, klima aldaketari aurre egitea askoz zailagoa izango da. Pandemiarekin mugimendu oso politak eta aspaldi ikusi gabekoak sortu dira gizartean, elkartasun sareak adibidez, eta hori guztia erabili behar dugu aldaketa eragiteko.

Maiatzean kaleratu zenuten manifestuak bide oparoa egin zuen: bat egin zuten ia 800 ikertzailek eta zientzialarik, 200 eragilek eta milaka norbanakok. Eztabaida gizartean zabaltzeko, zer aukera ikusten duzu?

Oso positiboa da Euskal Herrian hainbeste jende egotea ideia progresistak bultzatzeko prest, kolore guztietakoak, gainera. Zientzialarien artean ohikoa da beste eremuetako zientzialariekin elkarlanean aritzea, baina manifestu honek jaso duen babesarekin ikusi duguna da gizartearen sektore zabal batek ere eztabaida honekin bat egin dezakeela. Guk manifestuan jasotako ekarpenak inspirazio iturri gisa erabiltzea nahi dugu, gizarteak norabide honekin egiten badu, aldaketak susta daitezkeelako. Trantsizio sozioekologikoa ez da gobernuek bakarrik egin dezaketen gauza bat: denon artean egin behar dugun zerbait da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.