Kike Amonarriz. Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria

«Euskaraldiko egunik garrantzitsuena biharamuna da»

Ariguneak izan dira euskaraldiaren berritasun nagusia, eta Amonarrizen ustez «sekulako oinarria eskaintzen dute aurrerapauso esanguratsuak emateko». Euskararen erabilera indartzeko dinamikak ere espero ditu.

GORKA RUBIO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Euskaraldiak izan duen erantzunarekin gustura dago Kike Amonarriz (Tolosa, Gipuzkoa, 1961) Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria. «Egin da, eta hori bada garrantzitsua». Pandemia betean egonda, eta euskal hiztun komunitatea zenbatekoa den jakinda, 180.000 pertsonak parte hartu izana «ikaragarria» iruditzen zaio. Horregatik, lehen balorazio oso positiboa egin du.

Euskaraldiak balio izan dizu hizkuntza ohiturarik aldatzeko?

Balio izan dit jabetzeko non ditudan zailtasunak. Nahiz eta nire egunerokoan euskaraz bizi naizen, ohartu naiz erdaraz ohituraz egiten dudan pertsonekin euskara gehiago erabili dezakedala.

Euskaraldian parte hartu duen pertsonaren profila honakoa izan da: 30-44 urte arteko ahobizi emakume gipuzkoarra. Zer esaten dizu horrek?

Erakusten digu erradiografia oso erreal bat, eta adierazten dizkigu gehiago jorratzeko esparruak. Emakumeen presentzia askoz nabarmenagoa da euskalgintzan, eta horrek eraman behar gaitu hausnarketa batera. Badago gai horrekiko kezka, eta eragile asko ari gara hausnartzen horri buelta nola eman. Gipuzkoaren nagusitasuna ez da harritzekoa hizkuntzaren egoera soiziolinguistikoa aintzat harturik. Gipuzkoari badagokio motor izatea, eta aurretik joatea. Pello Jauregik Abbadia saria jaso zuenean, esan zuen Gipuzkoak bere buruari jarri beharko liokeen helburua dela lurraldea arigune bilakatzea. Azkenik, sakon jorratu behar da belarriprest gehiagorengana nola iritsi.

Zuk esana da: Euskaraldiak erakutsi behar zuela euskaraz bizitzeko hautua egin duen gizarte bat badagoela. Hala izan al da?

Nik uste erakutsi dela. Egin kontu 180.000 pertsonak eman dutela izena, eta badakigu parte hartzaileak gehiago direla. 25.000 arigune ere sortu dira egoera honetan. Ez gara ari euskararen aldekotasuna erakutsi duen jendeari buruz, baizik eta euskararen erabilera indartzeko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko konpromisoa hartu duen jendeaz. Zaila izango da lortzen gizarte honek hizkuntzarekiko duen konpromisoaren inguruko agerkide argiagorik.

Elkarrizketa batean esan zenuenez, Euskaraldiaren eraginez ez bada aurrerapausorik ematen, ariketak zentzua galduko luke. Zer espero duzu orain?

Euskaraldiak zentzua du erabilera indartzen den neurrian, eta erabilera indartzeko dinamikak sustatzen dituen neurrian. Hori da Euskaraldiaren funtsa. Hor pedagogia sozial handi bat dagoela uste dut, adierazten duena oso modu argian hizkuntza biziberritzearen prozesua denon ardura dela. Gure arteko indarrak zenbat eta gehiago metatu, orduan eta emaitza hobeak izango ditugu. Hemen lotutakoari, gainera, segida eman behar zaio, Euskaraldiko egunik garrantzitsuena biharamuna baita. Orduan eman behar zaie segida izandako lorpenei.

Zer aldaketa behar da hizkuntza politiketan?

Aurten ariguneak jarri ditugu martxan, eta sekulako oinarria eskaintzen dute aurrerapauso esanguratsuak emateko. Euskararen Aholku Batzordean izan den lehen bileran hizkuntza politiketako arduradunek argi adierazi zuten EAEn indar berezia jarriko dela arlo sozioekonomikoan eta ingurune digitalean.

Euskararen Eguneko adierazpen instituzionalean autokritika egin dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek, pandemia garaian hizkuntza erabileran hutsuneak egon direla onartuz. Egoerak euskararen ahulguneak agerian utzi ditu?

Bai, eta hausnarketa hori egin genuen bere garaian. Gobernuak berak onartu izana ere sintoma on bat da, horrek adierazten baitu denok bat gatozela egindako diagnostikoan. Espero dezagun balioko duela hutsune horiek lehenbailehen konpondu daitezen.

Zure ustez, zer indargune nagusi ditu Euskaraldiak?

Euskaraldiaren bi oinarri daude oso indartsuak direnak: bata da Euskal Herri osora begirako ariketa izatea, eta errealitate soziolinguistiko denak hartzen dituela bere baitan; eta bestea da elkarlan erraldoi bat izatea. Bertan gaude Topagunea, euskalgintza guztia, herritarrak eta euskal erakunde guztiak. Sentsibilitate denak asmo bateratu batera bideratzea oso aberasgarria da, eta indar metaketarako prozedurak zein beharko luketen erakusten digute. Gobernantza eredu berriez ari garenean, Euskaraldia bada eredu berri horien gauzatze praktikoa. Fintzen joan behar dugu, baina erakusten dizkigu bide honen onurak eta zailtasunak.

Elkarlan horrek mugatu dezake eskatzaile izateko aukera?

Ez. Beharbada, moduak eta metodoak aldatzeko aukera ematen du. Gure aldarrikapenak izaten jarraitzen dugu, eta une bakoitzean aztertzen dugu nola bideratu.

Euskaraldian zehar ikusi dira ahobizi-ak hedabideetan gazteleraz hitz egiten. Eztabaida eragin du horrek sare sozialetan...

Positiboa da kritikak egotea, eta eztabaidak egotea, baina badira zalantza batzuk, hurrengo ediziorako findu beharko direnak. Egia da batzuetan egon direla kontraesan horiek, eta rolak eskatzen duena baino gehiago ere eskatu izan da. Baina iruditzen zait eztabaida horiek aberasgarriak direla. Pentsatu behar dugu, gainera, ariketa batean hainbeste pertsona ari direnean parte hartzen, halakoak gertatzea normala dela.

ETBk egin beharko luke hausnarketarik? Gaztelerazko katean apenas sumatu den Euskaraldiaren eraginik.

Aspaldi esan izan dut, eta esan izan dugu, ETBk egoera soziolinguistiko berrira egokitu behar duela. Eta horrek esan nahi du hizkuntza bakoitzak ETBn jokatzen duen papera berraztertu behar dela. Euskarari lehentasuna eman behar zaio, eta horren barruan oso sakon aztertu behar da zein den ETB2ren rola hizkuntza normalizazioan. Horrek eskatzen du euskararen ikusgarritasuna handitzea.

Iruditzen zaizu elkarrizketa elebidunetan erreferentzialtasuna hartu beharko lukeela?

Euskaraldiak hizkuntza praktika berriak planteatzen dituen neurrian, komunikabideetan ere praktika berri horiek isla izan beharko lukete. Azpidatziekin edo bikoizketekin, gaur egun jokatzen den baino gehiago jokatu genezake, eta era horretako elkarrizketa elebidunak euskararen presentzia handituko zuten.

Hurrengo Euskaraldira begira, zer lanketa dago egiteko?

Gure balorazioak egin beharko ditugu, eta horien arabera hurrengo Euskaraldia diseinatzen hasi. Topagunearen aldetik, oso garrantzitsua da herrietan sortu den mugimendu hori egonkortzea. Nahiko genuke Euskaraldiaren inguruan sortu diren talde horietatik talde egonkorragoak sortzea Euskaraldiaren antolaketari begira, baina baita herri, auzo edo eskualdeetako hizkuntza biziberritze prozesuari begira. Euskararen aldeko herri mugimendu gero eta indartsuagoa izan, hizkuntzaren biziberritze prozesua indartsuagoa izango baita. Horrez gain, ariguneetan sortu den potentzialitate guztiari segida eman beharko zaio erakundeetatik, udaletatik, eta baita euskara elkarteetatik ere. Nola lortu ahalik eta etekinik handiena, hori izango da etorkizuneko erronka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.