Luis Fernando Lopez Martinez. Psikologoa

«Prebentzio asmoekin zabaldu behar da beti pairamendua»

Beren buruaz beste egitekotan dabiltzanentzat, eremu oso ahaltsuak dira Interneten gaiaren inguruan dauden guneak: heriotzara bultzatzeko, edo bizitzari eusteko helduleku bat topatzeko. Lopez Martinezek aztertu ditu.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
arantxa iraola
2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Suizidioa, komunikabideak etasare sozialak jardunaldia egin zuten atzo Aidatu suizidiologia elkarteak antolatuta, Bilbon. Solaskideen artean, Luis Fernando Lopez Martinez psikologoa egon zen (Jerez de la Frontera,Espainia; 1981). Sare sozialen arloaz jardun zuen, ikerketa ugari egina baita alorrean, ondorio artegagarriekin: izan ere, suizidioa, bizitzako gainerako alor ia guztiak bezala, presente dago Interneten, eta modu aski arriskutsuan maiz.

Sare sozialek egun duten presentzia izan aurretik, beren buruaz beste egiteko asmotan edo pairamendu egoera latzetan zeuden pertsonentzat zailagoazen egoera berean zeudenekin harreman joria izatea. Egun, klik batekin elkartu daitezke...

Bai, izan ere kanal oso ahaltsuak dira elkarren berri izateko, eta, areago, beren buruaz beste egiteko burutazioa nola gauzatu dezaketen lantzen joateko ere bai. Elkarri konta diezaiokete, adibidez, zer baliabide erabil ditzaketen beren buruaz beste egiten saiatzen direnean inork ez harrapatzeko, edo zer medikamentu mota har ditzaketen... Horrek, jakina, burutazioa hauspotu egin dezake.

Gainera, giro horretan, beren aterabide bakarra burutazio hori gauzatzea dela sentitzeko aukera handitu egiten da, ezta?

Hain justu, hori gertatzen da. Sare sozial batean burutazio horrekin dabiltzan hainbat pertsona batzen badira, elkar elikatu egiten dute, eta arriskua handitu egiten da. Askotan, gainera, ez dira aparteko foro bereziak behar izaten halako mezuak zabaltzeko. Halako burutazioei buruzko hariak gara daitezke edozein txatetan. Zenbaitetan, gaiarekin loturarik ez duten foroetako txatak izaten dira: ezagutza orokorrarekin lotutakoak, automobilekin...Eta, jakina, sarri halako foroetan sartuta jendeak sentitzen du suizidioaren burutazioa guztiz zilegi dela: areago, ezinbestekoa dela.

Beraz, arriskutsuak dira?

Zalantzarik gabe, bai. Pairamendu egoera oso handian dagoen pertsona bati, sufrimendu horren zilegitasuna onartu behar zaio, baina gero laguntza ematen ez bazaio, laguntza terapeutiko batean irtenbide bat erakusten ez bazaio, hauspotu egiten da pertsona horren suizidio arriskua.

Deus egin daiteke sarean halako foroak egotea saihesteko?

Kontzientzia handitu behar da: gobernuena, elkarteena... Ulertu behar da suizidioaren errealitatea gizarte digitalean ere hortxe dagoela. Benetako kontzientziazioa behar da horren harira, eta lege erreforma bat lortu behar da, esaterako, halako eremuetan diharduten moderatzaileen zigorra ekar dezakeena, edota suizidioa sustatzen ari diren web orrialdeen itxiera. Legearen erreforma sakon bat behar da horretarako.

Zure hitzaldietan suizidiorako deia egiten duten bideo eta abestiak aurkezten dituzu, saretik hartutako edukiak. Gordinak dira, baina esku-eskura daude.

Instagramek aste honetan bertan suizidiora edo autolesiora bultzatzen duten 900.000 argazki baino gehiago erretiratu ditu. Facebook ere adi dago gaiokin; egoera animikoak atzemateko algoritmo zenbait ere erabiltzen ari da bide horretan. Baina behin eduki bat sarean jarrita, oso zaila da haren arrastoa guztiz desagertzea. Sare sozial batean, eduki jakin bat, minutu bakar batean milaka pertsonak ikus dezakete, hartu egin dezakete, berriz kargatu... Orri bat itxi daiteke, edo, kontu bat, baina oso zaila da sarean jarrita dagoen zerbaiten hedapena guztiz geratzea. Horregatik, jendea herritar digital izateko ere heztea giltzarri da, eduki horiek ez sarera heltzeko...

Eta ez barra-barra hedatzeko...

Pairamendua zabaldu behar da, baina prebenitzeko asmoz beti: laguntzeko. Albora utzi behar da gizarte hau usu biltzen duen morboa. Izan ere, maiz edukiak zabaltzen dira morbo hutsez, laguntzeko asmorik gabe.

Zer egin daiteke prebentzioaren arloan pausoak emateko?

Asko dago egiteko. Katuka gaude oraindik: oinez hasteko. Prebentzioa nola egin aztertzeko, esaterako, ikerketa falta handia dago. Sare sozialek benetan duten eragina zein den aztertu behar da, eta zer egin daitekeen burutazio horiek dituzten pertsonei laguntzeko. Izan ere, sarritan entzunak izatea garrantzitsua da halakoentzat; beren pairamendua aintzatestea, horri buruz mintzatzeko aukera ematea. Jakina, haren mezua arduraz jasoko duen pertsona bat behar du ondoan.

Sare sozialak tresna ahaltsuak izan daitezke horretarako...

Dudarik gabe. Gida espezifikoak egin behar lirateke, hedabideetan eta sare sozialetan dauden moderatzaileak arduratsuak izateko, eta, halako arazoren batekin pertsona batek hari bat ireki orduko, erantzun egoki bat emateko.

Internet bidez proposatzen diren zenbait desafioren ondorioz suizidioak ere egin izan ohi direla kontatzen duten albisteak heltzen dira noizean behin. Benetako arriskua al dira?

Halakoekin, usu, jendeak bere burua nabarmendu besterik ez du nahi izaten. Gustatzen zait delakoen diktadura dago maiz horien atzean. Jendeak benetan gauza arriskutsuak egiten ditu zenbait eduki biral bihurtzeko ahaleginetan.

Baina badira propio pertsona baten suizidioa ekar dezaketen desafioak ere sarean, ezta?

Balea urdinaren desafioa deitua hortxe dago. Edo orain badago desafio bat zeinean nerabeek probatzen duten oxigenorik gabe zenbat irauten duten; hildakoak eta dena izan dira horren ondorioz. Garrantzitsua da ume, guraso eta irakasleak heztea: hori hor dagoela azaldu behar zaie.

Gustatzen zait delakoen diktadurari mugak ipintzeko...

Nerabeekin harremana izaten dut kontsultan. Benetako mendekotasuna dago teknologia berriekin. Aintzat hartua izateko nahia dago horren atzean: talde bateko kide izatekoa, ikusia izatekoa. Nerabezaroan, hazteko bidean, garrantzitsua da hori, eta gustatzen zait bat oso garrantzitsua da haientzat .Mendekotasun sortzailea da hori, eta beren buruari sare sozialetan eskatzen dioten errekerimendu mailari eusteko, usu, gero eta helburu handiagoak jarri behar dituzte; mutur gero eta muturrekoagoetara jo behar dute, zer eta autoestimu digital horri eusteko, austoestimu faltsu horri. Aintzat hartu beharrekoa autoestimua da, baina beti egon behar du aurrez aurreko harremanek dakartenaren azpitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.