Koronabirusa. Jon Irazusta. Fisiologian katedraduna

«Kirola mesedegarria da COVID-19 kasu hain larriak ez izateko»

Pandemiaren ondorioz, biztanleriaren bizitza aktiboak behera egin du nabarmen, eta horrek osasunari kalte egin diezaiokeela adierazi du Irazustak. Jarduera fisikoa egitearen garrantzia azpimarratu du.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Pandemiak ezarritako murrizketa agerikoenak mugimenduarekin lotuta egon dira, eta horrek eragin zuzena izan du, ezinbestean, jendearen bizimodu aktiboan. Sedentarismoak gora egin duela ondorioztatu du Fisiologia katedradun Jon Irazustak (Donostia, 1964) EHUk beste hamasei unibertsitaterekin egindako ikerketa batean; eta bizimodu aktiboa indartzeko proposamenak egin zituen joan den astean EHUk eta Bidebarrieta Kulturguneak Bilbon antolatutako hitzaldi batean.

Pandemia garaian sedentarismoak gora egin duela ikusi duzue.

Pandemiaren lehen bi hilabeteetan, etxean itxita geundenean, izugarri egin zuen gora sedentarismoak. Espainiako Estatua izan da munduan sedentarismoa gehien handitu den estatuetako bat, eta pentsatzekoa da Hego Euskal Herrian antzerako datuak izango direla, baldintzak berdinak zirelako. Izan ere, egoerak zailtasunak ekarri ditu aktibo mantentzeko: hasieran, etxetik ateratzea debekatuta zegoelako ezinbestekoak diren gauzak egiteko izan ezik. Ondoren, jarduera asko bertan behera gelditu ziren: pertsona nagusien ariketa fisikorako programak, umeen eskola kirola... Eta zenbaitek beldurra zuten etxetik ateratzeko, batez ere nagusiek. Oro har, ez dugu lehengo bizimodu aktiboaren maila lortu. Batez ere gizatalde jakinetan: nagusienak, gaixotasun kronikoak dituztenak, ekonomikoki okerrago daudenak...

Eta, hain justu, biztanleriaren zati hori da zaurgarriena COVID-19a larri pasatzeko, ezta?

Zalantzarik gabe. Hori da sortzen den arazoa: ez dira etxetik ateratzen ez kutsatzeagatik, baina, era berean, ahuldu egiten dira, eta horrek eragiten die zaurgarriagoak bihurtzea. Horri konponbide bat eman beharko genioke.

Bizimodu aktiboak zer onura izan ditzake COVID-19ari aurre egiteko?

Frogatuta dago jarduera fisikoak onurak sortzen dituela immunitate sisteman bertan, eta agerikoa da COVID-19aren aurka ere horrela izango dela: besteak beste, egoera fisiko hobea dutenek gaixoaldia arinago pasatzen dutelako. Luzera begira, ikusi da hipertentsioak, obesitateak, diabetesak eta tankera horretako gaitzek eragin dezaketela larriago pasatzea birusa. Eta, hain zuzen ere, jarduera fisikoak balio du horiei aurre egiteko, horiek prebenitzeko: eta, ondorioz, kirola mesedegarria izango da COVID-19aren kasu hain larriak ez izateko.

Fisiologikoki soilik ez, mentalki ere badu eragina jarduera fisikoak?

Bai, frogatuta dago jarduera fisikoa egokia dela antsietateari eta estresari aurre egiteko. Hain zuzen ere, oro har, gora egin dute horiek, eta gizartearen aldarteak okerrera egin du. Biztanleriaren antsietatea handia da oraindik ere. Uste dugu egungo egoeran ere eragin positiboa izango duela kirolak. Izan ere, gure ikerketan unibertsitate ikasleak galdekatu ditugu, eta ikusi dugu pandemian zehar jarduera fisiko gehiago egin dutenak izan direla antsietate gutxien izan dutenak.

Murrizketekin ere kirola egiteko erak badaudela diozu.

Bai, eta berriak ere sortu dira. Punturik garrantzitsuena da jarduera fisikoa aire zabalean egitea sustatzea. Argi izan behar dugu pertsona batek jarduera fisikoa aire zabalean egiten duenean, bakarrik edo bere burbuilako norbaitekin, kutsatzeko arriskua oso txikia dela. Pandemiaren kudeaketa oso ona izan duten herrialde askok, Zeelanda Berriak esaterako, kanpoan jarduera fisikoa egitea baimendu zuten hasieratik.Bestalde, ikusi da etxean ere hainbat aukera daudela. Gazteek gero eta gehiago erabiltzen dituzte YouTube eta antzerako sare sozialak, adibidez, jarduera fisikoa egiteko. Ondo legoke horrelako baliabideak ez izatea bakarrik gazteentzat, baita nagusientzat edota ekonomikoki eta sozialki zaurgarrienak direnentzat ere. Hor dago arrakala digitala, eta nolabait hori gainditzeak ekar ditzake onurak pertsonek jarduera fisiko gehiago egin ahal izateko. Esaterako, EiTBk Adinberri izeneko programa jarri zuen martxan, adineko jendeak ariketa fisikoa eta erlaxazio ariketak egiteko. Horrelako egitasmoak oso positiboak dira, pertsona horiek telebista asko ikusten dutelako, gazteek baino askoz gehiago orain, eta bide bat da beren etxean jarduera fisikoa egiteko.

Zer gehiago egin daiteke ariketa fisikoa sustatzeko?

Oso garrantzitsua da gazteen funtzioa adinekoek jasaten duten arrakala hori murrizteko. Esaterako, aitona-amonei edo gurasoei hori gainditzen laguntzea eta, horrela, jarduera fisikoa etxean egin ahal izatea erraztea, teknologia berriak erabiliz. Eta oso ondo legoke gazteek nagusiekin batera ere egingo balute jarduera fisikoa, baliabide horiek erabilita.

Baina, kirola etxean edo kalean egin, eraginkortasuna bera al da?

Tira, ariketarik egokiena egiten dena da. Pertsona batek nahiago badu etxean lasai-lasai ariketa fisikoa egin, beste inork ikusi gabe, hori hobeto dago ezer ez egitea baino. Egia da, bestalde, kalean egiteak eta beste pertsonekin egoteak onura gehigarriak dituela: adibidez, gizarteratzea. Hori ezin da ukatu. Badago ariketa fisikoaren osagai bat, sozializazioa, eta horrek, nolabait, eragin positibo gehiago ditu kalean edo beste pertsonekin batera egiten denean. Eta badago beste ikerketa lerro bat dioena naturan kirola egiteak onura gehigarriak dituela, batez ere buru osasunari begira: depresioa, antsietatea, estresa eta mota horretako gaitzak saiheste aldera. Baina aipatu ditudan horiek gehigarriak dira: kirola egitea da oinarria. Norbaitek ez badu atera nahi, baina gutxienez etxean baldin badauka aukera kirola egiteko, bada zerbait. Esan behar dut batzuk ez direla ateratzen ez dutelako beren burua indartsu ikusten beste batzuekin ateratzeko, edo kirol asko egiteko. Eta, horregatik, nahiago dute etxe barruan egon: aldiz, hasten direnean eta beren burua indartsuago ikusten dutenean, beharbada hurrengo pausoa emateko prest daude. Hori ere kontuan hartu behar da.

Alarma egoerarik gabe, lekualdatzea errazagoa da orain. Aurreikusi dezakezue bizimodu aktiboa berriz indartuko dela?

Bai. Nire ustez, oro har, hori gerta daiteke. Arazoa da, batez ere, zenbait pertsona nagusi nahiko ahul geratu direla: batzuek COVID-19a pasatu dute, eta horrek ahultasuna sortu die. Baina, birusa izan gabe ere, etxean egon dira; ez dira atera, eta horrek ere beherakada nabaria eragin die: eta horri buelta eman behar diogu orain. Ahalegin berezia egin behar da pertsona horiekin. Baina ez bakarrik adineko jendearekin. Eskola kirola ere nahiko mugatuta egon da, eta, oro har, ekonomikoki eta hezkuntzari dagokionez maila altuagoa izan dutenek eutsi diezaiokete jarduera fisiko horri, baina zaurgarrienek zailtasun gehiago dituzte: ezin dute seme-alabekin leku batzuetara joan karga ekonomikoak dituztelako, edo lan asko egin behar dutelako, edo ez dutelako automobilik.. Horrelako egoerak gerta daitezke. Batez ere, populaziorik zaurgarrienari begira jarri behar dugu orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.