Koronabirusa. Eider Alkorta Elortza. Politologoa

«Gizarte langileen higadura emozionala izugarria da»

Pandemiak gizarte eskaerak areagotu ditu: okertu egin da lehendik behar egoeran zeudenen egoera, eta jende berriak jo du gizarte zerbitzuetara. Langileen egoerak ere «gainezka» egin du; baliabideak eskatu dituzte.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Eider Alkorta Elortza politologoa (Azpeitia, Gipuzkoa, 1978) EHUk beste lau unibertsitaterekin egin duen ikerketaren egileetako bat da: Gizarte zerbitzuak eta pandemia: eskaera eta erronka gehiago konplexutasunean. Pandemiak gizarte zerbitzuetan zer eragin izan duen aztertu dute, eta ondorioztatu dute eskaerek gora egin dutela nabarmen.

Ikerketan ondorioztatu duzue gizarte zerbitzuetako egoerak okerrera egin duela. Nolakoa da, bada, orain errealitatea?

Orain arte egin ditugun elkarrizketetan ondorio nagusia izan da, ohiko erabiltzaileek hor jarraitzen dutela, noski, baina soslai berri batzuk ere azaldu direla: egoera prekarioan dagoen jendea, ostalaritzako langileak edo negozio txikiak itxi dituztenak, aldi baterako lan erregulazioan daudenak, etxeko langileak, eta kontraturik gabe lan egiten duten emakumeak eta atzerritarrak.Uste dut, izan daitekeela erabiltzaile mota bat lehen gizarte zerbitzuetara jotzeak lotsa ematen ziona, eta orain egoerak behartuta joan dena.

Hain zuzen ere, jendeak gizarte zerbitzuetara jotzeko zuen lotsa gainditu duela nabarmendu duzue alde positiboen artean. Estigma kentzen lagunduko du krisi egoerak?

Bai, nik uste dut hasiera dela hau. Egia da lekuaren araberakoa dela hori ere. Izan ere, gizarte langileek esaten dute zaila dela beharrean dagoen jendea detektatzea; badago jendea etxean oso gaizki pasatzen ari dena eta zerbitzuetara jotzen ez duena. Eta ez diot bakarrik ekonomikoki; buruko osasuneko arazoak dituztenak ere badaude. Baina, era berean, badago jendea lehen aldiz joan dena gizarte zerbitzuetara, eta hori positibotzat jo dute langileek. Gure kasuan, adibidez, Osakidetzara joateko arazorik ez dugu, baina gizarte zerbitzuak oraindik oso estigmatizatuta daude. Laguntza behar dugula onartzeko lotsa dugu. Osasuna eta hezkuntzaren beharra onartu eta aldarrikatzen dugu, baina gizarte zerbitzuak zer? Horiek ere beharrezkoak dira. Orain, beharragatik, jendea joaten da, eta zabaldu da pixka bat beren lana, eta hori azpimarratzen zuten langileek.

Ikerketa hiri zein landa eremuan egin duzue. Sumatu duzue desberdintasunik bien artean?

Nik elkarrizketak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin ditut, eta izan dudan inpresioa da herri txikietan hobeto edo errazago lortu dutela jendearekin harremanetan jartzea eta jarraipena izatea; eta, era berean, hiri handietan konplexuagoa izan da harreman hori. Dena den, kokapenaren oso araberakoa izan da; arazo komunak badaude, baina gizarte zerbitzuen kokapenaren arabera desberdinak dira. Orokorrenak larrialdikoak deritzenak dira; elikadura, argia, alokairua eta beste.

Langileen euren egoerak ere okerrera egin duela ikusi duzue, eta ondorioak aurreikusi dituzte. Zein ondorio?

Azaltzen dute higadura emozionala ikaragarria dela. Jendea galduta dagoela ikusi dute, eta beraiek gaizki sentitu dira lagundu ezin zietenean. Gainera, langileek beraiek errepikatzen dute beren lana tramitazio bihurtu dela. Batek esaten zuen: «Ni ez naiz gizarte langilea, gizarte tramitatzailea naiz». Presio handiak izan dituzte, eta, ondorioz, beren lana izan da laguntzak ahalik eta azkarrena ateratzea. Baina beste maila bateko esku hartzeak, jarraipen gehiago eskatzen dutenak, edo atal komunitariokoak, bigarren maila batean gelditu dira. Horregatik ere arduratuta daude, laguntzetatik harago egon daitezkeelako beste arazo batzuk detektatzen ez direnak. Beren inpresioa da oso larritzat jo dituzten egoerak landu dituztela, baina beste asko bidean geratu direla. Langileek esaten dute ikasi dutela nola egin gauzak, eta prozedurak malgutu direla. Noski, malgutu dira erabiltzaileen alde, bizkorrago egiteko, baina gero espediente horiek erregularizatzen egon dira hilabeteak. Lan administratiboa handitu zaie. Era berean, beren lanaren oso balorazio positiboa egiten dute; guztiek azpimarratzen dute taldeko lana, zer-nolako esfortzua egin duten. Batzuk etxetik, besteak lantokitik, baina beren esku egon den guztia eta gehiago egin dute. Egia da ez dela lan hori ikusten. Txalotu ditugu osasun langileak eta beste, baina gizarte zerbitzuetakoak beste plano batean geratzen direla dirudi. Beraiek ere ikusten zuten beren lanaren aldarrikapen falta zegoela. Beti esaten dugu mediku eta erizain gehiago behar direla, baina gizarte langile gehiago behar dela ez da horren sarritan entzuten. Eta esaten zuten agian beren lana aldarrikatu behar dutela, eta jende askorentzako zein garrantzitsua den azpimarratu; azken batean, erabiltzaileen harremanera bakarra dira askotan.

Aipatzen zenuten, halaber zenbait langilek telelana atzean utzi badute ere erabiltzaileekin arreta telematikoa dutela oraindik ere. Hori eraginkorra da?

Beraiek aurrez aurreko arta osoaren alde egiten dute; aldarrikatzen dute beren lanaren oinarria direla esku hartzeak, eta hori alboratuta gelditu da. Halaber, programa batzuk ere bertan behera gelditu dira; gazteekin, kalteberatasun egoeran dauden pertsonekin... Diotenez, etxealdian arazo berriak sortu bainoago, lehen zeudenak areagotu dira. Izan ere, etxean harreman oso ona ez duten pertsonek lehen kalera irten eta haizea hartzeko era izaten zuten, baina itxialdian hori egin ezin daitekeenez arazoak areagotu egin dira. Eta buruko osasunean arazoak dituztenen kasuan zer esanik ez, hor ere areagotu egin dira arazoak.

Gizarte zerbitzuetara jotzen duen jendearen artean baliteke gaitasun eta baliabide teknologikorik ez duenik izatea. Arreta telematikoa ezartzeak jende hori bazter utz dezake?

Noski, orain dinamikak aldatu dira, eta ordua eskatu behar da beti. Leku batzuetan hori ez zen egiten lehen, eta jendea zuzenean joaten zen. Askorentzat konplexua da laguntzak telematikoki eskatzea; mundu guztia ez dago trebatuta horretarako.

Langileek aurreikusten dute egoerak okerrera egingo duela. Etorkizuna ez da ziurra?

Beldur dira kutsatuen kurbak goia joko ez ote duen. Bigarren txosten honetan ez dago abenduko elkarrizketarik, urtarrilean galdekatuko ditugu berriz, baliteke orduan berriz agertzea laguntza eskaeren gorakada. Laguntzak administrazio ezberdinek eman dituzte; orain ziurgabetasun egoeran daude, ez dakite noiz arte luzatuko diren. Nahiko argi dute posible dela kutsatuen kurbak berriz ere goia jotzea, eta ez dakite egoerari lotuta egon diren laguntza puntualak izango dituzten aurrerantzean ere: ea enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak hobeto kudeatuko diren, zenbat negozio itxiko diren... Ezjakintasun irudipena azpimarratzen dute maiz, eta, ez dakitenez langile gehiago egongo diren ere, noraezean daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.