Garapenerako lankidetzan ere geldialdia eragin du COVID-19ak. Euskal Autonomia Erkidegoko GKEek erkidegoan zein atzerrian abian dituzten proiektuak etenda daude, «baina lan bolumena ez da murriztu, behar eta eskaera berriak daudelako», erakundeotako koordinakundeko bozeramaile Esther Calvok azaldu duenez (Getxo, Bizkaia, 1976). Elkartasuna da erantzuna lelopean, kanpaina bat jarri dute martxan, lankidetzaren eta elkartasunaren balioa nabarmentzeko. «Krisialdi honetatik ateratzeko modu bat dira».
Lankidetzak gorabehera handiak izan ditu beti finantzaketan. Zuen ustez, laster edo luze gabe, osasun larrialdiak halakorik eragin dezake?
Sumatzen dugu kezka bat. Azken egunotan gauza askotarako diru laguntzak atera dira, eta diru hori lekuren batetik atera behar da. Aurreko krisietan ere ikusi dugu lankidetzarako diru sailak nahiko galkorrak direla, eta hortik egiten direla murrizketak. Hori izan da beti gure borroka. Izatez, oraindik ez ditugu berreskuratu 2008 aurreko finantzaketa kopuruak; beraz, beldur hori badago. Lankidetza ez da karitatea, ez da sobran duguna ematea; gure aldarrikapena da aurrekontuaren %0,7a bideratzea, hau da, portzentaje bat: diru gutxiago badago guri ere gutxiago helduko zaigu. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak, adibidez, %0,34 ematen digu, beraz, oso urrun gaude.
Lankidetzarako GKEek talaia berezia duzue egungo osasun krisia aztertzeko, mundu osoan eragiten ari baita. Zer adierazten digu horrek globalizazioaz?
Krisi honek erakusten digu arazoak globalak direla, eta, beraz, konponbideak ere globalak izan behar direla. Eta elkartasuna hori bultzatzeko modu bat da. Itxita egon arren, keinu asko ikusten ari gara: txaloak, auzokideentzat erosketak egitea... Hemendik guztiok atera behar gara, elkarrekin. Izan ere, beste auzi batzuk ere badauzkagu esku artean: klima aldaketak, adibidez, erakutsi digu interdependenteak eta ekodependenteak garela, eta horren aurkako politikak mundu mailan diseinatu behar ditugula; beraz, ezin gara bizi horri bizkarra emanda. Azken batean, herrialde pobretuetako egoera gure ardura da: bizi izan gara kontuan izan gabe zer arrasto uzten dugun halako herrialdeetan. Kezkatuta gaude pandemia globala delako eta gure eguneroko bizimoduan eragina izan duelako, baina Afrikan askoz eragin handiagoa izan dute malariak edo ebolak, eta ez dute gurean kezka handirik sortu, uste genuelako ez zirela hona iritsiko.
Zer mezu heltzen ari zaizkizue proiektuak dituzuen herrialdeetatik?
Baliabiderik gabe daudela: «Gaixotasuna iritsi baino lehen heldu zaigu gabezia». Herritarrak etxera bidali dituzte, baina batzuek egunero atera behar dute kalera ogiaren bila; beraz, jende asko ari da konfinamendua hausten. Leku batzuetan, adibidez, El Salvadorren, kalera irteten direnak zentro itxietara eramaten dituzte; kezkagarria da giza eskubideak are gehiago murriztea herrialde batzuetan, segurtasunaren eta osasunaren izenean. Bestetik, han ere izango dute krisialdi ekonomikoa; hemen gogorra izango bada, pentsa zer izan daitekeen herrialde pobretu batean, kanpo zorrak itota, egiturazko ahultasunarekin, zerbitzu publikoak bermatzeko ia inbertsiorik gabe...
Genero ikuspegitik lan egiten dute GKE askok. Indarkeria matxista areagotzen ari da?
Kezka handia dago horren inguruan: emakumeak hainbeste denboran erasotzaileekin itxita egoteak ondorioak izan ditzake, eta gure iturriek diote baietz, indarkeria areagotzen ari direla. Hori leku guztietan gertatzen ari da, baina ez da gauza bera egoera horri aurre egitea erakundeak kontzientziatuta ez dauden herri batean. Adibidez, Hondurastik esan digute salaketa gehiago jartzen ari direla, baina epaitegietan ez dituztela jasotzen; uste dute poliziak negoziatzen ari direla, erasotzaileak etxera bidaltzen dituztela... Zigorgabetasun handia dago.
Krisi global honi aurre egiteko, nazioarteko erantzuna koordinatu beharko litzatekeela esan izan duzue. Nola?
Giza eskubideak oinarri izan behar dira krisi honetatik ateratzeko, bermatu egin behar dira: osasuna, hezkuntza, etxebizitza... Eta horiek bermatzeko, uste dugu mundu mailako plan ekonomiko bat egin beharko litzatekeela, batez ere herrialde pobretuak bazterrean gera ez daitezen. Zelan finantzatu plan hori? Kanpo zorra herrialde horiek itotzen ari da, eta zorra barkatzeak diru asko askatuko luke, herrialde horiek baliabide propioak eduki ditzaten. Guk beti aldarrikatzen dugu lankidetza politika sendoak behar direla, eta politika publikoak koherenteak izan behar direla: gure herrialdeetako politikek ezin dute ondorio kaltegarririk sortu, ez hemen, ez beste leku batzuetan. Izan ere, proiektu polit asko dauzkagu, baina enpresen politika ekonomikoek sekulako kalteak eragiten dituzte. Politika horiek gidatzeko baliabide bat izan daiteke 2030 agenda —nahiz eta gu kritikoak ere bagaren— edo garapen iraunkorrerako helburuak: politika ekonomikoak garatu behar dira iraunkortasunez, berdintasunez eta inklusioz, inor atzean utzi gabe.
Giza eskubideen diskurtsoa, hala ere, auzitan geratu da azken urteetan, adibidez, migratzaileen krisiarekin. Birusarekin batera mundu osoan zabaldu den zaurgarritasun sentsazioak iraul dezake ildo hori?
Hori da gure itxaropena. Geure burua ikusi dugu jausteko arriskuan, baina hala ere, elkartasunarekin erantzun dugu, eta espero dugu itxaropen izpi horrek irautea, eta besteen lekuan jartzen ikastea. Baina badago kontrakoa gertatzeko beldurra ere: nolabait ere gailentzea guk nahikoa dugula gure arazoekin, eta ez dugula zertan besteenez arduratu. Espero dugu 2008ko krisialdiak zer utzi zuen gogoratzea:erantzun ekonomikoak baino ez ziren eman, bankuen erreskateekin eta murrizketekin, eta auzi kolektiboak baztertu egin ziren. Neurri haien ondorioei erreparatuta, agian orain bestelako politika batzuk eskatzeko garaia da.
Esan duzunez, elkartasun sare ugari sortu dira tokian-tokian, egunotako premiei aurre egiteko. Joera horrek iraungo al du?
Ematen du norbere munduan sartuta bizi garela, albokoari gertatzen zaiona ikusi gabe, baina hasieratik halakoak sortu izana oso keinu ona eta adierazgarria da: elkartasuna badago, eta lankidetzarako grina. Egoera honetatik ateratzen garenean, apur bat harago begiratzeko kapazak izan behar genuke, hori aprobetxatuta. Inflexio puntu inportantea izan da krisi hau, eta espero dugu pentsaraziko digula, beste jokabide batzuk behar ditugula ohartuko garela, eta ikasiko dugula.
Koronabirusa. Esther Calvo. EAEko GKEen Koordinakundeko bozeramailea
«Eskubideak oinarri izan behar dira krisi honetatik ateratzeko»
Koronabirusak eragindako krisirako erantzun globala eskatu dute GKEek: mundu mailako plan ekonomiko bat onartzea eta kanpo zorra barkatzea aipatu dute, herrialde pobretuak bazterrean gera ez daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu