Ikertzailea izateaz gain, matematika irakaslea ere bada Uzuri Albizu Mallea (Munitibar, Bizkaia, 1989). Matematika izan da haren ibilbide akademikoko lehen mugarria, eta, orain, Matematika, hezkuntza eta generoa gurutzatzen diren lekuak doktore tesia egin du. Hartan, generoak matematika ikasgeletan zer forma hartzen dituen aztertu du.
Zein izan da tesiaren helburua?
Hainbat ahots baliatuz, matematika hezkuntzan gertatzen diren genero dinamikak aztertzea. Horretarako, batetik, matematika eta zientzia hezitzaileen ahotsak entzun ditut, eta bestetik, nire ikasleenak —Lehen Hezkuntzako Gradukoenak—. Irakasle moduan zerbait eskaini nahi nuen praktikarekin lotuagoa: egunerokoa eraldatzeko abiapuntu izan daitezkeen ideia batzuk.
Zein ikuspegi du gizarteak matematika hezkuntzari buruz?
Hezkuntza sistemetan —eta gizartean, oro har— balio kultural eta sinboliko handia duela esango nuke.
Matematikak badu pribilegio edo prestigio posizioa?
Bai. Bai gizartean, bai eskolan. Aztertutako materialen arabera, gurasoek, hezitzaileek eta irakasleek garrantzi handiagoa eman ohi diote matematikari beste irakasgai batzuei baino. Matematikak, nolabait, badu pertsonen adimena neurtzeko edo epaitzeko gaitasuna: matematiketan edo zientzietan ona bazara, bide horri jarraitu behar diozu. Kontrakoa ere bai: gizarteak ez badizu talentuaren etiketa hori jartzen, eta matematikaren bideari jarraitu nahi badiozu gustuko duzulako, badaude kontrako inertzia batzuk. Adibidez, irakasleek esatea ez zarela hain ona. Hori ondorioetan adierazi eta problematizatu dut. Horren atzean badago ideia bat: hautu akademikoak eta profesionalak errendimenduaren arabera egitea, eta ez hainbeste plazeraren arabera. Plazera erdigunean jartzea aldarrikatzen dut, matematikaren pribilegio posizioa auzitan jartzearekin batera.
Gainera, matematikan ere ez da gauza bera izango emakumea edo gizona izatea, bestela identifikatzea...
Genero estereotipoak sartzen dira jokoan: gizarteak genero bakoitzari ezartzen dizkion rolak, ekintzak edo izaerak, eta horiek naturalizatzen dituzten sineskerak. Ikerketek diotenez, gurasoek eta hezitzaileek joera dute pentsatzeko matematikan mutilek gaitasun handiagoa dutela neskek baino. Arrakasta eta porrota ere desberdin antzematen dira: neska arrakastatsuak langileak dira; mutil arrakastatsuak, berriz, bikainak edo adimentsuak. Nesken artean, porrota adimen gabeziaren edo ezintasunaren erakusgarri da, eta mutilen artean, ordea, nagikeriarena.
Ideia horiek badute eragina emakumeek matematikekin edo zientziekin lotutako ikasketak egiteko erabakian?
Bai. 2017an Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batean ikusi zuten neskak 6 urterekin hasten direla beren adimen gaitasuna gutxiesten. Horrek esaten digu, batetik, oso goiz hasten direla, baina, bestetik, ikasia dela: 4 urterekin ez bada gertatzen eta 6rekin bai, zerbait gertatu zaio ikasleari tarte horretan, ezta? Horrekin lotuta dago genero estereotipoen mehatxua: norberaren taldeari buruzko estereotipo negatibo bat dagoenean gerta daiteke; adibidez, neskek matematika beren identitatetik bereizi nahi izatea. Fenomeno hori identifikatu dut elkarrizketatutako zenbait ikaslerengan.
Neska ala mutila izan, ikasgelako jarrera ere desberdina da?
Parte hartzea asko aldatzen da ikasgela antolatzeko moduaren arabera. Jardun matematikoa talde handietan ardaztean eta parte hartzea erregulatzen ez den bitartean, litekeena da beti pertsona berek —mutilek, zuriek...— parte hartzea gelan. Lana talde txikietan egin eta ikasleekiko intimitate edo gertutasun politikak sustatzen ditugunean, berriz, parte hartzea inklusiboagoa izaten da.
Bide beretik, hainbat inertzia identifikatu ditut ikasgelan. Neure buruarengan: mutilen izenak errazago ikasten eta gogoratzen ditut neskenak baino, lehenago identifikatzen dut matematikarako talentua mutilengan, eta abar. Eta ikasleengan, lanaren banaketa desorekatua sumatu dut: jarduera matematiko edo ludikoetan—puzzle bat, esaterako— mutilak oso solte mugitzen dira, baina jarduera didaktikoetan —idazkari lanetan, adibidez— ez daude hainbeste mutil.
Ikasleek ere desberdin tratatzen dituzte gizonezko eta emakumezko irakasleak?
Bai. Bi autoritate mota bereizi ditut: autoritate formala —irakasle izateagatik dagokiena— eta autoritate epistemikoa —transmititzen duten ezagutzagatik duten sinesgarritasuna—. Bi horiek bananduta planteatu ohi dira. Bestalde, autoritatea historikoki balio maskulinoa izan denez, irakasle gizonei errazago aitortzen zaie autoritate formala emakumeei baino. Horregatik, nire ustez, generoak lotura du gero batari edo besteari aitortzen zaion autoritate epistemikoarekin.
Eta hor ere badaude genero estereotipoak. Ikasleek beren matematika irakasleak deskribatzen dituztenean, harreman hotzak edo gatazkatsuak gehiago agertzen dira emakumezko irakasleez ari direnean. Hezitzaile onaren bi tipologia identifikatu ditut: bata lotuago dago gizonekin —autoritate maila ona, irakasteko gaitasuna, ospe ona...— eta, bestea, emakumeekin —zaintza, eroso sentiarazteko gaitasuna, harreman pertsonalizatua...—.
Zer beste ondorio atera duzu?
Gorpuztasunak matematika hezkuntzan duen garrantzia ere aztertu dut, Judith Butlerren moduko autoreen ideietatik abiatuz, autoritatea performatzen den ideia. Emakumeen gorputza muga moduan agertzen da autoritatearen performancean, baina gizonengan edo gorputz maskulinoetan indartu egiten da.
Zaurgarritasuna ere aldarrikatzen dut. Hau da, nola kudeatzen den huts egitea matematika hezkuntzan. Hutsegiteen parte negatiboa kendu, eta matematikako parte intrintseko bilakatu behar da, eta horrela, zaurgarritasuna erdigunera eraman. Gainera, huts egiteak ikasteko balio digu.
Azkenik, uste dut emakumeak eta beste kolektibo minorizatuak ezin direla matematikan sartu asimilazio prozesuen bidez, baizik eta arloa eraldatuz. Egia da hainbat proiektu abiatu direla emakumeak STEM diziplinetara gerturatzeko, baina, aldi berean, matematika ikasketen nolakotasuna aldatu egin da: gero eta gehiago lotzen da matematika aplikatuarekin eta enpresa munduarekin, horrek dakartzan prestigio eta lehiakortasun ideiekin. Horren harira, gero eta mutil gehiagok ikasten dute matematika, eta neska gutxiagok. Emakumeak hurbiltzeko, matematiken ikuspegi hori auzitan jarri behar da; matematikak beste balio batzuk izan behar dituela aldarrikatzen dut.
Uzuri Albizu Mallea. Ikertzailea eta matematika irakaslea
«Matematikaren pribilegio posizioa auzitan jarri behar da»
Generoak matematika ikasgeletan zer forma hartzen dituen aztertu du Uzuri Albizuk bere doktore tesian. Azaldu duenez, neskak 6 urterekin hasten dira beren adimen gaitasuna gutxiesten: «Ikasia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu