Aitor Bengoetxea. UEU-ko zuzendaria

«Ez dago Euskal Herri osoa eta euskara ardatz dituen unibertsitaterik»

UEUk euskal unibertsitatea du helburu. 50 urteren ostean, aurpegi berri batekin baina xede berarekin segitzen du, Bengoetxearen hitzetan: «UEU baliabide bat da lehenengo 'U' hori erori eta euskal unibertsitatea sortzeko».

JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun

Irakaskuntza, ikerketa eta zabalkundea. Hiru hari mutur horiek josi asmo ditu UEU Udako Euskal Unibertsitatean Aitor Bengoetxeak (Donostia, 1967). Zuzenbide doktoretza egina du EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, eta UEUko zuzendari kargua hartu berri du. Oraingo bideari jarraitzeko asmoa dauka; besteak beste, GOI Goi Mailako Online Institutua indartzen.

Mende erdia bete berritan hartu duzu UEUren gidaritza. Zein dira erronka nagusiak?

Oso pozik gaude GOI Goi Mailako Online Institutuarekin. Formalki EHUren zentro atxikia da, eta irakaskuntza masterra ematen ari gara. Gure asmoa da GOI indartzea. Hiru ezaugarri dituen irakaskuntza lantzea ari gara pentsatzen: bizialdi osokoa, online eta euskaraz. Ikerketa arloan, 2022an lortu dugu lehen aldiz Eusko Jaurlaritzak onartzea UEU formalki ikerketa sareko agente bezala; garrantzitsua izan da. UEU barruan ikerketa batzorde bat ere sortzen ari gara. Hirugarren arloa zabalkundea da: hiru aldizkari ditugu, eta pozik gaude funtzionamenduarekin.

Kepa Sarasolaren lekukoa hartu duzu. UEUren 50. urteurrenean esan zuen egindako bideaz harro dagoela, baina ez konforme. Zu zer emaitzaz zaude harro eta zerekin ez zaude konforme?

GOI indartze prozesu batean dago, eta GOIrekin egin denaz harro nago; ikerketaz ere harro, lortutako aitortzaz eta batzordeaz; eta aldizkariez eta difusioaz ere harro nago. Zerekin ez konforme? UEUk bidea egiten jarraitu behar du. Zein da helburua? Hasieratik markatua dago: euskaraz unibertsitate bat egitea, Euskal Herri osoaren ikuspegiarekin. Momentu honetan ez dago Euskal Herri osoa eta euskara ardatz edukita funtzionatzen duen unibertsitaterik.

Bizirik al dago euskal unibertsitatearen aldeko aldarrikapena?

Ez da bizien dagoen unea, bizien ez dagoen bezala Euskal Herrian kontzientzia nazionala, adibidez. Halere, bizirik dago, eta horren isla dira, besteak beste, batzar nagusia [kargua bertan hartu zuen], han entzundakoak eta UEUk 1.400 bazkide edukitzea.

Zer egin behar da euskal unibertsitatearen ametsa egia bihurtzeko?

Euskal komunitate zientifikoa trinkotu, ilusionatu eta motibatu, euskaraz funtzionatuko duen unibertsitate hori sortzeko. Noski, unibertsitate eleaniztuna izan behar du, hizkuntza guztiek aberasten gaituzte eta. Badaukagu ispilu bat: UOC Universitat Oberta de Catalunya. Akademikoki oso-oso ondo funtzionatzen ari da, katalanez eta online.

Erakundeek badute horretarako borondaterik?

Badirudi UEU egiten ari den lan ona ari dela aitortza jasotzen. EHU erakunde publikoa da, eta GOI zentro atxiki izendatu du. Jaurlaritza ere gure lana aitortzen ari zaigu; besteak beste, ikerketa sareko agente izendatuta.

Kargua hartu zenuenean, esan zenuen UEU beharrezkoa dela. Zertarako?

UEU baliabide bat da lehenengo U hori erori eta euskal unibertsitate bat sortzeko. Nahiko argi dago online unibertsitate batean pentsatzen ari garela. Gainera, UEUk bi hanka ditu: unibertsitatea eta euskalgintza. Euskalgintza familia bat izanda, eta lehiarik ez dagoenez —unibertsitateen artean lehia dagoen bitartean—, uste dut euskalgintzako eragileei egin behar zaiela dei bat elkar zaintzeko eta laguntzeko. UEUk euskalgintza behar du, bere ekosistema da. Eta zer ekarpen egin diezaioke euskalgintzari? Unibertsitate guztiek bezala, definizioz, jakintzaren sorkuntza eta dibulgazioa; kasu honetan, euskaraz. Baita euskararen prestigioa ere. Zergatik? Iruditzen zait gizarteak unibertsitatea asko estimatzen duela oro har. Beti hitz egiten da jakintzaren tenpluaz, eta jakintzaren tenpluak euskaraz hitz egiteak euskara prestigiatzen du.

Unibertsitatean, euskarazko formakuntzari dagokionez, zer pauso eman behar dira?

Desberdintasun itzela dago Euskal Autonomia Erkidegoaren, Nafarroaren eta Ipar Euskal Herriaren artean. Euskal Autonomia Erkidegoan, EHUn euskarazko formakuntza ia-ia bere osotasunean bermatua dago gazteleraren mailan, graduetan betiere. Masterretan, euskararen presentzia oso-oso eskasa da, eta doktoretzetan ere, txikia. Hutsune nabarmena daukagu Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, eta, gure egitasmoak Euskal Herri osoko ikuspegia duenez, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian bide luzea dago egiteko.

Ba al daukazue asmorik NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin proiekturik garatzeko?

Bai. Talde eragilean sartzen den Nafarroako ordezkari berria NUPeko irakaslea da, eta elkarlanean sakondu nahi dugu.

EHUko errektore Eva Ferreirak BERRIAri esandakoa da harremanetan zaudetela online formakuntza euskaraz zabaltzeko. Ba al daukazue proiektu irmorik?

Oso pozgarria da Eva Ferreirak hori esatea. Epe motzera, digitalizazio ikasketak abiatu nahiko genituzke.

Ikerketa al da etorkizuneko beste lan ildoetako bat?

Guretzat, unibertsitate guztientzat bezala, ikerketak berebiziko garrantzia dauka. Diziplinarteko ikerketa batzorde bat ere osatzen ari gara UEUn, eta nahi dugu horrek tentuz heltzea ikerketaren erronkari. UEU bezalako erakunde bat bereziki egokia da planteatzeko herrigintzarentzat, Euskal Herri osoarentzat eta Euskal Herriaren kohesioarentzat interesgarriak izan daitezkeen ikerketa lerroak. Uste dut hori bereziki zaindu behar dugula, gure izaerarekin bat datorrelako.

Zenbateko garrantzia du euskaraz ikertzeak eta ikertzen den hori euskaraz hedatzeak?

Hor badaukagu arazo bat. Bizitza nabarmen merkantilizatzen ari da esparru askotan, eta unibertsitatea ez dago hortik kanpo. Merkantilizazio uholde horretan, jakintzaren arloak berebiziko garrantzia du, eta unibertsitatean merkantilizazioaren arriskua eta gauzatzea errealitate bat da, gauzatze partziala bada ere. Argitalpenen ebaluazioaren sistema berrian, euskara oso gutxietsia da. Zer panorama dauka euskal komunitate zientifikoko ikerlari batek? Karrera akademikoan aurrera egin nahi badu gaur egungo ebaluazio sistemekin, hainbat argitalpen egin behar ditu ingelesez, gazteleraz, frantsesez... Hortik aurrera, gehigarri bat bezala ekiten dio euskarazko produkzioari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.