Jose Luis Bernal. Doktorea pedagogian

«Jardunaldi jarraituak edo zatituak 'per se' ez ditu emaitza hobeak»

Bernalek argi du: jardunaldiak berez ez du zuzenean eragiten eskola emaitzetan; «ondo» antolatzea da gakoa. Uste du familien egoeraren eta zentroaren testuinguruaren arabera aukeratu behar dela jardunaldia.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Jardunaldi jarraitua —eskolak goizez bakarrik ematea— edo zatitua —eskolak goizez eta arratsaldez izatea—. Hezkuntzan tartean-tartean sortu ohi den eztabaida da, eta asteon gai hori izan dute aztergai Iruñean, Nafarroako Eskola Kontseiluak antolatutako Eskola jardunaldia. Hausnarketa eta datuak jardunaldietan. Jose Luis Bernal pedagogia doktorea eta Zaragozako Unibertsitateko irakaslea da (Calatayud, Espainia, 1954), eta eskola jardunaldiak emaitza akademikoetan daukan isla izan du hizpide.

Nola eragiten du jardunaldi motak eskola errendimenduan ?

Hauxe da urregorrizko galdera. Dezenteko arretaz aztertu ditut 1993tik egin diren ikerketa guztiak. Ondorio bat eman diezazuket, eta nahiko argi baieztatu dezaket: per se ez jardunaldi jarraituak, ez jardunaldi zatituak ez ditu emaitza hobeak edo okerragoak eragiten ikasleen errendimenduan. Ikasleen errendimendua ez dago lotuta jardunaldi mota bati. Arazoa ez da jardunaldi mota; arazoa da ondo antolatzea daukagun jardunaldi mota.

Nola antolatu behar da?

Eskola jardunaldiaren egituraketak ikastetxe bakoitzaren testuinguruari erantzun behar dio. Ez dut proposatzen esatea: 'Denek jardunaldi jarraitua, denek jardunaldi zatitua'. Ez. Testuinguruaren beharrei erantzun behar die: familien beharrei —familia kontziliazioa, esaterako, desberdina da landa eremuan eta eremu urbanoan—; daukagun ikasle motari; klimari... Nire ustez, administrazioek nolabaiteko malgutasuna bat eduki behar dute eskola komunitateei baimentzeko eremuaren arabera jardunaldi mota bat edo bestea proposatzea. Jardunaldi bat zein bestea ondo antolatu behar da: ondo egituratu behar dira atsedenerako denborak, jateko denborak, eskolaz kanpoko ekintzen denborak... Ez dago egiteko modu bakarra.

Zer irizpideren arabera erabaki behar da ikastetxe batek jardunaldi jarraitua edo zatitua edukitzea?

Zaila da irizpide jakin batzuk zehaztea. Nire ikuspuntutik, bi edo hiru aldagai edo irizpide egongo lirateke, oso garrantzitsuak direnak. Eskola horretako familiek zer kontziliazio mota daukate? Gehienek 09:00etatik 14:00etara lan egiten dute, edo egun osoan? Nekazaritza edo industria eremu bat den... Beste gako bat da zentroaren testuingurua: testuinguru soziala, kulturala... Gero, beste irizpide bat dago esaten dena beti aplikatu behar dela: ikasleak. Eskolak planteatzeko modua, ordutegia egituratzeko modua... egoki egin daiteke jardunaldi zatituan nahiz jardunaldi jarraituan. Zer eskola jardunaldik erantzuten dio hobeto eremu horretako familien beharrei? Uste dut hori dela irizpide funtsezkoa.Behin jardunaldi mota aukeratuta, antola dezagun ondo.

Familiez gain, irakasleak ere badaude.

Irakasle bati galdetzen badiozu, esango dizu: 'Jardunaldi jarraitua nahi dut'. Horrek ez du baldintzatu behar aukeraketa, ez da aukeratu behar irakasleen interes profesionalarengatik, baina, logikoki, ez ditugu bistatik galdu behar. Ikerketa bat dago 76 irakasleri galdetu zietena —erdiak jardunaldi jarraituarekin zeuden eta erdiak zatituan—, eta saiatu ziren asmatzen irakasle horien osasuna nolakoa zen. Kuriosoa izan zen: lan tentsioa, lan asebetetzea... berdina zen jarraituan eta zatituan, baina atzeman zuten modu nahiko nabarmenean aldartea askoz hobea eta egonkorragoa zela jardunaldi jarraituan. Ez dugu begien bistatik galdu behar.

Ikasleen adina kontuan eduki behar al da jardunaldi mota aukeratzeko?

Uste dut ez dela beharrezkoa, ikasleen adinak ez duela eraginik. [Ameriketako] Estatu Batuetako esperientzia bizi izan nuen duela urte batzuk. Kalifornian jardunaldi jarraitua zuten Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Ez nuen desberdintasunik ikusi; bakarrik, errealitatea, ordutegiak eta jarduerak ikasle motara egokitu behar direla.

Eskolek autonomia eduki behar al dute jardunaldia aukeratzeko?

Hori beste gai konplikatu bat da. Autonomia handiagoa emango nieke ikastetxeei jardunaldi mota aukeratzeko. Zer arazo daukagu? Aragoiko [Espainia] esperientzia bizi izan dut, eta zentro askotan tentsio egoerak izan dira, gurasoen eta irakasleen artean eta, batez ere, gurasoen artean: baietz esaten zuten familiak eta ezetz esaten zutenak. Nik, pertsonalki, proposatuko nuke administrazioek jarduteko eremu bat ezartzea, eta, gero, zentroek autonomia edukitzea erabakitzeko.

Egunean zehar, ikasleak noiz iristen dira errendimenduaren gailurrera?

Horren inguruan zenbait ikerketa daude, baina ez asko. Zentzuzko gauza bat dago: normalean, ikasleak goizez freskoago daude, hobeto mantentzen dute arreta, deskantsatuago daude. Goizeko denbora, jardunaldi jarraituan nahiz zatituan, gehiago aprobetxatu daitekeen denbora bat da. Normalean esfortzu edo arreta handiagoa eskatzen duten eskolak —matematika, gaztelania...— lehenengo orduan jarri ohi dituzte eskolek. Normalean, goizaren amaieran, eta batez ere arratsaldean, nekatuago daude, eta musika, gorputz hezkuntza eta halakoak jartzen dituzte. Ez dago ikerketarik erabat biribila denik. Ikerketak jardunaldi batean nahiz bestean aplikatu daitezke, arrazoizko modu batean.

Jardunaldia edozein dela ere, ordutegia ikasleen beharretara egokituta al dago?

Ez. Haur Hezkuntzan, bai. Zergatik? Normalean, irakasle bera egoten delako egun guztian haiekin. Lehen Hezkuntzan, zentro askotan, ordutegiak egiteko moduaastakeria bat iruditzen zait; ezin da egon 09:00etatik 09:40ra gaztelania, 09:40tik 10:30era matematika... Ezin da egon halako atal itxirik, ez dauka inolako zentzurik. Eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, benetako astakeria bat da: 08:00ak-8:15 aldera sartzen dira; 50 minutuko sei edo zazpi eskola ordu dituzte jarraian; 12, 13, 14 eta 15 urtekoek zortzi edo bederatzi irakasle dituzte; 50 minutuan behin irakaslea aldatu, eta bakoitzak dagozkion gauzak kontatzen dizkie gai erabat desberdinen inguruan... Hori ez da lanerako modua. Ez naiz ari jardunaldi motaz, ordutegi horren antolaketaz baizik, zatituan nahiz jarraituan. Hori aldatu beharko litzateke, hau hezigarriagoa izatea nahi badugu.

Horiek horrela, nola antolatu behar da?

Ikasgaiak ezin dira egon elkarrengandik bereizita, baizik erlazionatuta, ikasleak modu askoz logikoagoan ikas dezan, zentzu handiagoz eta ikasketak erlazionatuz. Irakasgaietarako espazioek ordu eta erdi edo bi ordukoak izan behar dute, eremu desberdinak lantzeko, eta eskoletako dinamika askoz parte hartzaileagoa izango da horietan, irekiagoa...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.