Elikadura portaeren nahasmenduak. Fermin Goñi. Argibide fundazioko psikologo klinikoa

«Gure gizartean dena da kontsumorako gai, baita argaltasuna ere»

Elikadura portaeren nahasmendu kasu ugari artatzen dituzte Argibide fundazioan. Ageriko sintomak artatze hutsaz harago, erroko gabeziei eta arazoei erreparatzeko galdegin du Fermin Goñi arduradun zientifikoak.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko uztailaren 6a
00:00
Entzun

«Ertz anitzeko nahasmenduak dira» elikadura portaerei eragiten dietenak. Egungo gizartearekin eta sistema kapitalistarekin lotu ditu Fermin Goñi psikologo kliniko eta Argibide fundazioko zuzendari zientifikoak (Iruñea, 1979). «Diziplinarteko arta integrala» aldarrikatu du.

Zer dago elikadura portaeren nahasmenduen oinarrian?

Elikadura portaeren nahasmendua kontzeptuak zenbait geruza edo alderdi ditu: alderdi psikologikoa, soziologikoa, neurozientifikoa... Pazienteek beren gorputzari buruz duten irudia distortsionatua egon ohi da, edo ez dute natural ikusten, eta horren oinarrian egon ohi da beldur sentimendu indartsu bat: beldurra gizentzeari edo pisuaren kontrola galtzeari. Koadro diagnostiko horretaz gain, baina, alderdi soziologiko bat dago: pertsona horiek beren identitate osoa eraiki dute pisu baten inguruan. Nolako estimulu soziokognitibo eta emozionalak eraiki ditugu gizartean, norbere irudiaren kontrolean plazera bilatzen aritzeko?

Kasu asko nerabezaroan azaleratzen dira...

Bai, eta ez da harritzekoa, orduantxe ari baikara geure identitatea eraikitzen. Nola egiten dugu hori? Harreman sozioafektiboen bidez. Horregatik, eragin handia dute ingurukoek. Zaurgarritasun sozial handiko garaia da.

Gizarte ereduak ere badu eraginik, ezta?

Erabatekoa. Egungo gizartean garrantzi handia dute kanon estetikoek, lehiakortasunak, kontrolak... Ez baduzu irudi perfektua lortzen, baztertua izan zaitezke. Aurretik beren buruarengan ziurtasunik ez zutenentzat, gerra eremu bat da: edozein isekari edo bazterketa keinuri erantzunen diote hiperkontrolaren bidez: Ezin dudanez kontrolatu besteek nitaz pentsatzen dutena, kontrolatuko dut nire irudia, gizarteak nolabait exijitzen didan hori.

Zein da horren atzean dagoen prozesua?

Disoziazioa. Elikadura portaeren nahasmenduren bat dutenek ez dute beren gorputza propiotzat hartzen. Pisua neurtze hutsa da aldentzen hasteko bide bat: gorputz hori ez da nirea, hortaz, gai naiz arbuiatzeko, zigortzeko, kontrolatzeko... Gorputz hori ez naiz ni, eta berdin dit gainerako guztiak, gorputz horren gaineko kontrolari eusten diodan bitartean.

Badira Interneteko zenbait foro eta sare sozial, zeinetan anorexia eta bulimia sustatzen diren, era ez oso klandestinoan...

Batzuetan kontrakoa badirudi ere, halako mezuak idazten dituztenak sufritzen ari dira. Euren helburua da talde batean onartuak sentitzea, baina era patologiko batean, onespen horrek eraman baititzake desagertzera, hiltzera. Eta are larriagoa dena: egungo sistema kapitalistak posible egiten du hori eta, are, sustatu egiten ditu halako jokabideak. Jarraitzaileak dituzun heinean, edozer saldu dezakezu kontsumorako gai baten gisan. Baita muturreko argaltasuna ere.

Nola hasi halako nahasmenduak artatzen?

Askotan, kasuen larriak asaldatuta, osasun profesionalok joera dugu erremedioak berehala jartzeko eta kontrol neurriak ezartzeko. Batzuetan, ordea, egoera okerragotu dezake horrek. Nik nahiago dut aurretik pazientearekin hitz egin eta ulertzen saiatu: nolako harremanak ditu? Gehiegi exijitzen ari gatzaizkio bizitzan edo ikasketetan? Arazoak al ditu sentimenduak adierazteko? Agian, elikadurarekin duen arazoa da ondoez emozionalak, bazterketa sentimenduak eta bestelako traumak kudeatzeko modu bat. Eta erroko motiboei heldu gabe, nekez konponduko dugu arazoa.

Nola egiten da hori?

Saiatzen gara segurtasuna transmititzen, eta euren konpetentziak eta gaitasunak indartzen, janariarekin izan ditzaketen sentsazio desatseginak hobeki kudeatzeko, beren irudi pertsonala onartzen hasteko... Osatze nutrizionalari soilik erreparatzen badiogu, pertsona hori sendatu dela pentsa dezakegu, baina pentsamendu eta identitate arazoak ez ditugu konponduko, eta litekeena da etorkizunean, estres egoera baten aurrean, portaera horiek berriro azaleratzea.

Zeintzuk dira kasu ohikoenak?

Argibide fundazioan, prozesuaren hasierako kasuak artatzen ditugu gehienbat, jende gaztea. Gurasoak etorri ohi dira laguntza eske, edo osasun publikoak bideratzen ditu hona. 30-40 urteko helduak ere artatu izan ditugu. Horiek, normalean, istorio luze eta gorabeheratsuagoa dute: ospitaleratzeak, goraldiak, krisiak, kontrol handiko garaiak... Beste era bateko arta eskatzen dute halakoek: jarraipen anbulatorioa, harreman estuagoa... Dena den, elikadura portaeren nahasmenduak, askotan, beste koadro batzuekin batera agertzen dira: nortasunaren nahasmenduak, depresioak... Errealitatea ez da ia inoiz eskuliburuetan bezain garbi azaleratzen.

Pazientearekin ez ezik, senideekin ere egiten duzue lan?

Bai, hasieratik beretik, pazientearekin negoziatzen dugu familiaren edo gertukoen parte hartzea. Pazientea adin nagusikoa bada eta ez badu halakorik nahi, ezer gutxi egin dezakegu, baina saiatzen gara konfiantzazko norbait prozesuan sartzen. Harreman terapeutikoa ez dadila kontsultara mugatu, arriskua baitago osasun profesionalekiko dependentzia bat garatzeko. Askoz onuragarriagoa da kontsultan landutakoa egunerokora eramatea, bai pazienteentzat, bai familientzat.

Familientzat ere bai?

Bai. Familiek nabari dute seme-alaben ondoeza. Beldur dira eurak ere, eta elikaduraren kontrolatzaile edo zaindari bihurtzen dira: «Jan al duzu?», «zenbat?», «jan beharko zenuke»... Eztabaida eta haserre ugari pizten ditu horrek, eta, azkenerako, horretara mugatzen da gurasoen eta seme-alaben arteko harreman osoa. Batzuetan, familiak apurtzeraino.

COVID-19aren izurriaren ostean kasu gehiago azaleratu dira?

Bai. Areagotu egin dira koadro psikopatologikoak. Elikadura portaeren nahasmenduak oso lotuta daude antsietatearekin, beldurrarekin, segurtasunik ezarekin... Eta horiek guztiak maizago gertatu dira izurri garaian. Nolabaiteko egonkortasun emozionala lortua zuten paziente askok ere beren burua ikusi dute etxean itxita, antsietate handiko egoera batean, eta kontsultan landutako tresna asko birrindu ditu horrek. Paziente asko bakartuta egon dira COVID-19agatik, eta jokabide patologikoetara itzuli dira: bakarrik jaten, inorekin harremanik izan gabe eta une oro beren sintomak neurtzen.

Egoera horretan, osasun publikoak gainezka egin du. Baliabide gehiago behar dira?

Ni fundazio pribatu bateko langilea naiz, baina osasun sare publikoaren defendatzaile sutsua. Uste dut lehentasuna eman behar zaiola sare horri, eta gainerakoak gaudela hori nolabait osatzeko. Izurri garaian, Osasunbideko profesionalek gugana jo izan dute zaintza estuagoa behar zuten pazienteren bat edo beste artatzeko. Sare indartsua osatu dugu.

Ikusi gehiago:Orbaindu gabeko zaurien ispilu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.