Aieteko konferentziaren 10. urteurrena. Elkarrizketa. Veronique Dudouet. Berghof fundazioko aholkulari nagusia

«Presoek egiteko bat dute elkarbizitzaren eraikuntzan»

Dudouetek uste du euskal prozesua «berritzailea» eta «inklusiboa» izan dela, aldebakarrekoa ez ezik: «Egon da elkarrizketa bat; euskal elkarrizketa bat». Itxaropenez egiten die so azken aitzinamenduei.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Euskal Herriko prozesuaren «irakaspenez» mintzatu zen atzo Veronique Dudouet (Caen, Frantzia, 1977) Aieteko Konferentziaren hamargarren urteurreneko jardunaldietan. Afganistanen eta Etiopian dago lanean orain Berghof fundazioa, eta hango gatazketarako baliagarri izan daiteke hemen ikasitakoa, haren ustez.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batu zineten asteazkenean. Mintzatu zineten haiekin?

Bai, eta azaldu ziguten nola ikusten dituzten gauzak: bereziki presoen arloan egin diren aitzinamenduak, urriaren 1ean eskumena deszentralizatu zenetik. Aitzinamendu handi gisa zuten.

Eta nola ikusi duzu zuk?

Poztu nau ikusteak presoen estatusean aitzinamenduak egon direla, beti izan baita prozesuko punturik zailenetako bat. Ez zenez irtenbide negoziaturik egon, zoritxarrez ezin izan zen presoen egoera modu baketsu eta aldebikoan konpondu. Baina alderdi politikoek eta instituzioek baizik moldatu ezin duten afera bat da, eta positiboki harritua nintzen jakiteaz euskal autoritateak boterea duela orain euskal presoen zoria erabakitzeko, baita irteera eta gizarteratze sozial eta profesional bat prestatzeko ere. Zeren eta, niretzat, punturik garrantzitsuenetako bat baita gatazkaren protagonistek, partikularki presoek, egiteko bat dutela elkarbizitzaren eraikuntzan. Ez soilik berradiskidetze terminoetan; baita maila sozial eta politikoan ere. Lortu behar da haiei leku hori ematea eztabaidan, gizartean.

BERRIAk elkarrizketatu zintuen azken aldirako (2017ko iraila), ETAk utziak zituen armak, baina bere burua desegina ez. Nola ikusi dituzu azken urteok?

Nazioartean DDR [desarmatzea, desmobilizazioa eta gizarteratzea] deitzen dugunaren bigarren urratsa da desmobilizazioarena, eta oso ongi dago desarmetik urtebetera gertatu izana. Aldebakartasunez egin zen, desarmea bezala, eta nazioarteko erakundeak hor izateak era eman zuen, bertze behin, nazioarteko bake eraikuntza komunitateari egiteko bat emateko, erabakiaren lekuko izanda: estatus formalagoa eman zion horrek.

Kontent nintzen, gainera, ETAren adierazpenak [2018ko apirilaren 8koak] barne hartzen zuelako biktimentzako mezu bat. Egindako kalteen aitortza zegoen, borroka armatuaren indarkeriaren biktimekikoa, oso garrantzitsua. Ez da aski, baina lehendabiziko urrats garrantzitsu bat da, eta sinbolikoki azkarra.

Zergatik ez da aski?

Adierazpenak ez zituelako borroka armatuaren biktima guztiak kontuan hartzen: ezberdintasun bat egin zuten biktima zibil eta instituzionalen artean. Eta gauza bat da adierazpena, baina gero elkarrizketa lan oso bat dago alde guztietako biktimen artean. Denbora behar da horretarako.

ETAren maiatzaren 3ko azken adierazpenaren ondotik, Kanbon ekitaldi bat egin zen.

Garrantzitsua izan zen Aieteko eragileak berriz egotea, erakusteko kontsentsu zabala dagoela Euskal Herrian —batez ere Iparraldean—, gizarte zibilean oro har, baina baita eragile politikoen eta tokiko instituzioen artean ere. Eragile horien guzien aitortza bat izan zen, egindako urratsena. Garrantzitsua zen orduan, eta gaur egun oraindik ere bai, Aiete sustatu zuten eragileak hemen egotea, norabide berean aitzina.

Berghof fundazioa Aieteko konferentziaren antolatzaileen artean zen. Zergatik?

Bageneramatzan bizpahiru urte Euskal Herriko eragile batzuk xumeki laguntzen: ezker abertzalearen barnean gatazkaren aterabide negoziatu bat bilatzen ari ziren eragileak, eta euskal gizarte zibilean espazio bat bilatzen ere bai. Garrantzitsua zen memento horren lekuko izatea.

Bake prozesu negoziatu baterako bi saiakera egonak ziren jadanik, ez zirenak bururaino iritsi, eta bazegoen sentipena nazioarteko lekukoen beharra zutela euren buruari ahalbidetzeko gauzak aitzinaraztea. Ezker abertzalean eta ETAn bazegoen erabaki bat lehen urratsa egiteko jarduera armatuaren etetearen adierazpen batekin; esperantza zen horri jarraituko ziola Madrilek egindako elkarrizketarako proposamen batek, eta erabaki hori martxan jartzeko memento indartsu bat behar zen. Aietek, halaber, euskal gatazkaren estatusa igotzea ahalbidetu zuen, nazioarteko eragileek izaera politikoa aitortu baitzioten, Espainiako eta Frantziako gobernuak behartzeko izaera politiko hori onartzera, utz ziezaieten sinetsarazteari izaera terrorista eta kriminal soileko gatazka bat zela.

Gobernuek ez zuten erantzun.

Ez, zoritxarrez.

Kontrakoa espero zenuten?

Uste dut baietz. Baina Aieteren ondoren izandako [Espainiako] hauteskundeek eta eskuinaren garaipenak erabat aldatu zuten egoera. Hori ez balitz gertatu...

Aldatuko litzateke?

Ezkerrak segitu izan balu, negoziazioa errealista zatekeen. Bai.

Nola bizi izan zenuten blokeoa?

Eragile politiko, sozial eta klandestinoek egindako keinuek ez zuten erantzunik; frustragarria zen, baina, halere, beti harritu nau euren burua gainbehera ez erortzen uzteko borondateak, aitzina egiteko pistak atzemateak. Beti deskribatu izan dugu hau aldebakarreko prozesu gisa, baina nik ez dut horrela bizi izan. Eragileek elkarrizketaren grabitate zentroa aldatu zuten: 'Ez badago keinurik Madrilen eta Parisen partetik, geure buruarekin eztabaidatuko dugu, gure indar politikoekin, hautetsiekin, elkarteekin...'. Egon da elkarrizketa bat; euskal elkarrizketa bat.

Irakaspenez mintzatu zinen atzo. Zein dira?

Alde batetik, izaera berritzailea. Normalean, bake prozesuetan ondorioena bukaeran etorri ohi da: behin arazo politikoak konponduta. Hemen ez zen auzi politikoari buruzko negoziaziorik egon, baina eragileek lortu zuten ondorioei buruzko atala aitzinaraztea. Bi alor horiek bereiztea lortu izana oso interesgarria da. Bertzalde, izaera zinez inklusiboa, maila ezberdinetan. ETAren barnean, adibidez, egin zuten eginahala presoengana joateko, iheslariengana, kide guztiengana, segurtatzeko lidergoari jarraituko ziotela estrategia aldatzeko erabakian. Eta hala izan da: gaur egun ia ezinezko iruditzen zait disidentziak sortzea, ez behintzat arlo militarrean. Azkenik, ahalbidetu izana euskal gizarteari ez soilik ikusle eta lekuko izatea, baizik eta egiteko erabakigarri bat izatea, baita parte hartze operatiboan ere, Bakegileen kasuan bezala.

Zer falta da egiteko?

Presoen auzian segitu behar da aitzina, partikularki Frantzian. Negoziatzaileen estatusean ere bai. Josu Urrutikoetxearen aurka dagoen prozedura zentzugabekeria bat da: estrategia aldaketa sustatzeko halako arriskuak hartu dituen pertsona bat zigortua izatea. Auzi horren arrazoietako bat da ETA oraindik talde terroristen zerrendan dagoela, eta horrek ere ez du zentzurik, ja ez baita existitzen. Berradiskidetzearen arloan ere gauza asko daude egiteko, eta iraganaren kontakizunean ere bai. Euskal Herriaren estatusaren gaia ere ebatzi gabe dago, baina orain ezker abertzaleak badu plataforma politiko demokratiko bat kontu horiez eztabaidatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.