Politika publikoetan gazteen ikuspegia txertatu nahi duela adierazi du Eusko Jaurlaritzak, eta horretarako «politika bateratuak eta koordinatuak» bultzatuko dituela azpimarratu, hala nola gazteei «emantzipazioan eta familia proiektu propioen» garapenean laguntzeko. Hain zuzen, Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak herenegun onartu zuen Gazteriaren Lege proiektua, eta bertan jasotzen da aipaturiko helburua. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak jakinarazi du «une historiko bat» izan daitekeela, erkidegoak oraindik ez duelako gazteria legerik. Hala ere, Eusko Legebiltzarrak izango du azken hitza: lege proiektua onartu ala ez.
Lege egitasmoak, ordea, baditu aurrekariak; aurreko legegintzaldietan ere mahai gainean izan du Jaurlaritzak. Lehen aldiz, 2008ko irailean onartu zuten, eta, ondoren, 2011ko urrian, baina legebiltzarrak albo batera uztea erabaki zuen. Areago, aurtengo otsailean ere lege proiektua onartu zen, baina hauteskundeak deitu ziren; ondorioz, legegintzaldia amaitzearekin batera, bertan behera gelditu zen haren ibilbidea ere. Oraingoan, «azkar ados jartzea» galdegin die Artolazabalek alderdi politikoei. Hala ere, litekeena da lege proiektuak aurrera egitea, EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa baitute legebiltzarrean. «Mugarri historiko bat izango litzateke onartzea, aurreko proiektuek huts egin ostean», erantsi du sailburuak.
Egitasmoak zenbait puntu ditu. Besteak beste, helburuetako bat izango da «gazte politika integralak» sustatzea eta horrek barnean hartzen ditu gazteen autonomiarako, emantzipaziorako eta gizarteratzerako neurriak. Horrez gain, gazteen programak, jarduerak, zerbitzuak eta ekipamenduak lantzea ere bada asmoa, haien partaidetza sustatzeko asmoz. Artolazabalen arabera, lege horrek bide emango du «agente politikoek gazteriaren politika integralarekin» duten konpromisoa sendotzeko.
Gaztea, 12 eta 30 urte artean
Lege proiektuak, era berean, pertsona gaztearen definizioa ere jaso du. Hain zuzen, azaldu du 12 eta 30 urte arteko pertsonak direla gazteak, bi adin horiek barne. Artolazabalen iritziz, gazteekin esku hartzeak gero eta adin goiztiarragoan egiten dira, eta horregatik erabaki dute 12 urtekoak ere izendapen horretan sartzea. Izan ere, Europan, oro har, gazteen muga 14 eta 15 urte artean egoten da. Gazte emantzipazioko politikak, ordea, 18 eta 30 urte artekoendako izango dira.
Jaurlaritzak gazteen ikuspegia sartu nahi du politika publikoan
Aurrez hirutan saiatu da Jaurlaritza Gazteriaren Lege proiektua bideratzen, baina ez da aurrera atera; legebiltzarrera igorriko dute orain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu