Jana banatzeko enpresa erraldoi bat sortzeko lehen pausoa

Bat egiteko akordiorako oinarri bat adostu dute Europako Just Eatek eta 'Takeaway.com'-ek. Lider bilakatuko lirateke zenbait herrialdetan

Paulo Ostolaza.
2019ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Etengabe hazten ari da janari banaketaren merkatua. Hor tokia lortzeko lehia gogorra izaten ari da zenbait plataformaren artean. Haietako bi, Erresuma Batuko Just Eat eta Herbehereetako Takeaway.com, ados jartzeko zorian dira. Janaria banatzeko enpresa erraldoi bat sortzea dute helburu. Bien artean, 360 milioi eskari jaso zituzten 2018an; guztira, 7.300 milioi euroren diru sarrerak.

Uztartu ahal izateko, akzioak trukatuko lituzkete. Eta salerosketa hori eginda, konpainia berriaren %52,2 Just Eateko akziodunek izango lituzkete, eta %47,8, berriz, Takeaway.com-ekoek. Enpresa berriak Amsterdamen izango luke egoitza nagusia, baina premium kotizazioa izango luke Londresko burtsan, eta Erresuma Batuan egingo luke eragiketen zati handi bat.

Banaketa enpresek adierazi dutenez, «bestelako aldagaien inguruko adostasunak oso aurreratuak daude», baina oraindik posible da bat egitea bertan behera geratzea. Abuztuaren 24ra arte du eskaintza bat aurkezteko epea Takeaway.com-ek.

Ez da banatzaile horrek hazi eta merkatu berrietan sartzeko egin duen lehen mugimendua. Aurten bertan erosi du Herbehereetako enpresak Delibery Hero alemaniarra, 930 milioi eurogatik; modu horretan,sektoreko enpresa nagusia bilakatu da Alemanian. Just Eatekin elkartuz gero, liderrak izango lirateke Erresuma Batuan, Herbehereetan eta Kanadan ere, besteak beste.

Albisteak merkatua mugiarazi zuen atzo. Londresko burtsak begi onez ikusi zuen mugimendua, eta %25 egin zuten gora Just Eaten akzioek.

Negozio eredua

Enpresa horiek geroz eta presentzia handiagoa dute Euskal Herrian. Takeaway.com ez da iritsi; bai, ordea, Just Eat. Besteak beste, Bilbon, Eibarren, Irunen, Donostian, Iruñean eta Baionan dihardu lanean banatzaile britainiarrak.

Azkenaldian, salaketa asko izan dituzte Just Eaten lehiakide Glovok eta Deliverook, banatzaile edo rider-ak autonomo faltsuak direla egotzita; haien aurkako zenbait epai ere atera dira. Joan den asteazkenean bertan, Gasteizko Glovoren banatzaileek greba egin zuten jasaten dituzten lan baldintzak okerrera egiten ari direla salatzeko: banaketako gutxieneko diru-saria 2,5 eurotik euro batera murriztu die Glovok.

Eredu ezberdina du Just Eatek. Plataforma horrek jatetxeak eta bezeroak harremanetan jartzeko balio du, eta jatetxea arduratzen da bidalketaz. Beraz, ez du banatzaile propiorik; kasu batzuetan, banaketa enpresa azpikontratatuen bidez funtzionatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.