Koronabirusa munduan

Alemaniako hiltegi batean 650 kutsatutik gora aurkitu dituzte

Langileei egindako proben bi herenek positibo eman dute, eta litekeena da kopuruak gora egitea. Agintariek berriz konfinatzea baztertu dute

Ander Perez Zala - Arantxa Elizegi Egilegor
2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Alemania ipar-mendebaldeko Gutersloh hirian dagoen hiltegi bateko langileen artean 650 positibotik gora aurkitu dituzte, agintariek atzo jakinarazi zutenez. Zehazki, egindako 983 probetatik 657 kutsatu atzeman zituzten atzo gauera arte, eta, horren ondorioz, barrutiko agintariek erabaki zuten eskolak eta haurtzaindegiak ixtea hilaren 29ra arte. Litekeena da datozen egunetan positiboen kopuruak gora egitea, Tonnies enpresaren eraikin horretan 7.000 lagun inguruk egin baitute lan azken aldian.

Enpresak atzo arratsaldean jakinarazi zuen hiltegia itxi egingo zuela, eta langileekin harremana izan duen orok berrogeialdia egin beharko duela; hori bai, Sven-Georg Adenauer barrutiko administratzaileak jakinarazi zuen ez dutela konfinamendurik aginduko. Erabaki horrek Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren oniritzia jaso zuen: «Hori da birusa gehiago ez hedatzeko mahai gainean jarri dugun estrategia: beti erreakzionatzeko prest egotea, edozein unetan izan dezakegulako kontrolatzea ezinezkoa den ekintza kutsatzaile bat».

Guterslohekoa ez da mota horretako lehen agerraldia izan: iragan maiatzaren 8an, herrialdearen mendebaldean dagoen Coesfeld hiriko fabrika bat ere itxi zuten 129 positibo atzeman ostean. Gainera, Berlin hiriburuaren hegoaldean 70 kasu aurkitu dituzte egunotan.

Larrialdia gora Pekinen

Txinan, agintariek hiriburuko handizkako merkatu nagusia itxi behar izan zuten joan den asteburuan, COVID-19aren agerraldi bat izan zelako. Neurria, ordea, ez da aski izan birusaren hedatzea eteteko. Atzo larrialdi egoera bigarren mailara igo zuten agintariek Pekinen, eta bertan behera utzi behar izan zituzten hiriburutik irtetekoak eta hara iristekoak ziren 1.220 hegaldi baino gehiago.

Jada 137 dira gaixoak —Xinfadiko merkatuarekin lotuak—, eta beste sei lagunek ere positibo eman dute, nahiz eta sintomarik ez izan; azken 31 kasuak atzokoak dira. Hiriburutik kanpo ere baieztatu dute kasu bat, Zhejiang probintzian; merkatuan lan egiten duen saltzaile bat da, zeinari COVID-19a diagnostikatu zioten bere etxera itzuli ostean.

Adituen arabera, ziurrenik maiatzerako hasia zen birusa zabaltzen, baina kasuak asintomatikoak zirenez, ez zituzten atzeman. «Ziurrenik sintomarik gabeko pertsona asko izango dugu inguruan. Azkartu egin behar ditugu kasuak atzemateko probak», nabarmendu zuen Gao Fuk, Gaitzen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroko zuzendariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.