Koronabirusa

Alarma egoeraren osteko aroaz kezkaz ari dira EAJ eta EH Bildu

Jaurlaritza erabakiak hartzeko «subiranoa» ez izateak funtsezko arazoak dakartzala azaldu du Otegik. Aldi baterako neurrien eske ari da Ortuzar

Maria Ortega Zubiate
2021eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Maiatzaren 9a ate joka ari da. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak COVID-19ari aurre egiteko ezarritako alarma egoeraren amaiera izango dela adierazia du, eta horren ostean gertatuko denaren inguruko kezkak daude. Esate baterako, pandemiaren aurkako neurriak ezartzen jarraitu ahal izateko, alarma egoera luzatzearen alde agertu zen atzo Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea; Espainiako Gobernuak ezarritako lege esparru hori «gustuko ez» duela adierazi bazuen ere, esan zuen oraindik ere beharrezkoa dela. Antzera mintzatu zen Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidentea, eta egoera bideratu ahal izateko «irtenbide bat» eskatu zien Espainiako Diputatuen Kongresuko ordezkariei; behin maiatzaren 9tik aurrera ere neurriak mantendu ahal izateko baliabideak ezinbestekoak direla azaldu zuen.

«Alarma egoerek oinarrizko eskubideak murrizten dituzte». Otegik atzo berriz agerian utzi zuen lege esparru horien barruan hartzen diren neurrien gaineko zalantza, baina, tartean osasun egoera larriak badaude, horiek ematen dituzten baliabideak erabiltzearen alde agertu zen. Gogora ekarri nahi izan zuen Euskal Herriko «egiturazko arazoa» subiranotasun falta dela, eta alarma egoerarik ezean, ez duela behar diren neurri guztiak ezartzeko segurtasun juridikorik. Hori horrela, adierazi zuen ezinbestekoa dela Madrilek alarma egoera luzatzea: «Ez Madrilek alarma egoera ezartzea nahi dugulako, baizik eta alarma egoerarik gabe ez genukeelako izango baliabiderik zenbait neurri hartzeko». Era berean, kritiko azaldu zen Jaurlaritzak garatze bidean duen Pandemiaren kontrako Legearekin; neurriak mantentzen direla bermatzeko ez duela balioko iritzi du, funtsean Jaurlaritza «ez baita subiranoa erabakiak hartzeko».

«Bitarteko» irtenbide bat

Ortuzarrek, berriz, «bitarteko irtenbide» bat eskatu die Espainiako Diputatuen Kongresuko ordezkariei. «Konponbide politiko bat bilatu beharko litzateke maiatzaren 9tik aurrera eta taldeko immunitatea lortu arte», adierazi zuen. Gehitu zuen Pandemiaren kontrako Legea ez dela prest egongo ekainaren erdira edo amaierara arte, eta hori martxan egon bitartean Madrilek baliabideak jartzearen garrantzia azpimarratu zuen.

Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek esan zuen ulertzen dituela alarma egoera luzatzearen aldeko ahotsak, baina oroitu zuen Nafarroak ez duela izan arazorik neurriak ezartzeko. Jaurlaritzaren neurriak, berriz, atzera bota dituzte auzitegiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.