Athleticekin liga irabazita, Irene Paredesek (Legazpi, Gipuzkoa, 1991) arantza atera zuen joan den denboraldian. Ospakizun betean, zuri-gorriekin Txapeldunen Liga lehiatzeko irrikan zegoen, baina PSGren deia jaso zuen ezustean. Ondo hausnartuta, erdiko atzelari postua bere egin du jada PSGn. Entrenamendua amaitu berritan erantzun dio BERRIAren deiari.
Egun on edo bonjour edo... Ez da erraza nola hasi asmatzea.
Bonjour, bonjour esatea onena [barrez].
Zer moduz doaz frantseseko eskolak? Aurretik ba al zenekien zer edo zer?
Oso gutxi nekien, ia ezer ez. Urtebetez ikasi nuen ikastolan, baina gehiena ahaztuta neukan. Hemen ari naiz, berriz ere, poliki-poliki. Beste hasiera bat da hau. Eskoletara joaten naiz entrenamenduak ez dauzkagunean, baina zaila da denbora aurkitzea.
Frantsesa izango da, noski, taldeko hizkuntza, ezta?
Bai, bai. Entrenatzaileak frantsesez bakarrik hitz egiten digu. Jokalari batzuek badakite ingelesez pixka bat, eta ari gara moldatzen. Baina, tira, beharra baino modu hoberik ez dago hizkuntza bat ikasteko.
Vero Boquete galiziarra taldean izanda, pixka bat samurragoa izango zen hasiera, ezta?
Eskertzen da gertuko bat ondoan izatea. Espainiako selekzioan elkarrekin aritzen gara, laguna da, eta asko eskertu dut bera ere taldean egotea. Shirley Cruz Costa Ricako jokalariak egiten ditu itzultzaile lanak normalean.
Taldeak jarri dizue egoitzaren bat lehen asteak igarotzeko?
Bai. Etxe bat eskaintzen diote jokalari bakoitzari, eta Saint Germain auzoan bizi naiz. Parisko auzo handi bat da, hiri txiki baten modukoa. Oso ondo zaintzen gaituzte, eta oso gustura nago.
Irene Paredes, Paris Saint Germaineko jokalaria. Ari al zara ohitzen?
Ez dut uste inoiz entzun dudanik horrela, baina ohitu egin beharko dut. Erabakia hartu nuenean pena handia eman zidan Athletic, familia eta ingurua uzteak, eta, oraindik ere, pentsatzen dudanean, tristatu egiten naiz. Baina gustura nago. Nire erabakia izan da, eta hauxe nahi dut. Ohitzea besterik ez zait falta.
Pentsatzekoa da dena handiagoa dela hor, Parisen, dena dela hobea, dena ikusgarriagoa...
Hala da, bai. Hemen dena da handia. Kluba bera ere, instituzio gisa, handiagoa da, eta beste hizkuntza bat izanda, are handiagoa ematen du denak. Pare bat aldiz bakarrik joan naiz Parisera, eta izugarri handia da hiria. Denbora beharko dut ohitzeko.
Zer aurkitu duzu Parisen?
Nahiko gertuko jendea. Sentsazio hori eduki dut. Asko lagundu digute. Aurretik ezagutuko banindute bezala hartu naute, eta nahiko normala izan da dena, familia girokoa. Ez nuen uste halako talde batera iritsi eta gisa horretako harrera egingo zigutenik.
Beldurrik edo errespeturik bazenion zerbaiti?
Bai, noski. Ez dakit beldurra den, baina errespetu pixka bat sentitzen da horrelako erabaki bat hartu behar denean. Fase horretan nago oraindik, baina ondo ari naiz moldatzen. Nahiko erraza ari da izaten egokitzapena.
Nolakoa da aste arrunt bat Parisen?
Uste dut orain arte ez ditugula eduki bi entrenamendu aste berdin. Baina entrenamenduak goizez egiten ditugu normalean, eta ostiraletan soilik edukitzen dugu jai. Astero, bi egunetan, berriz, goizez eta arratsaldez entrenatzen gara. Astean zazpi bat entrenamendu eta partida. Klubaren konpromisoak, fisioterapeuta, atsedena, frantseseko eskolak... Denbora gutxi izaten dugu guretzat. Nahiko egitura profesionalizatua dauka PSGk.
Kontratuaren barruan dago sare sozialetako giro ona? Aldagelako giroa sanoa dela ematen du.
[Barrez] Kontua da taldean jokalari gazte asko daudela, eta jokalari horiek Pariskoak direla, PSGko jarraitzaile sutsuak. Eurena sentitzen dute kluba, eta sare sozialetan ibiltzen dira egunero. Pozik etortzen dira entrenatzera, eta sentimendu hori itsatsi egiten da azkenean. Gazte horiekin hitz egitean sentitzen da eurentzat zer den kluba, Ici c'est Paris sonatua [Hau da Paris]. Jokalariek koloreak euren sentitzen dituztela nabaritzen da, eta klub batean oso garrantzitsua da hori.
Erabat futboletik bizi zara orain?
Bai, bai. Aurreko denboraldian, Athleticen, teknifikazio lanean aritzen nintzen klubean, baina denboraldi honetan futbolerako bakarrik bizi naiz. Entrenamendu gehiago dira, baina, ez dudanez ikasi edo lan egin behar, denbora gehiago daukat berrindartzeko, eta asko eskertzen da.
Noiz iritsi zitzaizun eskaintza?
Joan den denboraldi amaieran, Espainiako Liga irabazi, ospakizunetan murgildu, eta Espainiako Kopa jokatu aurretik. Ezustean hartu ninduen eskaintzak, baina horrela etortzen dira gauzak, eta denbora tarte txikian hartu behar izan nuen erabakia. Oso-oso zaila izan zen. Etxean egotea, familia gertu izatea, lana edukitzea... Perfektua zirudien denak. Eta perfektua zen. Baina... erabakiak hartu eta gauzak aldatu behar izaten dira batzuetan. Hazten jarraitzeko helburuarekin etorri naiz PSGra.
PSGrena ez zen izan eskaintza bakarra. Zergatik Paris?
Tira... Europako klub handietako bat delako, eta ez nuelako joan nahi Espainiako Ligako beste talde batera. Eskaintza onak jasota, gauza handiren bat egin zezakeen talde batera joan nahi nuen, hobetzen eta hazten jarraitu ahal izateko. Eta horregatik aukeratu nuen PSG. Etxetik kanpo bizitzea, beste hizkuntza bat ikastea...
Eskaintza hura berdintzeko prest zeudela jakinarazi zuen Josu Urrutia Athleticeko presidenteak, baina erabakia hartuta zeneukala eta klubean jarraitu nahi duten jokalariak soilik nahi dituztela haiek.
Ez naiz sartuko kontu horietan. Hartu beharreko garaian hartutako erabakia izan zen, eta gustura nago.
Bost urteren ondoren, agurreko gutun hunkigarria bidali zenuen.
Bueno... Sentimendu askok bat egin zuten momentu hartan, baina erosotasunari uko egitea erabaki dut.
Athletic aipatuta, zer bide egin dezake Txapeldunen Ligan? Fortuna Hjorring izango du aurkari lehen kanporaketan.
Aurrera egin dezakeela uste dut. Aurkari zailagoak bazeuden zozketan, baina errazagoak ere bai. Denboraldi honetan partida asko jokatu ditu Fortunak, eta hori izan daiteke desabantailarik handiena, oraintxe hasi delako Espainiako Liga. Baina Athleticek indar handia dauka San Mamesen, eta aurrera egingo duela uste dut.
Mantentzen duzu harremanik haiekin?
Bai, bai; askotan hitz egiten dugu elkarrekin.
Lekutan gelditu da Ilintxarekin debuta egin zenuen urtea, 2005a.
Urte dezente igaro dira, bai. Zein oroitzapen dauzkadan galdetzen didate batzuetan, eta oso onak dauzkat. Aspaldikoak dira irudi haiek, baina orduan hasi nintzen futbolean jokatzen, eta iragana ez da ahazten. Talde handi hauetara iritsi aurretik, nik ere jokatu izan dut zelai kaskarragoetan.
Daramazun ibilbidearekin, Legazpi aldean zure izena jarri beharko diote laster kaleren bati!
Ez, ez, ez. Bai zera! Ez dut behar horrelakorik.
Hain desberdinak al dira Frantziako eta Espainiako ligak?
Bai... Dena da handiagoa hemen. Espainiako Ligan baino askoz erritmo biziagoan jokatzen da Frantziakoan, nahiz eta egia den hemen ere alde handia dagoela talderik onenen eta apalagoen artean. Baina, adibide gisa, belar naturala daukate zelai guztiek. Espainiako Liga ari da pausoak ematen, eta denboraldi honetan, adibidez, profesional gisa ari dira entrenatzen Bartzelona eta Atletico Madril. Lan handia dago egiteko, hala ere, beheko taldeek zailtasun handiak dauzkatelako oraindik. Hemen ere gertatzen dira horrelakoak, baina maila apalagoan; gutxieneko batzuk betetzen dituzte Frantziako Ligako talde guztiek, eta profesionalizatuta gaude asko eta asko.
Denboraldi-aurrean 5-0 irabazi zenioten Atletico Madrili. Hori da bi ligen arteko benetako aldea?
Ez dakit. Lehen zatia parekatua izan zen, baina bigarrenean nabarmen gelditu zen Espainiako Ligan ez dela mantentzen maila fisiko on hori. Hor egon zen gakoa. Ez dakit hainbestekoa den aldea, baina aldea dago.
Patrice Lair frantziarra da PSGko entrenatzailea. Prestatzaile zorrotz eta motibatzailearen sona dauka.
Eta halakoa da. Frantsesez bakarrik hitz egiten du, eta orain hasi gara ulertzen. Baina hasieran, ezertxo ere ulertu ez arren, erabat motibatzen asmatzen zuen. Oso exijentea da egunerokoan. Entrenamendu guztietan ahal duen guztia ateratzen dio jokalari bakoitzari, eta, azken batean, horixe da hobetzeko eta talde on bat sortzeko modurik onena.
Aldaketa asko izan da PSGn eta oso talde gaztea daukazue. Gazteegia, akaso?
Ez dut uste. Esperientzia handia daukate gazte horietako askok. 19 urtez azpiko Frantziako selekzioko jokalariak dira batzuk, oso maila onekoak, Europako Txapelketak-eta jokatutakoak. Eta taldean jarraitzen dute goi mailako jokalari batzuek: Shirley Cruzek, Cristiane Rozeirak, Laura Georgesek, Marie-Laure Deliek... Kalitate handia dauka talde honek, eta ez nau arduratzen gaztetasunak.
Albiren aurka 0-4, Olympique Marseillaren aurka 1-0, eta Guingampen aurka 0-4. Bikain ekin diozue ligari.
Bai, bai. Denboraldi-aurreko lanari jarraipena ematea zen helburua, eta lortzen ari gara. Bolada on horri eutsi nahi diogu, partida zailak iristen direnerako lanaren zati bat eginda edukitzeko.
Olympique Lyoni parez pare begiratzeko moduko taldea daukazuela sinetsita zaudete?
Jokalariak banan-banan hartuta, izugarrizko taldea dauka Olympique Lyonek. Ez dut uste hobetu daitekeenik. Baina beste baliabide batzuk dauzkagu guk. Azken finean, bi partida jokatuko ditugu euren aurka, eta edozer gauza gerta daiteke partida horietan. Gure lana eginez gero, euren aurkako partidetan egongo da gakoa. Askotan oso zaila izaten da hainbeste izar dauzkan aldagela bat maneiatzea. Aurreko denboraldian, adibidez, banan-banan aztertuta, Athleticek ez zeukan Bartzelonak baino talde hobea, baina gure lana egin genuen, berdindu egin genituen euren aurkako bi partidak, eta guk irabazi genuen liga. Antzeko zerbait lortzen saiatuko gara.
Txapeldunen Ligan aurkari gogorra daukazue oso: LSK Kvinner Norvegiako txapelduna.
Zaleentzat ez da ezaguna taldea, eta kanporaketa erraza dela pentsatuko dute askok. Baina ez, ez. Denboraldi betean daude, eta abantaila txiki bat izango dute alde horretatik. Norvegian jokatu beharko dugu lehenengo [etzi, 19:00etan], eta ea zerekin topo egiten dugun. Nahiko kanporaketa zaila daukagu parez pare.
PSGrentzat porrota litzateke final-zortzirenetan ez sartzea?
Bai. Zaila izango da, baina aurrera egin beharra daukagu, kosta ahala kosta.
Euskal Herritik begira jarrita, Irene Paredes eta Unai Emery ageri dira Parisen [PSG gizonezkoen taldeko entrenatzailea da Emery]. Izan al duzue denborarik elkarrekin egoteko?
Ez, ez. Ez dut ikusi oraindik. Leku desberdinetan egiten ditugu entrenamenduak, eta oso denbora gutxi edukitzen dugu aisiarako. Aurrerago izan beharko du.
Espainiako selekzioarekin ere oso ondo ari zara. 2017ko Eurokopa izango da hurrengo geltokia, ezta?
Hala da, bai. Lehen postuan sailkatu gara Eurokoparako, eta urtebete daukagu lehiaketa hori prestatzeko. Eurokopan lan ona egitea da helburua, eta, zergatik ez, ezustekoa ematea.
Irene Paredes. Paris Saint Germaineko jokalaria
«Erosotasunari uko egitea erabaki dut»
Athleticekin Espainiako Liga irabazi berritan, PSG Europako talderik onenetakoaren eskaintza jaso zuen Irene Paredesek, eta erronka berriei heldu die legazpiarrak. Atzeko lerroko zutabeetako bat da jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu