Bi munduren arteko talka

Epaitzen ari diren gazteen ustez, Kukutzaren aferan argi gelditu zen gaztetxeak eta hura bota zutenek bi eredu ordezkatzen dituztela: «Bat bizirik dago, eta bestea agortzear».

gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Ez da erraza epaitzen ari diren 23 gazteentzat 2011ko iraileko egunsenti hartan bizi izandakoa akordura ekartzea. Zapore mingotsa utzi zuen orduan gertatutakoak, eta ez soilik orain epailearen aurretik igaro beharko dutelako, edo protestaldietan gazte ugari zauriturik edo atxiloturik suertatu zirelako. Batez ere, hainbeste urtez jende askoren esperantzak elikatu zituen egitasmo baten akabera bortitzak mintzen ditu, Kukutzarena izan zen orubearen hustasun alferrikakoak, hiru urteotan egin zitezkeen eta egin ez diren jarduera guztiak gogoratzeak.

2011ko uda aurretik hasi ziren zurrumurruak, Kukutzaren kontrako salaketa zegoela eta gaztetxea husteko mehatxua egon zitekeela. «Egia esateko, hamahiru urteren ostean, ezinezkoa iruditzen zitzaigun», esan du Eneko Diego Errekaldeko auzokide eta auzipetuak. «Laster ikusi genuen mehatxua benetakoa zela».

Lanari ekin zioten orduan. Gaztetxea hustu aurreko astean oso trinkoak izan ziren: makina bat ekitaldi, elkartasun adierazpen ugari, laguntzera iritsitako jendearen jario amaiezina. «Kultur munduko jendeari sostengua eskatu genion, gizarte mugimenduei, okupazio mugimenduko gainerako eragileei, baita nazioartean ere», esan du Iratxe Artola auzipetuak. «Mundu osotik iritsi zitzaigun elkartasuna».

Arlo politikoa jorratzen ere saiatu ziren, eta, esaterako, kontaktua egin zuten Bilboko Udalarekin. Esperientziak zapore mikatza utzi zien: «Bide antzua izan zen», esan du Artolak. «Geroak erakutsi digu denbora osoan gezurretan ibili zirela. EAJk jabearen aitzakia jartzen zuen, baina gero argi gelditu da haiek ibili zirela atzetik. Guk bagenekien hortik ezin genuela ezer espero, urte hauetan guztietan haien aldetik erasoak besterik ez direlako etorri, baina, hala ere, amorrua ematen du».

Mugimenduen tresna

Gizarte mugimendu asko agertuzen babesa ematera. Iñigo Borda auzipetua, esaterako, Komite Internazionalistetako kidea da; erakunde horretako beste zenbait lagunekin batera Kukutzan bilera egin eta, amaitutakoan, gaua han ematea erabaki zuen: «Kukutza tresna bat zen, gune bat ekitaldiak, hitzaldiak, erakusketak, herri bazkariak eta abar egiteko. Guk, esaterako, 30. urteurren ekitaldiak han antolatu genituen 2009an. Beraz, lotura handia geneukan. Baina, bestalde, Kukutza eredu bat ere bazen, sistema kapitalistak inposatzen digun ereduaren kontrakoa. Guk eredu hori defendatzen genuen, eta horregatik joan ginen hara».

Irailaren 21eko egunsentian, berrogei bat lagun barruan zeudela, dozenaka ertzainek inguratu zuten eraikina: «Gu lo geunden; 05:00 aldera sirenak-eta hasi ziren, eta norbaitek esan zuen bazetozela», gogoratu du Bordak. «Niretzat, apur bat surrealista izan zen, ez bainuen espero orduan izatea. Eraikina inguratu zuten, nik inoiz ikusi gabeko indar erakustaldi batean».

Sentimendu nahasi eta kontrajarriak sortu zaizkie une hura gogoratzean. Bordak dioenez, «goiz arraroa» izan zen hura. Diegok beste sentsazio bat nabarmendu du: gertatzen ari zena «sinesteko ezintasuna». Tank arinak, furgoneta mordoa eta dozenaka ertzain ikusi zituenean, baina, horrek atzera bueltarik ez zuela jabetu zen. Artolak, berriz, azpimarratu du «lasai samar» egon zirela, egoeraren tentsioa gorabehera. «Niretzat, gora igo zirenean izan zen unerik gogorrena».

Ertzainen jarrerari dagokionez, bat datoz guztiak: «modu bortitzean» aritu ziren, Diegori betaurrekoak apurtu zizkioten, eta mehatxu eta irain sexistak egin zizkieten. «Horrelakoetan, tratu ona ez duzu inoiz espero», esan du Bordak, «baina aldea zegoen ertzain batzuetatik besteetara. Niri, adibidez, jaistean egokitu zitzaidan nahiko jarrera bortitza zuen ertzain bat, baina gero, furgonetan, tratua ez zen txarra izan». Gehienek hartu zuten inpresioa da «gogotsu» ari zirela: «Badirudi morboa ematen ziela Kukutzan sartzeko aukera edukitzeak».

Gazteek mota guztietako objektuak bota zizkietela salatu dute ertzainek: «Ez zen horrelakorik egon», dio Bordak. «Gainera, ezinezkoa zen; ezin ginen handik mugitu irteerak blokeaturik zeudelako, ezta sabaian burua atera ere, pilotak botatzen zituztelako». «Zerbait esan behar dute euren bortizkeria justifikatzeko», gehitu du Diegok.

Orain, epaiketari egin behar diote aurre: «Hiru urte eta erdi igaro dira, eta badirudi azalpenak guri baino ez dizkigutela eskatzen», deitoratu du Diegok. «Noizbait, norbaitek ikertu beharko du nork eta zergatik suntsitu zuen hain egitasmo aberasgarria, zein estrategia politiko egon den hor. Eta errudunek ordaindu beharko lukete».

Orain, gaztetxe berria dago Errekalden, «proiektu gaztea, eta bere bidea egin beharko duena». Hala ere, horrek ez du ezabatzen zerbait oso maitea eta garrantzitsua kendu zietelako sentsazioa. «Inoiz pentsatu dut hiru urte hauetan zenbat gauza egingo ziratekeen Kukutzak iraun izan balu, zenbat sare sortuko ziratekeen», esan du Bordak.

Bi ereduk, bi munduk, talka egin zuten goizalde hartan, «eta eurena zein den argi gelditu zen»,Bordaren arabera. Baina esperantzari atea zabaldu dio: «Eraikina baino ez zuten bota. Bilbon eta Euskal Herrian badaude orain hainbat proiektu, autokudeatuak, parte hartzean eta batzarrean oinarritzen direnak. Eredu hori gero eta biziago dago; eurena, aldiz, agortzen ari da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.