Urriaren 18ko Adierazpena. Biktimak

Biktimen memoriaren erradiografia bat, etorkizuna eraikitzeko

'Hamar urte ETArik gabe' lelopean, Gogora-k solasaldi bat antolatu du Gasteizen. Bizikidetzan urrats gehiago egiteko eskatu dute

Gasteizko Goiuri jauregian egin zuten atzo solasaldia. Irudian, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta hizlariak. I.URIZ / FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Zer izan zen ETA? Noizbait zentzurik izan al zuen ETAren existentziak? Nola aldatu da euskal gizartea azken hamar urteotan? Zer pauso eman beharko da etorkizunean? ETAk jarduera armatua eten zuela hamar urte bete direnean, hamaika galderen inguruan gogoetatzeko parada izan zuten atzo hainbat biktimak eta giza eskubideetako adituak Gasteizen, Gogora Memoriaren Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak antolatutako Hamar urte ETArik gabe. Bizikidetza eraikitzen solasaldian. Dani Alvarez kazetariak gidatuta, mahai inguruan izan ziren Maria Jauregi eta Marta Buesa ETAk hildako biktimen senideak, Joseba Ezeolaza Memoria Digna Gogoan taldeko kidea, Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohia, Joseba Urrusolo ETAko kide ohia eta Iciar Bollain Maixabel filmaren zuzendaria.

«Atsekabea», «samina» eta «sufrimendua». Sentimendu berdintsuak azaleratu zituzten Buesak eta Jauregik ETAk haien bizitzetan utzitako arrastoaz galdetu zietenean. «Beldurra, isiltasuna eta iluntasuna izan zen ETA», gogoratu zuen Buesak. «Ideia politiko jakin batzuk defendatzeko biolentzia erabili zuen erakundea izan zen. Sufrimendu handia eragin zuen erakunde bat», azaldu zuen Jauregik. Riosek erantsi zuen «akats handi bat» izan zela eta «pairamendu izugarria» eragin zuela. «Akatsa bai, baina batez ere izugarrikeria bat», zehaztu zuen Ezeolazak. Urrusolok ere eman zuen bere ikuspuntua: «Denborarekin azukre koskor baten moduan urtu den erakundea».

ETAk jardun armatua eten zuenetik hamar urtera, eraldatu egin da gizartea, eta elkarbizitzarako urratsak egin dituzte hainbat eragilek. Azkena atzo bertan egin zuen ezker independentistak, ETAren biktimei mezua zuzenduta. Solaskide guztientzat urrats «positiboa» izan da hori, baina gehienentzat ez da aski. Buesa: «Mezu berria da, baina faltan dut ETAren indarkeria bidegabea izan zela aitortzea eta emandako babesari buruz autokritika egitea». Atzokoa «aurrerapausoa» dela nabarmendu zuen Jauregik, baina erantsi zuen, ETArenak ez ezik, «indarkeriaren biktima guztiek ere» aitortza merezi dutela. «Estatuakere urratsak egin behar ditu beste biktimekin».

Jasandako samina ahaztu gabe, etorkizunari itxaropenez begiratzeko beharra nabarmendu zuten hizlariek mahai inguruan. «Baikorra» dela esan zuen Riosek, eta elkarbizitza eraikitzeko hitzetatik ekintzetara pasatzeko deia egin zuen. Urrusolorentzat ezker independentistak egindako adierazpena «pauso garrantzitsua» da, baina eraginkorra izan dadin beharrezkoa da gogoeta hori «ezker abertzalearen oinarrien artean zabaltzea». Bollainen ustez, berriz, ezinbestekoa da ETAk eta ezker abertzaleak autokritika egitea, eta «mezu argiak» bidaltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.