Harridura eta haserrea eragin ditu hizkuntza gutxituen aldeko legearen kontra Frantziako Asanbleako 60 diputatuk baino gehiagok Konstituzio Kontseiluan ezarritako helegiteak. Herenegun arratsean zabaldu zen albistea, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak legea promulgatzeko zuen hamabost eguneko epea bukatzear zela. Orain, bi hilabete ditu auzitegiak legeari buruzko erabakia jakinarazteko. Atzo, mozio bat izenpetu zuen Ipar Euskal Herriko hautetsi talde batek, helegitearen aitzinean «kexua eta ulertezintasuna» adierazteko.
Hauek dira sinatzaileak: Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidentea, Antton Kurutxarri EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria, Vincent Bru, Florence Lasserre eta Jean Lassalle diputatuak, Max Brisson eta Frederique Espagnac senatariak, Mathieu Berge Eskualdeko hautetsia eta Beenedicte Luberriaga Departamenduko hautetsia —EEPko lehendakariordeak dira biak—.
«Azken hilabeteetan gertatu oztopo anitzen ondotik, lege horren onartzeak esperantza handia sortu du» adierazi dute, legeak dakartzan neurriak gogora ekarriz. «Puntu hauek gure lurraldean adostasun zabal batean ekarriak dira, eremu politikoan, instituzionalean, eta gizartean. Egoera hau arras larria da gure lurraldearentzat, eta goraki adierazi nahi dugu behar diren guziak eginen ditugula egoera horren konpontzeko».
Erreakzio andana eragin ditu Frantziako Konstituzio Kontseiluak ezarritako helegiteak. «Isilarazi nahi dituzten hizkuntzen kontrako keinu patetiko berria» da EH Bai alderdiaren hitzetan. «Demokraziaren ukapena eta lurralde hizkuntzekiko mespretxua» salatu ditu Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak. Max Brisson LRko senatariaren hitzetan, «maskarak erori dira».
Euskalgintzaren Kontseiluak, berriz, «kezka» agertu du. «Egun Frantzian indarrean dagoen araudi jakobinoari eustekosaiakera besterik ez da», Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren arabera. «Jarrera demokratikoaz haratago, mendeku jarrera agertu dute 60 diputatuek. Kosta ahala kosta mantendu nahi dute estatuaren izaera elebakarra».
Konstituzio Kontseilua
Hiru aukera zeuden legea promulgatu bitartean haren kontrako helegitea ezartzeko: Frantziako presidenteak edo lehen ministroak jar zezaketen, edo 60 diputatu edo senatariko talde batek. Diputatuen artetik iritsi zen, azkenean, baina gaur-gaurkoz ez da jakina helegitea emateko batu zirenen zerrenda, ezta erabilitako arrazoibidea ere. Frantziako Konstituzio Kontseilura jo du BERRIAk informazio horiek lortzeko, baina erabakiaren berri eman arte ez dituzte argitaratuko.
Bederatzi epaile ditu Konstituzio Kontseiluak: horietako gehienak, politikari ohiak. Gaur egun, Laurent Fabius lehen ministro ohia da presidentea. Bi hilabeteko epean erabaki beharko dute.
Hizkuntza gutxituen legeari jarritako helegitea salatu dute hautetsiek
Mozio bat izenpetu dute «kexua eta ulertezintasuna» adierazteko. Ipar Euskal Herrian legeari buruz dagoen adostasun zabala azpimarratu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu