Arrakasta izan zuen Euskadiko Orkestrak Maurice Ravelen (Ziburu, Lapurdi, 1875-Paris, 1937) musikan oinarrituta kaleratutako lehen diskoak, eta haren obra sinfonikoaren bigarren pieza grabatu du orain: Ravel 2. Aurreneko lanean, konpositorearen euskal erroetan egin zuten azpimarra, eta musikagilearen alde frantsesari eutsi diote oraingoan. Besteak beste, Pierre Boulezek orkestratutako Frontispice pieza jaso dute, baita Ma mère l'Oye ballet partituraren grabazio osoa ere. Valses nobles et sentimentales, Menuet Antique eta Shéhérezade (Ouverture de féerie) obrek osatzen dute albuma.
Robert Treviño Euskadiko Orkestrako zuzendari titularrak diskoaren liburuxkan esan duenez, album honetako musika materiala ez da hain «esplizituki euskalduna». Beraz, errepertorioak neurri handiagoan erakusten du haren «alde frantsesa»; Frontispice obra nabarmendu du: «Hiru minutuko pieza oso ezohiko bat da, jatorriz bi pianorako idatzia. Musika frantses modernista da, benetan kontzeptuala, eta Messiaenen musikatik Debussyrenetik baino askoz hurbilago dago, hainbat arrazoirengatik». Valses nobles et sentimentales pieza ere aipatu du adibide gisa: «Lehenengo liburukiko La Valse-ren basakeriarekin kontrastean, honek bals zalapartatsu baina oso dotoreak biltzen ditu, Parisen entzun zitezkeenen modukoak, Vienatik zetozen influentziekin».
Hala ere, Treviñoren aburuz, «euskal konpositore handi baten lana» esploratzen jarraitzen dute. Bigarren album honetan Ravel «frantsesa ere bazela» irudikatu arren, euskal kutsua hartzen die haren musikaren «zintzotasunari, laburtasunari eta sendotasunari». Euskadiko Orkestrak eta Treviñok elkarrekin kaleratu duten hirugarren grabazioa da, guztiak Ondine diskoetxearen zigilupean.
Hain zuzen, Raveli eskainitako lehen albumak izandako harrera onak hauspotuta ekin zioten lanari. Japonia, Australia, Frantzia eta AEBetako hedabide nagusien laudorioak bildu zituzten, eta hainbat argitalpenen aitortza. Begi onez ikusi dute bigarren lan hau ere; Gramophone musika klasikoko aldizkariak «disko bikain» gisa definitu du, besteak beste.
2021eko abenduan egin zuten azken diskoaren grabaketa, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Albumak 70 minutuko iraupena du, eta eskuragarri dago plataforma digitaletan. Formatu fisikoetan ere lortu daiteke, establezimendu komertzialetan aurretiko eskaera eginda.
Ravelen musikan barna
Bost urte daramatza Treviñok Euskadiko Orkestrako zuzendari titular moduan, eta Ravelen musikan eta nortasunean barneratzeko apustua egin du hasieratik. Hainbat mugarri daude: urteotako denboraldietan eta Parisko Eliseo Zelaien antzokian Ravelen musika aurkeztu izana, Ondinerekin egindako bi grabazioak edo 2023an Polonian egingo duten bira.
Zuzendariaren arabera, Euskadiko Orkestraren eta Ravelen musikaren arteko harremana «aspaldikoa» da.
Ravelen oinarritutako bigarren diskoa atera du Euskadiko Orkestrak
Robert Treviñok zuzendu du lana, eta, besteak beste, Pierre Boulezek orkestratutako 'Frontispice' obra jasotzen du diskoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu