Munduko biztanleriak 8.000 milioi pertsonaren langa gainditu du jadanik

NBEren arabera, populazioa Indian ari da handitzen gehien; 2030erako Txina gaindituko du. Munduko biztanleriak gora egiten jarraituko du

Dominikar Errepublikan jaio da langa gainditu duena; Damian du izena. ORLANDO BARRIA / EFE.
Uxue Rey Gorraiz - Mikel Elkoroberezibar Beloki
2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Hazkunde demografikoa nabarmen ari da moteltzen munduan azken urteotan, baina joera goranzkoa da oraindik ere. Jaiotza eta heriotza kopuruak ekuazio berean jarri, eta emaitza positiboa da oraindik. Gero eta biztanle gehiago dira Lur planetan, eta mugarri bat erdietsi zuten atzo: 8.000 milioi pertsona baino gehiago daude munduan.

NBE Nazio Batuen Erakundea arduratzen da kontaketaz, eta badira egunak notizia iragarria zuela. Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresen iritziz, 8.000 pertsonaren langa gainditzea «mugarri historikoa da gizateriaren garapenerako». Atzo azaldu zuen osasun arloan eginiko aurrerapenei esker lortu dela batik bat kopuru horretara iristea. Izan ere, horrek egin du modua «zorrotz» apaltzeko amen eta haurren heriotza tasak, Guterresek nabarmendu zuenez.

Dena dela, oroitarazi zuen urteko hazkunde demografikoa gero eta geldoagoa dela 1950eko hamarkadatik aitzina. Hori gizartearen zahartzearekin zuzenki lotuta dago, NBEk aurten ondutako Munduko Biztanleriaren Txostenaren arabera. 65 urte baino gehiagoko biztanleria gainerakoa baino azkarrago ari da hazten, eta joera hori mantenduko dela aurreikusi du NBEk. Aurten, munduko biztanleen %10 dira 65 urte baino gehiago dituztenak, eta 2050ean, berriz, %16 izango direla ohartarazi dute txostenean.

Horregatik, NBEk ondorioztatu du jaiotzak murrizteko etorkizunean ezar litezkeen politika publikoek ez luketela eragotziko biztanleriak hazten jarraitzea 2050era arte. Datozen hamarkadetan jaiotza tasa baxu mantentzen bada, nabarmen murriztu liteke munduko biztanleria XXI. mendearen bigarren erdian.

10.000tik gora 2080rako

Dena den, atzo nabarmendu zuten munduko populazioa handitu egingo dela aurrerantzean ere. Datu hauek aurreikusi dituzte: 2030ean, 8.500 milioi biztanle izanen dira; 2050ean, 9.700 milioi, eta 2080an, berriz, 10.400 milioi baino gehiago.

Bestalde, espero dute 2030ean India izatea biztanle gehien duen herrialdea munduan; Txina da gaur egun lehenbizikoa sailkapen horretan. Hala ere, aurreikusten dute datorren urtean bihur litekeela India biztanle gehien duen herrialdea.

Gainera, Guterresek atzo ohartarazi zuen herrialdeen arteko berdintasunik ezak nabarmenagoak direla egunetik egunera. Datu bat eman zuen NBEren idazkari nagusiak: «Munduko errentaren bostena munduko %1 aberatsenen artean dute banaturik, eta herrialderik aberatsenetako biztanleen bizi itxaropena herrialde pobretuetako jendearena baino 30 urte handiagoa da».

NBEren txostenaren arabera, bizi itxaropen handiena duten herrialdeak Australia, Txina eta Japonia dira; 85 urtekoa da, batez beste. Baxuena, berriz, Afrika Erdiko Errepublikan, Txaden, Lesothon eta Nigerian dute; 54 urtekoa da. Datozen hamarkadetan herrialdeen arteko aldea gutxituko dela uste du NBEk, baina ez parekatuko denik.

Gaineratu dute migratzaileak izango direla datozen hamarkadetan herrialde aberatsenetako biztanleriaren hazkundearen berme bakarra. Kontrara, garapen bideko herrialdeetan jaiotza tasak «handiegia» izango da oraindik ere, NBEren arabera.

Halaber, krisiei aurre egiten ahalegindu beharra nabarmendu zuen atzo Guterresek. Klima krisia, COVID-19a eta gerra aipatu zituen. «Mundua arriskuan dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.