Arabako zerga bilketaren jaitsiera kalkulatutakoa baino txikiagoa izango da

Aurrekontua 82 milioi txikitu beharko du diputazioak, eta ez 100 milioi, iragarri bezala. Hiru diputazioen bilketa %21,8 jaitsi da maiatzera arte

Ramiro Gonzalez ekonomia suspertzeko planaren aurkezpenean, iragan maiatzean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun

Iragarpen txarrenak ere ez omen dira horren larriak, ez behintzat Araban, diputazioak «pixka bat» hobetu baitu zerga bilketaren aurreikuspena. Hala jakinarazi zuen Ramiro Gonzalezek atzo, Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Ahaldun nagusiak iragarri zuen zerga bilketan esperotako jaitsiera krisiaren hasieran kalkulatutakoa baino apalagoa izango dela azkenean.

 

Zehazki, erakundeak aurreikusi zuen 540 milioi euro gutxiago bilduko zituela aurten zergen bitartez, hau da, iazko diru bilketan baino %20-%22 gutxiago. Eta, beraz, ahaldun nagusiak iragarri zuen aurrekontua ere 100 milioi txikitu behar izango zuela. Datuak berrikusi ostean, ordea, Gonzalezek jakinarazi du 82 milioi txikitu beharko dutela.

Era berean, kalkulatu dute Arabako toki erakundeen finantzaketan 53 milioi euroko jaitsiera izan daitekeela, eta ez 63 milioi eurokoa, hasiera batean aurreikusi bezala.

«Jarduera suspertzen ari da, baina denbora batez iraungo dute gure ekonomia ia guztiz geldirik egon izanaren ondorioek», adierazi du Gonzalezek. Zuhurtziari eusteko eskatu du, ordea, haren hitzetan lurraldeko ekonomia «muturreko egoeran» dagoelako oraindik: «Egoera larria da, eta sakrifizioak egin beharko dira. Erakundeek baliabide gutxiago izango dituzte». Aurrekontuari eusteko konpromisoa erakutsi du ahaldun nagusiak: 48 milioiko aurrekontua bideratuko du guztira krisiari aurre egiteko: 60 milioiko poltsari eutsiko dio obra publikoetarako.

Zorpetzea handitzearen beharra aldarrikatu du Gonzalezek beste behin, eta iragarri du iaz baimendutako eta jaulki gabeko zorra erabiliko duela aurten krisiari aurre egiteko. Diputatu nagusiak esan du, halere, informazio zehatzagoa uda igarotakoan izango dutela, eta Itun Ekonomikoaren Batzorde Mistoa bildu arte zuhurtziari eusteko eskatu du. Izan ere, Gonzalezek aitortu du egoera «aldakorra» dela, eta nazioarteko egoeraren arabera alda daitekeela, Arabako ekonomian esportazioek garrantzi handia dutelako.

%21,8 behera

Ikusteko dago, ordea, baikortasun horrek zenbaterainoko eragingo duen bilketa osoan. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek 4.197 milioi euro bildu dituzte zergetan maiatzera arte, iaz tarte horretan baino 1.170 milioi gutxiago (-%21,8). Oraingoz, kontsumoaren gaineko zergetan antzematen da amiltzea: %30,4 gutxiago jaso du BEZak; %57,1 gutxiago garagardoarenak; %50,5 alkoholarenak, eta %14,2 hidrokarburoenak. Behera egin dute, halaber, errenta zergak (-%10) eta sozietateenak (-%17); azken horretan datorren urtean espero da jaitsierarik handiena.

Aurten bilketa %1,9 handitzea espero zuten ogasunek, baina krisiaren lehen egunetan onartu zuten bilketa asko jaitsiko dela. Bada, orain arteko datuak nahiko hurbil daude Jaurlaritzak apirilean kalkulatutakoarekin: bilketa %20 txikituko zela iragarri baitzuen; hots, 3.000 milioi euro gutxiago jasoko zirela zergetatik. Nafarroako gobernuak, berriz, 800 milioi gutxiago biltzea espero du (-%20,2).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.