Langile klasearen borroka indartzeko baliatu nahi du LABek Maiatzaren Lehena

'Euskal Herriak erabaki. Kapitala hautsi, bizitzari eutsi' izango da aurtengo leloa. Iruñean eta Baionan izango dira mobilizazio nagusiak

Maider Jauregi eta Garbiñe Aranburu atzo, erdian, Bilbon egindako aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Egungo testuinguruan sindikalismoa ezinbestekoa da, «baina ez edozein sindikalismoa». Hala uste du LAB sindikatuak. Maiatzaren Leheneko mobilizazioen berri emateko agerraldian, langile klasea ordezkatzen duten «errealitate ezberdinei» erantzungo dien eredua aldarrikatu du: «Langile kontzientzia indartu eta langile klasearen borroka bultzatuko duena». Hori erakutsiko dute Euskal Herriak Erabaki. Kapitala hautsi, bizitzari eutsi lelopean Iruñean eta Baionan egingo dituzten mobilizazioetan.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak eman ditu zehaztapenak. Batetik, testuingurua: «Faxismoaren gorakadaren eta kapitalismoaren oldarraldi berri baten aurrean gaude». Bestetik, erantzuna: «Langileak mobilizatzen eta borrokatzen ari dira lantokietan eta kalean, inposatu nahi dieten prekarizazio prozesu horren aurka». Eta LABek bi errealitate kontrajarri horien aurka batzera dei egingo du aurtengo Maiatzaren Lehenean. «Kapitalaren eta bizitzaren arteko talkan, Euskal Herrian erabaki dugu bizitzaren alde egitea». Oraingo giro sozial eta politikoak sindikatuak «zuzenean interpelatzen» dituela uste baitu Aranburuk, eta ondorioz «ekarpena» egin behar dutela.

Idazkariak hiru ardatzetan banatu du LABen «bizitzaren aldeko» apustua. Lehena: «Borrokarako gaitasuna duen sindikalismoa». Sektore ezberdinetako langileak aurrera eramaten ari diren mobilizazioei eta grebei egin die erreferentzia, ugarituz doan errealitatearen aurrean «eragile aktibo» izanez. Bigarren hanka da neurri zehatzak eskaintzea: soldata arrakala deuseztatzea, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, lan osasunerako eskubidea aldarrikatzea eta lanaldi murrizketari aurre egitea, besteak beste. Eta, azkenik, borroka eremu geografiko-politikoa. «Sindikalismoak jarrera argi bat izan behar du autodeterminazioaren alde. Inboluzio nazionalaren aurrean, hemen erabaki nahi dugu. Errepublika sozialista, feminista eta euskalduna osatu nahi dugu».

Bost aurpegi, borroka bat

Langile klasea ordezkatzen duten aurpegi guztiak aintzat hartu asmoz, leloan helarazi nahi izan duten talka gorpuztu dute. Bada, sindikatuak atzo egin zuen agerraldian bost langile zeuden. Pentsiodun bat, mugimendu feministako kide bat, gazte bat, etxeko langile bat eta migratzaile bat.«Sektore hauek eraldaketa sozialerako agente dira», azaldu du Maider Jauregi LABeko komunikazio idazkariak. Batasunaren isla, kolorez bete dute Maiatzaren Lehenera dei egiteko kartela, Jauregik azaldu duenez: «Kolore bakoitzak ezaugarri propioak ditu, baina denen nahasketaz bat egiten dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.