Kontzesionarioen negozioa %18 gutxitu da 2020. urtean

Sektoreak 8.000 laguni baino gehiagori ematen die lana Hegoaldean, baina dozenaka enplegu galdu dira azken urtean, eta lau kontzesionario itxi dira

Kontzesionarioek ez dituzte bezero asko eduki 2020. urtean. DAVID FERNANDEZ / EFE.
xabier martin
2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Autogintzak aspaldian gainean daraman zama, dieselaren beherakada tarteko, are astunagoa bihurtu da pandemiak lehertutako krisi ekonomikoaren ondorioz, eta 2020. urtean sektoreak izan dituen zenbaki txarrek eragin handia izan dute kontzesionarioen jardueran. Hego Euskal Herriko auto saltzaileek 395 milioi euroko salmentak galdu zituzten iaz, aurreko urtearekin alderatuta. Guztira, 1.906 milioi euroko fakturazioa lortu zuten: hau da, 2019an baino %17,8 gutxiago.

Martxo-apiril-maiatzetako konfinamendu gogorra harlauza handia izan da kontzesionarioentzat, baina urte osoan normaltasunari ezin eusteak ere ixtera behartu ditu batzuk, eta, hortaz, dozenaka enplegu galdu dira. Urte bakar batean lau kontzesionario itxita, 8.085 laguni ematen die lana sektoreak, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan. Baina kopuru horiek modu nabarmenean okertu ahal dira, salmentak ez badira suspertzen aurten. Faconauto Espainiako patronalak egindako galdetegi batek islatu du kontzesionarioen %64k uste dutela lantaldea murriztu beharko dutela aurten. Patronalak dio orain arte ABEE aldi baterako erregulazio espedienteei esker eutsi diotela enpleguari, hein handi batean, baina kaleratze masiboak egon daitezkeela aurten, osasun egoera hobetzen ez bada, eta, testuinguru berri batean, ez bada sektorea suspertzen atzera.

Errentagarritasunari eutsi al diote auto saltzaileek? Patronalak baietz dio, baina «tarte oso txikiekin». Alegia, dirurik ez dute galdu, oro har, baina kontzesionarioak zabalik mantentzeko baizik ez da izan irabazi hori. «Gure bideragarritasuna posible izan dadin, aurtengo lehen seihilekoan salmentak handitzea lortu behar dugu. Guretzat ezinbesteko baldintza da orain arteko krisia egiturazko krisi ekonomikoa ez bihurtzea, horrek kontsumoa suspertzea galaraziko bailuke», esan du Faconautok, ohar batean.

Krisia gehiegi irauten ari da sektore batzuentzat, eta auto saltzaileena amildegiari begira jarri da. 2022. urterako lortuko ditu 2019. urtean zituen salmenten parekoak, patronalaren arabera, eta, aurtengoari begira, bi aukera ikusten ditu Faconautok: lehena, Espainiako estatuan milioi batetik gorako salmentak lortzea, eta, bigarrena, milioi baten azpitik geratzea. Bigarren jokaleku horretan, kontzesionario askok arrisku handia lukete ateak ixteko, patronalak aurreikusi duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.