Jakina da koronabirusak kalte nabarmena egin diela ekonomiako sektore gehienei, baina gutxi batzuek hazteko modua izan dutejokaleku berrian. Supermerkatuak dira pandemiari ekonomikoki izkin egin eta egoera bere alde jartzen asmatu duten sektoreetako bat. Eta Irungo Uvesco taldeak, BM eta Super Amara supermerkatuekin, inoizko salmentarik handienak lortu ditu 2020an: 954 milioi euro, iaz baino %23 gehiago.
Hazkunde hori «erabat apartekoa» izan da, taldeko zuzendari nagusi Jose Ramon Fernandez de Barrenak onartu duenez, gastuaren zati bat «sektore batzuetatik bestera joan delako» koronabirusak bultzatuta; ostalaritzatik saltokietara, esaterako. Horregatik, 2021erako aurreikuspenean apartekotasun hori hartu du kontuan Uvescok: 910 milioi eurora jaitsiko da fakturazioa aurten, baina, hala ere, 2019arekin alderatuz %18 gehiago izango da.
Izan ere, Uvescok hedapenarekin jarraitu du. Zazpi supermerkatu berri zabaldu ditu, eta, dagoeneko, 5.664 langile ari dira taldeko supermerkatuetan eta zentro logistikoetan. Lantaldean beste 543 behargin sartu dira azken urtean. «Saltoki berriez gain, lantaldea berrindartzeko erabakia hartu dugu, segurtasunari lehentasuna emanez», esan du Fernandez de Barrenak. Denda berri horiek zabaltzeko, 38 milioi euroko inbertsioa egin du Uvescok, eta beste lau milioi euro gastatu ditu segurtasunerako ekipamenduetan: maskarak eta beste hainbat babesgarri. Gastuen esparruan ere, 7,5 milioi euro baliatu ditu enpresak lantaldeari ordainsari bereziak emateko. «Lan izugarria egin dute, eta bikain erantzun dute muturreko egoera batean. 2020an aurreko urteko absentismo mailari eutsi diogu», esan du zuzendariak. Horrez gain, beste zazpi milioi euro baliatu ditu enpresak lantaldea sendotzeko kontratazio berrien bidez.
Madrilera begira dago
Fernandez de Barrenak uste du oraindik «urrun» dagoela normaltasuna osasun arloan, eta «are urrunago» ekonomiari dagokionez, «baina 2021ean normaltasunera gerturatzen hasiko da». Taldeak bere hedapenarekin jarraituko du jokaleku horretan: beste hamar saltoki zabalduko ditu, baina bakarra Euskal Herrian: Sopelan (Bizkaia). Gainontzekoak Espainian irekiko ditu: zazpi Madrilgo erkidegoan, batCastro Urdialesen (Kantabria) eta beste bat Logroñon (Errioxa).
Hala, enpleguak ere gora egingo du berriro banaketa taldean, baina 2021ean sortzen diren enplegu gehienak Euskal Herritik kanpo sortuko dira. Fernandez de Barrenak aurreikusi du 200 bat langile gehiago beharko dituztela guztira.
Uvescok %1,1 igo du bere merkatu kuota 2020an, eta Hego Euskal Herrian, %20 inguru da kuota hori. Iaz egindako salmenta guztien hiru laurden baino gehiago Euskal Herrian egin ditu. Bizkaian, 100 denda ditu taldeak; Gipuzkoan, 56; Nafarroan, 24; eta Araban, zazpi. Baina Madril da 2017tik taldeak hedapenerako begiz jota daukan eremua. Guztira, 240 saltoki ditu Uvescok, eta beste hamahiru frankizia gisa.
Uvesco taldeak ia laurden bat handitu ditu salmentak pandemiaren urtean
BM eta Super Amara supermerkatuek 954 milioi euroko fakturazioa lortu dute, iaz baino %23 gehiago. 543 enplegu sortu ditu enpresak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu