ELAk «talka» handi bat iragarri du, ez diotelako «beste biderik uzten»

«Beste pobretze fase bati aurre egitea» izango da Maiatzaren Leheneko martxen ardatza. Gutxienez %25eko tasa eskatu du sozietate zergan

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza eta Antolakuntza arduradun Leire Txakartegi, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
Donostia
2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetan zabaldu den jokaleku sozioekonomiko berriaren inguruan ELAk egiten duen diagnosiarekin lotu du Maiatzaren Lehena haren idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak. Ukatu egin du Ukraina izatea inflazio handiaren eragile bakarra, «gerra hasi aurretik ere» energia oso garesti baitzegoen. «Eredua da arazoa, eta konponbidea ere bai», esplikatu du. Hala, langileek erosteko ahalmen gehiago ez galtzea izango da ordezkaritza handien duen euskal sindikatuaren zeregin nagusia datozen hilabeteetan: «Aurrerantzean ere grebak beharrezkoak izango digutu». Maiatzaren Lehenean, erdigunean jarriko du soldatak «behintzat KPIa bezainbeste igotzeko borroka».

Lakuntzak salatu du iruzur energetikoa egiten ari direla enpresa handiak, eta gobernuek beste alde batera begiratzen dutela. «Urkulluk, Txibitek eta Sanchezek ez dute ezer egiten enpresa handi horien etekinak ukitzeko, haiek egiten dutena egiten dutela ere». Eta ELAk proposamen zehatz bat dauka: energiaren prezioei muga bat jartzea. Argindarra eta erregaia «herritarren eskubide gisa» hartu beharko lirateke, haren ustez. «Benetan egingarria da», gaineratu du.

Inflazioari eusteko eta aberastasuna hobeto banatzeko, erreforma fiskal baten beharra azpimarratu du sindikatu buruak. Enpresen gaineko irabaziak gutxieneko %25eko tasa batekin zergapetu behar dira, harentzat. Europako Batasunean gutxieneko %15ekoa adosten saiatzen ari dira azken hilabeteetan, baina ELAko buruak uste du gutxienez %25 izan behar duela tasa horrek.

Grebaren balioa

Edonola ere, Lakuntzak argi ikusten du «pobretze fase batean» daudela euskal langileak, «azken hamarkadan %10 galdu ostean erosahalmenean». Horregatik, esan du «langileak antolatuko» dituztela «inoiz baino gehiago», soldatak igo daitezen KPIaren arabera. «Uzten diguten bide bakarra grebaren balioa da. Gure esku dago borrokarako antolatzea. Sinatuta dauden itunetan, iazko inflazioa aplikatzen ari dira; esaten digute ezin dela, baina gertatzen ari da dagoeneko».

Lakuntzarentzat, «lotsagarria da» agintariek KPIa ez ordaintzeko beste formula batzuk helaraztea, «enpresa handiek inoiz baino irabazi gehiago izan dituzten honetan». Hori dela eta, «hain zuzen, alderantzizkoa» egingo du ELAk; hau da, inflazioa bezainbesteko soldata igoerak eskatu. Greba deialdi batzuk egin dituzte sindikatuek, Arabako metalean eta zahar etxeetan, adibidez: «Talka batera goaz; ez digute beste biderik uzten», esan du, luze gabe egon daitezkeen gatazka gogorrei erreparatuz.

Hori horrela, erosteko ahalmenaren balizko galeraren auzia ardatz jarrita egingo du Maiatzaren Lehena ELAk. Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan antolatu ditu manifestazioak, 11:30ean, Gasteizen salbu, 12:00etan izango baita hura. Borrokan ari gara, prekaritatea buka dezagun izango da manifestazio horien leloa. ELAk kalkulatu du 541.600 langile prekario daudela Hegoaldean, eta garrantzia kendu dio lan erreformaren ondoren egon den finko-etenaren kontratuen hazkundeari, «horietako langile askok lanaldi partziala dutelako eta beste asko egun gutxitan aritzen direlako beharrean urte osoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.