Hegoalde osoan eska daitezke garraiolarientzako diru laguntza zuzenak

Nafarroako Gobernuak eta aldundiek ireki dituzte eskaerak jasotzeko epeak. 30 milioi euro inguru banatuko dituzte gidari eta enpresen artean

Lurraldebusen autobus bat. Zerbitzu publikoen esleipena duten enpresek ere eska ditzakete laguntzak Gipuzkoan. G. R. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Hegoaldeko garraio sektoreko enpresa eta langile autonomoek dagoeneko eska ditzakete erregaiaren garestitzearen eragina leuntzeko laguntza zuzenak. Espainiako Gobernuak 450 milioi euroren diru poltsa iragarri zuen martxoaren 25ean, eta Nafarroako Gobernuak eta aldundiek ireki dituzte laguntzak eskatzeko leihatilak. Eskaera epea apirilaren 30ean amaituko da, eta, ondo bidean, maiatzean bideratuko dira laguntzak. Eskaerak webgune ofizialetan egin behar dira.

30 milioi euro ingururen laguntzak banatuko dituzte Hego Euskal Herrian. Nafarroak iragan astean jakinarazi zuen 8,2 milioi euro jaso dituela, Arabak 2,5 milioi banatzeko asmoa du, eta Gipuzkoak, zortzi milioi inguru. Bizkaiak ez du eman bere kopuruaren berri. Onuradun posiblegehien duen lurraldea da, eta Gipuzkoak eta Nafarroak jaso dituzten kopuruak ikusita, ondorioztatu daiteke hamabi milioi euro inguru jasoko dituela.

Diru laguntzak ibilgailu kopuruaren eta haren motaren arabera banatuko dituzte. Zama garraio astunerako kamioi bakoitzeko 1.250 euro eskatu ahal izango dira; kamioi arin edo furgoi bakoitzeko, 500; autobus bakoitzeko, 950; anbulantzia bakoitzeko, 500; eta taxi eta IG lizentzia bakoitzeko, 300. Enpresa batek asko jota 400.000 euroko laguntza jaso ahalko du.

Ez da erraza jakiten zenbat diru laguntza eskaera egongo diren. Kamioiei dagokienez, 124.000 daude matrikulatuak Hegoaldean, baina argi dago guztiek ez dituztela gutxieneko baldintzak betetzen. Nafarroako Gobernuak, esaterako, onartu du kamioien 5.700 eskaera inguru espero dituela, eta guztira 36.414 daude Nafarroan. Autobusen eta taxian kasuan, datu orokorra eskatzaile posibleen kopurutik gertuago egon beharko luke. Hegoaldean 4.431 autobus daude guztira, eta 1.600 taxi lizentzia.

Baita Lurraldebus ere

Autobusen hariari eutsiz, Rafaela Romero Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak zehaztu du Lurraldebus autobus garraio zerbitzu publikoa eskaintzen duten enpresek ere eskatu ahal izango dituztela laguntzak. «Garraio publikoaren kasuan, laguntza honekin bermatu ahal izango dugu erregaiaren garestitzeak ez duela eraginik izango herritarrek ordaintzen dituzten tarifetan», iragarri du.

Laguntza hauek aurretik harturikoei gehitzen zaizkie. Aldundiek dagoeneko fiskalitate salbuespenak egin dituzte garraio sektoreko autonomo eta enpresei laguntzeko. Esaterako, langile autonomoen gastuen forfaita—justifikatu gabekoak— % 55etik %70era igo dute, eta zergen ordainketa interesik gabe geroratu ahal izango dute. Erregai litro bakoitzari ezarritako hogei zentimoko beherapena ere indarrean dago. Egun gidari guztiek baliatu badezakete ere, hasiera batean garraiolarientzat zen bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.