Erdogan prest agertu da bitartekari izateko Errusia eta Ukrainaren artean

Turkiako presidenteak «pozik» hartuko luke liderren arteko goi bilera bat. Ukrainaren «lurralde osotasuna» defendatzen duela esan dio Zelenskiri

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea eta Volodimir Zelenski Ukrainakoa, atzo, Kieven. SERGEY DOLZHENKO / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Turkiak harreman diplomatiko onak dauzka Ukrainarekin eta Errusiarekin, nahiz eta Moskurekin badituen ika-mika geopolitikoak. Horregatik, Recep Tayyip Erdogan presidenteak bere burua aurkeztu du bitartekari izateko bi herrialdeen artean. Elkarrizketaren bidea ibiltzeko eskatu die biei, baita zabaltzen ari diren mezuak baretzeko ere. Kieven izan zen, atzo, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirekin, eta nabarmendu zuen Ukrainaren «lurralde osotasuna» defendatzen duela; hau da, Errusiak 2014an Krimeako penintsula anexionatu izanaren kontra dagoela, beste batzuetan ere adierazi izan duen bezala. «Pozik hartuko genuke agintarien arteko goi bilera bat, edo batzar tekniko bat», planteatu zuen, bilkuraren ondorengo agerraldian. Ondoan zuen Zelenski, eta Ukrainako buruzagiak begi onez hartu zuen proposamena.

Ukrainaren eta Errusiaren arteko tentsioaz mintzatu ziren bi agintariak, baina bilera baliatu zuten, gainera, Ankarak eta Kievek turismo sektorean —Itsaso Beltzak bi herrialdeak bustitzen ditu— eta industria militarrean duten lankidetza harremanetan sakontzeko. Turkiak, esaterako, gutxienez hamabi drone saldu zizkion iaz Ukrainari, eta horrek Errusia haserretu zuen.

Geopolitikoki, Errusiak eta Turkiak, batzuetan, ez dituzte interes berak; Sirian eta Libian, esate baterako. Baina, behinola aliatu izan arren, Turkiaren eta AEBen arteko harremanak gaiztotu egin dira Joe Biden Etxe Zuriko maizterra denetik, eta Erdoganek EB Europako Batasunarekin dituen erlazioak ere ez dira, oro har, oso onak. Kasu horietan, beraz, ondoan eduki du Vladimir Putin Errusiako presidentea. Ongi konpontzen dira. Harreman horiek testuinguratzeko orduan aintzat hartu behar da, gainera, Errusia dela Turkiaren gas hornitzaile nagusia, inportatzen duenaren %33 Moskuri erosten baitio. Errusiak, bide batez, harreman onak ditu Txinarekin, eta Putin gaur da Xi Jinping presidentearekin Pekinen biltzekoa, Neguko Olinpiar Jokoen inaugurazio ekitaldia dela eta.

Errusiaren kritika AEBei

AEBetako Gobernuak jakinarazi zuen, herenegun, datozen egunetan 3.000 soldadu gehiago hedatuko dituela Europa ekialdean: 1.000 bat Errumanian, eta 2.000 inguru Polonian eta Alemanian.Moskurentzat, horrela jokatuta «tentsioa areagotu» besterik ez du egiten Washingtonek. «Orain jada ez da adierazpen probokatzaileak egiten dituztela esanez laster gerra bat egongo dela eta denok garesti ordainduko dugula, baizik eta soldadu estatubatuarrak bidaltzen dituztela. Argi dago pauso horiek ez dutela laguntzen», azaldu zuen, atzo, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero egin ohi duen prentsa agerraldian.

Mendebaldearen esanetan, Errusiak 100.000 bat soldadu dauzka hedatuta Ukrainako mugatik gertu, eta Bielorrusian ere hedatze handi bat egin du, Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak atzo prentsa agerraldi batean adierazi duenez. «Gerra Hotzaz geroztik [Moskuk] egin duen handiena da. Borrokarako 30.000 tropa espero dira». Errusiako eta Bielorrusiako gobernuek adostua dute hilaren 10a eta 20a artean maniobra militarrak egitea.

Eta, gerra hotsekin lotuta, Errefuxiatuentzako Norvegiako Kontseiluak ohartarazi zuen, atzo, izan daitekeela Ukrainako herritarren desplazamendu masibo bat. «Ukraina ekialdeko milioika lagunen bizitza eta segurtasuna arriskuan dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.