Pasaiak 2019ko trafikoa gainditu du, eta Bilbok ez

Bizkaiko portuak hobetu egin ditu 2020ko emaitzak, baina azpitik jarraitzen du: -%11,9. Industria olioen eta gasaren garraioa apaldu da

Olioa garraiatzen duen barku bat, Bilboko portuan. MIGUEL TOÑA / EFE.
jokin sagarzazu
2022ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Oro har joan den urtea ona izan zen Bilboko eta Pasaiako portuentzat. Susperraldi ekonomikoak mundu osoko itsas garraioan eragindako logistika arazoek erabat baldintzatu dute haien jarduna, baina 2020. urteko emaitzak hobetzea lortu dute. Dena den, Bilboko portua pandemia aurreko kopuruetatik urrun dago oraindik: %11,9 azpitik. Pasaia, aldiz, bigarren urtez jarraian gainetik egon da: %9 iaz.

Dena den, Bizkaiko portua da, alde handiz, salgaien sarbide eta irteera nagusia Hego Euskal Herrian: iaz guztizkoaren %89,8 egin zen handik. 2020a oso urte txarra izan zen, %16,65eko erorikoarekin. 2021a mantso hasi zuen, baina hilabeteek aurrera egin ahala, trafikoa bizkortuz joan zen, eta %5,58ko hazkundearekin amaitu zuen, guztira 31,3 milioi tona mugituta; pandemia aurreko urtean baino 4,2 milioi gutxiago.

2020ko datuekin alderatuta, salgaien garraioan %13,53ko hazkundea izan zen Bilboko portuan: besteak beste, metalgintzako produktuak, mineralak eta gisakoak sartzen dira atal horretan. Edukiontzietan garraiatutakoak, berriz, %9,15 hazi ziren.

Bizkaiko portuan, dena den, garrantzi berezia dute gas likidotuaren eta petroliotik eratorritakoen trafikoak. Han daude Bahia de Bizkaia gasifikatze planta eta Petronorren findegia: produktu horien garraioa %2,16 murriztu zen 2021ean, eta, 2019ko datuekin alderatuta, %14,7 apaldu zen. Eragin zuzena izan dute Petronorrek urtean zehar bere fintze linea batzuk gelditu izanak eta Europako gas biltegiak hornitzeko kontinenteko portuen artean egon den lehia handiak.

Siderurgiak bultzatuta

Pasaian ez dute arazo hori izan, likidoen garraiorik ez baita egiten han. Ezta edukiontziena ere. Hori dela-eta Bilbok baino hazkunde handiagoa izan du azken urtean: %16,48koa (3,5 milioi tona, guztira). Hori, neurri handi batean, produktu siderurgikoen trafikoaren igoeraren ondorio da. Horiek bilduta, %20,4 hazi da salgaien garraioa Pasaian.

Portuko beste merkantzia nagusia autoak dira. Eta kasu horretan emaitza negatiboa izan da, bigarren urtez jarraian: -%11,4koa. Autoen produkzioa nabarmen murriztu zen iaz, osagai faltagatik, eta horrek eragin zuzena izan du salmentetan eta garraioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.