Hiru emakumetik batek diskriminatua dela sumatzen du bere lanean

Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa baten arabera, emakumeen %79k uste dute gizonek baino soldata txikiagoa daukatela

Donostiako haur eskola bateko langile bat gela bat garbitzen. GORKA RUBIO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emakumeen %32k uste dute emakume izateagatik diskriminatu egin dituztela inoiz lanean. %20k «noizean behin» sentitzen dute bazterketa hori; %7k, «sarritan», eta %5ek, «oso sarritan». Horrek ez du esan nahi besteek inoiz halakorik sentitu ez dutenik, %73 «gutxitan edo inoiz » izan baitira diskriminatuak. Hala, %5ek bakarrik diote «inoiz ez» dituztela diskriminatu. Gizonezkoei dagokienez, %11 sentitu dira diskriminatuak gizonezko izateagatik.

Eusko Jaurlaritzak lantokietako soldata eta genero arrakalari buruz eginiko inkesta baten emaitzetako bat da hori. Diskriminazio sentipen hori areagotu egiten da ikasketa mailak gora egin ahala. Izan ere, goi mailako ikasketak dituzten emakumeen %38k sentitzen dute diskriminazioa —noizean behin, sarritan edo oso sarritan—, bigarren mailako ikasketak dituztenek (%33) eta oinarrizko ikasketak dituztenek (%22) baino gehiago. Gizonezkoetan, joera alderantzizkoa da.

Pertzepzio horretan sakondu du inkestak, eta, esaterako, emakumeen %79k uste dute gizonezkoei baino gutxiago ordaintzen dietela: alegia, soldata arrakala existitzen dela. Gizonezkoen artean %72k uste dute emakumeei gutxiago ordaintzen zaiela.

Soldata arrakala ikusi bai, baina kontzeptua ezagutzen al dute? Emakumeen %63k eta gizonezkoen %76k, bai. Are gehiago, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %79 soldata arrakalari aurre egiteko legezko neurriak hartzearen «erabat alde» daude. Batezbesteko hori %81erainokoa da emakumezkoetan.

Soldatan jarri du arreta handiena ikerketak, baina bilakaera profesionalaren beste hainbat arlori buruz ere galdetu du. Horrela, emakumeen %69k uste dute enpresan gora egiteko egoera okerragoan daudela, eta batezbesteko hori %73 da sustapen hori ardura karguetara iristeko denean. Lan egonkortasunari dagokionez, emakumeen %61en iritziz, gizonezkoak baino egoera okerragoan daude, eta batezbestekoa bera da lana aurkitzeko aukeren inguruan galdetzen zaienean.

Emakunderen laguntzak

Ikerketaren harira, Emakundek bikoiztu egingo du soldata arrakala amaitzeko asmoz berdintasun planak egiteko bideratzen duen diru laguntzen kopurua: 200.000 eurotik 400.000ra igaroko da aurten. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren ustez, soldata arrakala «arazo sakona» da, baina enpresetan egiten diren berdintasun planei esker aurrerapauso garrantzitsuak egiten dira.

Jaurlaritzak arrakala bukatzeko estrategiaren inguruan ere galdetu du, eta emakumeen %55ek ez dute ezagutzen; gizonezkoen %57k ere ez. Datu horiei gehitu beharko litzaieke %25ek zerbait entzun dutela estrategia horri buruz, baina ez dakitela zer den. Azkenik, emakumeek 5,9ko nota jarri diote soldata arrakala bukatzeko harturiko neurrien eraginkortasunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.