CAF eta haren azpikontrata bat ostera zigortu dituzte amiantoagatik

Ia 280.000 euro pagatu beharko dizkiote hildako langile baten familiari. CAFek helegitea jarri du amiantoarekin lotutako beste kasu batean

CAFeko langile batzordearen agerraldia, martxoan, amiantoaz zeharka gaixotu direnak gogoratzeko. J. MANTEROLA / FOKU.
aitor biain
2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak CAF eta haren azpikontrata bat, Jose Manuel Armesto Valcarce enpresa, zigortu ditu amiantoagatik. Hala, Donostiako lan arloko epaitegi batek iaz emandako epaia berretsi du auzitegiak, eta ia 280.000 euroko kalte-ordaina eman beharko diote, bien artean, amiantoaren ondorioz gaixotu eta hil zen langile ohi baten familiari; hala jakinarazi du CCOOk.

2018ko azaroan hil zen behargina, amiantoarekin lanean ibili izanak eragindako gaixotasun baten ondorioz. 1971 eta 1972 artean sei hilabetez aritu zen CAFen, eta trenak muntatzeko lanetan zela izan zuen kontaktua amiantoarekin. CCOOk adierazi du epaimahaiak «frogatutzat» eman duela CAFen instalazioetan amiantoaren eraginpean egon zela, eta hura manipulatzeko lanetan ez zela langilea babesteko ekipamendurik eta segurtasun sistemarik erabili.

Sindikatuak salatu du CAFek argudio «eskasak» erabili dituela epaiketan bere erantzukizuna ukatzeko. Besteak beste, amiantoaren arriskuaz iritzi publikoa aldarazi nahi izana egotzi dio enpresari, eta gogorarazi du langilea gaixotu zen garairako bazegoela amiantoagatik babesteko neurrien inguruko erregulazioa.

Helegitea beste kasu bati

Duela bi aste ere amiantoagatik hildako beste langile baten kasuagatik zigortu zuen Donostiako auzitegi batek CAF, eta haren senideei 133.655 euroko kalte-ordaina ematera zigortu zuen. Asviamie amiantoaren biktimen elkarteak salatu duenez, ordea, enpresak helegitea aurkeztu du.

Senideek hildakoaren birikak izoztu zituzten, eta 2017an eginiko txosten batek frogatutzat eman zuen amiantoagatik hil zela langilea. Elkarteak gogorarazi du enpresa aurrez ere ahalegindu zela zalantzan jartzen langilearen biriketan amianto zuntzak zirela frogatzen zuten mediku txostenak. CAFek tabakismoa argudiatu zuen epaiketan kalte-ordaina erdira murrizteko.

Asviamie elkarteak CAFi egotzi dio helegitearen bidez bere erantzukizunak ukatu nahi izana, eta amiantoaren eraginez enpresaren Gipuzkoako lantegietan hil diren 55 langileri «trufa» egitea. «Amiantoaren arriskua ezkutatu zuten, eta ez zieten jaramonik egin hainbat hamarkadatan», salatu du elkarteak. Eta gaineratu du datorren astelehenean, urriaren 26an, CAFen aurkako beste kasu bat epaituko dutela, amiantoaren ondorioz hil zen beste langile bati dagokiona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.