Beharbada Eguberrietako oporren ostean lanera itzuli beharrarekin lotuta, edo besterik gabe, ia mundu guztiarentzat albiste pozgarria litzatekeelako, azken egunetan ziztu bizian hedatu da albistea: Finlandiako Gobernua 24 orduko lan astea ezartzeko prest zegoela. Europako hainbat egunkaritan agertu da notizia, baita gure lerroetan ere. Baina ez da egia; Finlandiako Gobernuak gezurtatu egin du halako asmorik duenik bere gobernu programan.
In the Finnish Government´s program there is no mention about 4-day week. Issue is not on the Finnish Government’s agenda. PM @marinsanna envisioned idea briefly in a panel discussion last August while she was the Minister of Transport, and there hasn’t been any recent activity.
— Finnish Government (@FinGovernment) 2020(e)ko urtarrilaren 7(a)
Nahasmenaren iturrian Sanna Marin lehen ministro berriak joan den urteko abuztuan, oraindik soilik Alderdi Demokratako buru zela, egindako adierazpen batzuk daude. Hitzaldi batean honakoa esan zuen: «Pertsonek merezi dute familiarekin denbora gehiago egotea, maite dituztenekin, beren aisialdian eta bizitzaren beste esparruetan, esaterako kulturan; hori izan daiteke hurrengo urratsa lan bizitzari dagokionez». Eta egun berean txiokatu zuen: «Lau eguneko lan astea edo sei orduko lan eguna, soldata txukun batekin, utopia da gaur egun, baina egia izan daiteke etorkizunean".
Abenduan bihurtu da Sanna Marin lehen ministroa, bost alderdiren sustenguarekin. Eta hark aurretik adierazitako ideiak berriz ere albistegietara itzuli direnean, etorri da gaizki ulertua, telefono hautsiarekin bezala, ideiak, asmoak, denborak, eta gurariak nahastu direnean.