Cecobik lan baldintzetan atzerapausoak eman nahi dituela salatu dute

ELA eta LABen arabera, Bizkaiko merkataritza patronalak ez du lan hitzarmenean jaso nahi igande eta jaiegunetan lan egiteko debekua

Bizkaiko merkataritza langileek atzo Bilboko Kale Nagusian eginiko protesta ekintzetako bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Cecobi patronalak negoziazio mahaian proposatu dituen «atzerapausoak» salatu dituzteBizkaiko hainbat merkataritza sektoretako langileek. Hainbat lan hitzarmen berritzen saiatzen ari dira bi aldeak, eta negoziazioak «blokeatuta» daude. Hori aski ez, eta, ELA eta LAB sindikatuen iritziz, patronalak atea ireki dio lan baldintzak okertzeko aukerari. Besteak beste, salatu dute Cecobik ez duela itunean sartu nahi igandeetan eta jaiegunetan lan egiteko debekua. Gauzak hala, sindikatuek mobilizazio aro bati ekingo diote; printzipioz martxora arte luzatuko da, eta ez dute baztertzen udaberrian urrunago jotzea. Iazko ekainaren 25eanegin zuten azken greba eguna, eta Bilboko hainbat arropa denda handi itxi egin zituzten.

«Gure lan baldintzak ez daude beherapenetan», hori izan zen ELAk eta LABek atzo Bilboko Kale Nagusian eginiko protestaldietan erabili zuten leloa. Cecobirekin izandako bileren berri emateko antolatu zuten. Besteak beste, ehungintza merkataritzakoa, merkataritza orokorrekoa eta zapata eta larrugintza dendetako lan itunak dituzte mahai gainean. Ez dira gatazka berriak; azken itun hori, esaterako, 2007az geroztik berritu gabe dago. Ezta txikiak ere: ehungintzakoa 2015ean berritu zen azkenekoz, eta orduan 5.505 langileri eragiten zien bakarrik Bizkaian.

Sindikatuen arabera, merkataritza patronalak denda fisikoetan izandako salmenta beherakada erabiltzen du argudio gisa hobekuntzak ukatzeko. ELA eta LAB, baina, ez datoz bat: «Argudio hori ez da baliagarria, ez baitute kontuan hartzen Internet bidezko salmentetan izandako jauzi handia. Mozkin erraldoiak izaten ari dira, eta zuzendaritzakoek sumatzen dituzte bakarrik». Merkataritza langile askok, ehungintzakoek kasurako, multinazional handien dendetan dihardute.

Hobekuntzarik ez, eta, langileen ustez, «atzerapausoak» ikusten ari dira negoziazio mahaian. Esaterako, sindikatuek espresuki jaso nahi dute lan itunean igande eta jaiegunetan lan egiteko debekua. Patronalak, berriz, ez dio zentzurik ikusten, igandean irekitzen ez dutelako. Langileek, baina, zehaztea nahiago dute; esaterako, elikagai merkataritzaren hitzarmenean agertzen den bezala. Sindikatuek, halaber, patronalak aipaturiko beste bi baldintza gaitzetsi dituzte: batetik, antzinakotasunaren desagerpena; eta, bestetik, udako larunbat arratsaldeetan lan egitea.

Bretxa, igandean itxita

Bilbon bakarrik ez, Donostian ere merkataritza langileak igandean lan egiteko aukeraren aurka agertu ziren atzo. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, Jaietan denok jai plataforman bat eginda, Donostiako Udalak turista asko jasotzeko gunea handitu izana arbuiatu zuten. Izendapen horren menpeko eremu berriak Bretxako merkatua ere hartzen du, eta, horrenbestez, bertako dendek igande guztietan irekitzeko baimena dute. Sindikatuen ustez, aldaketa horrek «ondorio tamalgarriak» izango ditu. Salatu dutenez, igandean irekitzeko askatasunak kate handiei egingo die mesede, eta, aldiz, «kalte baino ez» denda txikietako merkatari eta langileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.