Zamaketarien subrogazioa ezartzen duen akordioa indargabetu dute epaileek

Auzitegi Nazionalaren arabera, kalte ekonomiko handia eragiten die enpresei. Baliteke atzerapausoa eragitea zamaketarien eskaeretan

Bilboko portuko zamaketariek 2017ko greban eginiko manifestazioetako bat. MIGUEL TOÑA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Litekeena da Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakia bizkarreko handia izatea zamaketarien lan eskaerentzat: epaileek indargabetu egin dute zamaketarien subrogazioa ezartzen zuen akordioa, Anesco enpresa elkartearen eta zamaketarien sindikatuen artean hitzarturikoa. 1986an adosturiko akordio horren arabera, zamaketa enpresek lehentasunez kontratatu behar zituzten jarduna publiko zenetik portuetan ziharduten langileak. Epaileen ustez, baina, obligazio horrek «kalte ekonomiko handiak» eragiten dizkie zamaketa enpresei, eta «ageriko desabantaila» egoeran uzten ditu azken urteetan sorturiko enpresen aurrean, haiek ez zutelako akordioa sinatu. Zamaketarien sindikatuen erreakzioa ikusi beharko da orain.

Auzitegi Nazionalak zamaketarien lan jarduna arautzen duen IV. marko akordioaren hainbat artikulu indargabetu ditu: besteak beste, subrogazioarena. Enpresen aldetik Anesco elkarteak sinatu zuen akordio hori zamaketa sektorearen %85 kontrolatzen du. Hor daude, besteak beste, Bilboko portuko lau enpresetatik bi eta Pasaiako portukoa. Beste %15, baina, Asoport elkarteko kideen esku dago, besteak beste, Bilboko portuan diharduten beste bi enpresak, eta hark jarri zion helegitea akordioari. Espainiako Gobernuak zamaketariak libreki kontratatzeko modua egiten duen dekretu bat sinatu zuen 2017an —Europako Batasuneko epaitegiak behartuta—, eta, Asoporten iritziz, indargabeturiko akordioak askatasun hori zapuzten zuen.

Muinean 1986ko akordioa dago. Hartaz geroztik zamaketariek lan erregimen berezia izan dute. Garai hartan, langileak kudeatzeko zentroak sortu ziren portuetan, SAGEPak edo CPE delakoak. Zamaketa enpresak zentro horien akziodun izatera behartzen zituen, eta aurretik zeuden zamaketariak kontratatzeko lehentasuna ezartzen zien. Akordioa 2018an berritu zen Anescoren eta sindikatuen artean, eta jarduna arautzeko balizko V. marko akordioan sartu zen subrogazioa, baina, orain, legez kanpokoa da.

Auzitegi Nazionalaren iritziz, akordio horrek 2017ko Europako Batasuneko Auzitegiaren ebazpena urratzen du, eskulanaren kudeaketaren «monopolio sistema» bat ezartzen duelako, «espresuki legez kanpokotzat» jo dena. Era berean, ebatzi du langile berriak onartzeko prozesuko eskaera ugariak dekretuak ezarritako betekizunetatik haratago doazela, eta «kontrol sindikala» eragiten dutela prozesuan; alegia, langileen ordezkaritzaren oniritzirik gabe ezin dela lortu.

2017ko eskaerak, airean

Iragan ostiralean BERRIAn argitaratu zen Espainiako Gobernuak Bilboko portuko zamaketarien lan gatazka konpontzeko diseinaturiko formula. CPEa mutualitate bihurtzea da eskaintza, eta, hura desegingo balitz, zamaketa enpresak zamaketariak langile gisa hartzera behartzea. Ebazpen berriarekin, baina, zaila dirudi akordioa indarrean sartzea, subrogazio eskubidea baita hura sustengatzen duen oinarrietako bat.

Ikusteko dago zamaketarien sindikatuek nola erantzungo duten; ebazpen horrek, Hego Euskal Herriko portuetakoaz gain, Espainiako portuetako lan harremanak baldintzatuko baititu. 2017an grebara jo zuten, eta protestaldi hartan lorturiko hainbat eskubide kolokan daude orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.