Euskal ikerlari talde batek unibertsoaren jatorriaz ikertzeko laguntza jaso du

9,3 milioi euro lortu dute DIPC, EHU eta Ikerbasque-ko hiru ikertzailek proiekturako. Neutrinoa bere antipartikula ote den argitu nahi dute

Fernando Cossio eta Juan Jose Gomez Cadenas. ANGEL L.FERNANDEZ.
edurne begiristain
2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Unibertsoaren jatorriari buruz ikertzeko 9,3 milioi euroko diru laguntza jaso du DIPC Donostia International Physics Center, EHU eta Ikerbasqueko ikertzaile talde batek. Europako Batzordearen Ikerketa Kontseiluak zientzia sustatzeko ikertzaileei ematen dizkien laguntzen artean, ERC Synergy izenekoak dira prestigiotsuenak, eta euskal ikerlari talde batek lehen aldiz lortu du horiek erdiestea: Juan Jose Gomez Cadenas, Donostia International Physics Centerren (DIPC) lanean diharduen Ikerbasqueko ikertzaileak, Fernando Cossio, Euskal Herriko Unibertsitateko Kimikako katedraduna eta Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak, eta Roxanne Guenette, AEBetako Harvardeko Unibertsitateko Fisikako irakasle laguntzaileak eskuratu dute 9,3 milioi euroko diru laguntza.

Synergy-2020 NEXT-BOLD proiektuaren bidez ikertu nahi dute unibertsoaren jatorria. Sei urte iraungo du egitasmoak, eta Harvard Unibertsitatearen partaidetzarekin garatuko dute. Ikerlari taldeak ohar batean azaldu duenez, ikerketa proiektuarekin neutrinoa bere antipartikula ere ba ote den egiaztatu nahi dute, unibertsoaren jatorriari buruzko funtsezko galderei erantzuteko. Besteak beste, «materiaren eta antimateriaren arteko asimetria kosmiko misteriotsua argitzeko» aukera izango dute ikerlariek.

«Aurkikuntza garrantzitsuak» egin ahal izateko ateak parez pare zabaldu dizkietela aitortu dute ikertzaileek, eta aurrean duten erronkaren tamaina nabarmendu dute. «Zientzian zailena galdera handi bat egitea da, galdera zaila baina erantzunezina ez dena», azpimarratu du Cossiok.ERC Synergy laguntzak lortu izanak erronka zientifiko garrantzitsuenei heltzeko modua eskainiko diela gaineratu du Cadenasek.

Neutrinoen izaera

Jasotako diru laguntzaren bidez, unibertsoari buruzko enigma ugari deskodetu nahi ditu ikerlari taldeak. «Zergatik dago materiaz eginda gure unibertsoa? Zergatik existitzen da dena ezagutzen dugun bezalaxe?». Adierazi dutenez, galdera horiek partikulen fisikan eta kimikan oro har ebatzi gabe dauden problemarik garrantzitsuenetako bat jartzen dute mahai gainean, eta neutrinoaren izaera nolakoa den argitzeko bidea ireki dezakete. Izan ere, partikula ez ezik, bere antipartikula ere izan daiteke neutrinoa.

Gauza jakina da unibertsoa ia osorik materiaz eginda dagoela, baina, Big Bang teoriaren arabera, jatorrizko unibertsoak materiazko zein antimateriazko partikula kopuru bertsua zuen. Baina horrek beste galdera bat jartzen du mahai gainean: non gelditu zen unibertso goiztiarreko antimateria? Ikertzaileek azaldu dute litekeena dela neutrino astunak egotea eta neutrinoek beraien antipartikulak ere izatea. Hain zuzen ere, Cadenas Canfrancen (Aragoi, Espainia) duen lurpeko laborategian neutrinorik gabeko beta bikoizteko desintegrazioa aurkitu nahian dabil Next izeneko esperimentu batekin, eta hari bultzada emateko asmoa du ikertzaile taldeak.

Zehazki, Next detektagailuaren belaunaldi berri bat «diseinatu, garatu eta eraikitzea» da Synergy-2020 NEXT-BOLD proiektuaren helburua. «Adierazle molekular fluoreszente batean eta teknika mikroskopiko aurreratuetan oinarrituta, barioaren ioia behatu ahal izango dugu», azpimarratu dute. Esperimentu horrek neutrinoa bere antipartikula dela egiaztatzeko gaitasun handia izango luke, ikertzaileen ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.