Auditoreak zalantzak ditu Tubos Reunidosek lanean segitzeko duen gaitasunaz

PwCk zorraren berregituraketari buruzko ziurtasun faltaz oharra egin du bere txostenean. Burtsan %9 amildu dira tutugilearen akzioak

Tubos Reunidosen Amurrioko lantegia. JUANAN RUIZ / FOKU.
Irune Lasa.
2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Tubos Reunidos egoera zailean dagoela agerian gelditu da, berriz ere, PwC kontu auditoreak tutugilearen iazko kontuei buruz egindako txostenean, zeina herenegun erregistratu baitzen CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordean.

Joan den irailaz geroztik, banku talde batekin duen zorra nola ordaindu negoziatzen dabil Amurrioko taldea, aitortua baitu oso zaila izango duela gaur egungo ordainketa epeak betetzea. Negoziazio hori argitu artean, eta, gaur egungo egoerari begira, PwCren ustez, «ziurgabetasun material bat dago, zeinak zalantza nabarmenak sor ditzakeen sozietateak enpresa gisa lanean jarraitzeko duen gaitasunari buruz».

Krisitik atera nahian zebilen Tubos Reunidos, eta haren ibilbidea okertu besterik ez zuten egin AEBez kanpoko altzairuari Donald Trumpek jarritako %25eko muga zergek, eta hura bere zorraren ordainketa berriz negoziatzera behartu zuten. Amurrioko taldeak bere salmenten %45 inguru egiten ditu AEBetan.

Tubos Reunidosek 2017. urtean izenpetutako kreditu sindikatuak gaur egun hiru zati ditu: 120,5 milioi eurokoa da mailegu nagusia, bost urtetan haziz doazen amortizazioekin —10,6 milioi iaz; 11,1 milioi aurten; 26,3 milioi 2020an; 32,5 milioi 2021ean; eta 37,6 milioi 2022an—.

Bigarren mailegua—58,2 milioi eurokoa— bost urte eta erdiren buruan kitatu behar du tutugileak, kapitala epe amaieran itzulita eta ordura arte soilik interesak ordainduz. Kreditu sindikatuaren hirugarren zatia, berriz, 29 milioi eurokoa da, automatikoki bost urte eta erdira luzatu daitekeena —baldintza jakin batzuk beteta—.

Ordainketak atzeratzen

Joan den abenduan, zorra ordaintzeko zailtasunetan, kredituaren kontratua berritu zuen Tubos Reunidosek, eta 2018ko azaroko kuotaren eta interesen ordainketa 2019ko otsailera atzeratzea hitzartu zuen bankuekin. Era berean, bankuek barkatu egin zioten kredituak ezartzen zuen finantza ratioa ez betetzea.

Otsailean azaroko kontuak kitatuta, beste kontratu berritze baten bidez, otsaileko ordainketak maiatzera arte atzeratzea lortu zuen Arabako enpresak. Txostenaren arabera, kreditua berregituratzeko negoziazioetan buru-belarri dabil Tubos Reunidos, eta haiek «aurki ixtea» espero du.

Iaz, Tubos Reunidosek 34,4 milioi euro galdu zituen, baina galeraren arrazoi nagusia zorraren ordainketa izan zen, emaitza operatiboak positiboak izan baitziren (18,6 milioi euro). Taldeak%10 handitu zuen bere negozio kopurua —342,5 milioi euroraino— petrolio industriaren eskaerei esker. Eta aurtengo bigarren seihilekoan eskariak eta salmentak handitzea espero du.

Bitartean, Trapagarango Productos Tubularesen iragarritako kaleratzeak baztertuta, tutugintza taldea behin-behineko lan erregulazio dosierrekin egiten ari da aurre ekoizpen murrizketei. 2018 amaieran 1.351 langile zituen Tubos Reunidosek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.