Amazonek uko egin dio Oiartzunen zabaltzekoa zuen zentro logistikoari

Oiartzungo Udalak jakinarazi du multinazionalak agiri bat erregistratu duela azken orduetan, eta berretsi proiektua bertan behera utziko duela

Oiartzungo Amazonen aurkako protesta bat. JON URBE / FOKU.
xabier martin
2022ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Amazonek ez du Oiartzunen (Gipuzkoa) zentro logistikorik izango. 2020. urtean, herri horretan biltegi handi bat zabaltzeko tramiteak abiarazi zituen Jeff Bezosen multinazionalak, baina, azkenerako, enpresak berak uko egin dio proiektuari, Oiartzungo Udalak sare sozialen bidez jakinarazi duenez. Aurrera egin izan balu, urte amaieran zabalduko zuten munduko saltokirik handienaren zentro logistikoa Oiartzunen, baina udalak adierazi du Amazonek agiri bat erregistratu duela, jakinarazteko bertan behera utzi duela Lanbarren industrialdeko Talleres San Joseren lokaletan biltegia irekitzeko asmoa.

«Adierazi dute estatu mailako antolaketa eredua berriro pentsatu dutela, eta ez dutela hemengo zentroaren beharrik», esan diote udaleko iturriek Oarsoaldeko Hitza-ri. Amazonek hartuko zituen partzela eta pabiloia inbertsio funts batenak dira gaur egun. Azkenaldian lurraren deskontaminazio lanak egin ditu lurren jabeak, eta jada harremanetan jarri da udalarekin: jakinarazi dio hainbat garraio enpresak interesa dutela partzelan euren jarduna ezartzeko. Udalak erantsi duenez, HAPOaren arabera, eremu horretan soilik jarduera logistiko edota industrialak egin daitezke. «Herriaren garapen industrialaren eta komertzio txikien sustapenean lanean» jarraituko duela gaineratu du.

Oiartzungo eta haren inguruko merkataritza alorreko eragile asko Amazonen planen aurka aritu dira horien berri izan zutenetik. «Amazonen jardueraren helburua erosle partikularrei ondasunak saltzea denez, zentro horren jarduera online merkataritza izango litzateke, jarduera logistikotik harago, eta, horregatik, merkataritza gune baten baimena beharko luke», azaldu zuten Dendartean eta Euskaldendak elkarteek iaz. Edozein saltokiren biltegia «negozioaren parte den moduan», merkataritza elkarteek uste dute Amazonen biltegia ere hala izango zela, «Internet sarearen bidez milaka txikizkako salmenta egiteko oinarrizkoa» izango zelako.

Salmentarekin lotutako egituren baimenak interes publikoarekin lotuak daudela gogoratu dute sarritan elkarteek, «oreka, jasangarritasuna, aniztasuna eta gertutasuna» bermatzeko. «Konpainia handien merkataritza elektronikoak ez die inolako abantailarik ekartzen helburu horiei; eta, beraz, besteei bezala, konpainia handiei ere muga horiek jarri behar zaizkie».

Izan ere, administrazioak baimen asko exijitu izanak eraman du Amazon proiektua bazter uztera. AEBetako multinazionalak badu zentro logistiko bat Bizkaian, Trapagaranen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.