Tubos Reunidosen jarduerak eutsi egin dio urtearen hasiera aldeko goranzko joera «indartsuari», eta, zortzi urtean lehenbizikoz, 1,9 milioi euroren irabaziak eskuratu ditu lehen sei hilabeteetan. Hodigilea finkatuz doa pixkanaka, batez ere kontuan izanda zer-nolako kargak jasan behar izan dituen. Pandemia betean, aldi baterako lan erregulazioan jarri zituen orduko 850 langileetatik 638; 2020ko ekainetik urrira bitartean, langile horiek lanaldiaren %27 baizik ez zuten bete. Egoerari buelta ezin emanda ibili da—100 milioi euroren galerak izan zituen 2020an—, eta iragan urte hasieran 115 milioi euroko erreskatea eskatu zion Espainiako Gobernuari. Eskatu eta lortu: urtearen erdialdean, 112,8 milioi jaso zituen kreditu parte hartzaileetan, SEPIren bidez.
Bultzada horri esker, Amurrioko (Araba) hodigilea egonkortzen ari da. Azken urteetan ohi bezala, galerekin itxi zuen 2021a (45,3 milioi euro). Ez oraingoan, ordea. Energia sektoreak hilabeteotan izandako gorakadak eraginda, eskaria gero eta handiagoa da lantegian. Gora doaz produkzio kostuak ere, baina lortu du horiek salmenta prezioetara bideratzea. Apurka-apurka, baina hartu du aurreranzko martxa.
Horiek horrela, iazko lehen sei hilabeteetan halako bi (+%111) saldu du Tubos Reunidosek; 243,8 milioi euroren diru sarrerak izan ditu. Hazkunde horrek badu arrazoirik atzean: petrolioa eta gasa ateratzeko hodien salmentak izugarri egin du gora, %281, hain zuzen. Diru sarrera guztien laurdenak baino gehiago (%28) salgai mota horietatik lortu ditu hodigileak. Erregaia lortzeko beste prozesuetan erabiltzen diren tutuak ere ez dira atzean geratu.
Nork eskatu dizkio, bada, hainbeste tutu? AEBak izan dira nabarmentzeko moduko bezeroa. Urteko lehen erdiko fakturazioaren %46 (104,9 milioi euro) handik atera da. Iaz halako lau ordaindu dute estatubatuarrek: bilakaera ez da txikia. Beste %42, berriz, Europak ordaindu du (95,4 milioi).
Datozenak
Taldearen guztizko zorra 388,3 milioi eurokoa da oraindik ere—horietatik 115,5 milioi erreskateari dagozkie—. Denborak esango du zor hori zertan geratuko den, baina, gaur-gaurkoz, «neurrizko baikortasunez» begiratzen dio Tubos Reunidosek hemendik aurrerakoari. 2023an, behintzat, «emaitza garbi positiboranzko dinamikan sartzea» espero du.
Hurrengo urtea hasi aurretik, izango du beste konturik:SEPIren erreskateak modua eman dio trantsizio energetikorako eta deskarbonizaziorako eraldaketa egiteko. Enpresak asmoa du hodien ekoizpena Amurrion biltzeko urte amaierarako —Trapagarango altzairutegia eta Iruñeko Adecsa itxi egingo ditu—.
Tubos Reunidosek buelta eman die galerei, petrolioak eta gasak bultzatuta
Zortzi urtean lehenbizikoz, irabaziak izan ditu Amurrioko hodigileak lehen seihilekoan. Iaz halako bi fakturatu du: 243,8 milioi euro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu