«Indarkerien zikloaren ondorioei» aurre egitea galdegin du Foro Sozialak

Ohartarazi du bestela «arriskua» dagoela aro hori behar bezala ez ixteko. Dioenez, Naziometroaren datuek «berretsi» egiten dute iritzi hori

Foro Sozial Iraunkorreko eledun Agus Hernan, Aieteko Konferentziaren urteurreneko ekitaldian. JON URBE / FOKU.
gotzon hermosilla
2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Foro Sozial Iraunkorrak uste du Naziometroak plazaratutako datuek berretsi egiten dituztela beste inkesta eta azterketa batzuek emandakoak, adibidez EITB Focus inkestak urrian jakinarazitakoak: alegia, ETAk jarduera armatua bertan behera utzi zuenetik hamar urtera oraindik badaudela jorratu beharreko arloak eta konpondu beharreko arazoak bizikidetza bermatzeko. Foro Sozialak uste du arazo horiei heldu ezean arriskua dagoela«indarkeria zikloa» behar bezala ez ixteko.

Naziometroaren arabera, Euskal Herriko herritarren %64,8k uste dute euskal gatazka ez dagoela erabat itxita, eta oraindik konpondu gabeko esparruak daudela. Foro Sozialak gogorarazi du datu hori bat datorrela EITB Focus inkestak joan den urrian plazaratutakoarekin. Ikerketa haren arabera, Hego Euskal Herriko biztanleen %72,3k uste dute ETAren jarduera armatua amaitu eta 10 urtera «hainbat kontu gainditzeko» daudela oraindik.

Hiru gako

Foro Sozialak aspaldi identifikatu du zeintzuk diren konpondu beharreko arlo horiek: biktimen auzia, presoena eta memoria kritiko inklusiboa. Uste dutenez, ikerketa soziologikoen emaitzek berretsi egiten dute diagnostiko hori.

Adibidez, Naziometroan galdekatutako herritarrek antzeko gaiak aipatu dituzte, konpondu beharreko arloez itaundu dietenean: ezker abertzaleak eta Espainiako Estatuak eragindako kaltearen aitorpena, torturak berriro ez egiteko bermea (%38-40), eta, horiekin batera, presoen auzia eta Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak egindako kaltea aitortu beharra (%25-30).

Foro Sozialaren ustez, horrek guztiak erakusten du badaudela «euskal gizartean oso errotuta dauden eta eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozialek baztertu ezin dituzten egiturazko joera batzuk: gaur egun oraindik ere oso beharrezkoa da indarkerien zikloaren ondorio batzuei aurre egitea». Esan dutenez, «indarkerien zikloa behin betiko itxi gabe orria pasatzeko arriskua» benetakoa da, eta gertatutakoa errepikatuko ez dela bermatzeko modurik onena gai horiek konpontzeko bidean paratzea da.

«Elkarrizketaren eta hitzaren kultura sustatzen jarraitzea» proposatu du Foro Sozialak; horretarako, «hitza desarmatzeko» eta «iraganeko inertziei» amore ez emateko eskatu die eragileei, «eskuzabaltasunez eta interes alderdikoiak baztertuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.