Bi asteko eztabaidaren ondotik, lehen baiezko bat eman zion asteartean Frantziako Asanbleak «separatismoaren kontrako» lege proposamenari. 347 diputatuk bozkatu zuten alde, 151k kontra, eta 65 abstenitu ziren. «Errepublikaren printzipioen errespetua indartzea» xede duen legeak polemika eragin du azken asteetan Frantzian, oinarrizko hainbat eskubide ukituko dituelako, hala nola irakaskuntzaren edo elkarteen antolakuntza eta erlijioen finantzaketaren gaia. «Lege seguritario eta libertizidoen bitartez» batasun nazionalaren ideiak «indartu nahi izatea» leporatu dio Frantziako Gobernuari EH Baik. Martxoaren 30ean hasiko dute lege proiektuaren eztabaida Frantziako Senatuan.
Jean Castex Frantziako lehen ministroak aurkeztu zuen lege proiektua iragan udan, Frantzian gertatutako eraso islamistei aurre egiteko helburuarekin. Lehen ministroak estatuaren «etsai» gisa aurkeztu zuen «separatismoa» orduan. Izan ere, lege proiektuaren helburua «hainbat talde, beren ezaugarri etnikoetan edo erlijiosoetan oinarrituta, jarrera intrantsigentez ixteko aukera eragoztea» litzateke, Castexen arabera.
«Gure herria separatismo batek jota dago, eta horietako lehena, islamismoa, gure batasun nazionala sakonki hondatzen ari da», adierazi du Asanbleako eztabaidetan Gerald Darmanin Barne ministroak. «Gaixotasuna izendatzen jakin behar da; botikak aurkitu behar dira», gaineratu du. Ezkerreko oposizioaren zati batek, ordea, musulmanak «estigmatizatu» nahi dituela salatu du.
Lege horrek «segurtasunean eta indibidualismoan oinarrituak diren jarrerak indartzen ditu», EH Bairen iritziz, eta erantzun politiko, sindikal edo kultural ororen «aurkako frontea» izanen da. «Musulmanen estigmatizazioaz gain, lege honek, Segurtasun Orokorraren Legeak bezala, askatasun publikoak murriztea eta biztanleria gehiago kontrolatzea ekarriko du. Zerbitzu publikoetako langileak, diruz lagundutako elkarteak, hezkuntza erakunde pribatuak eta kultura elkarteak dira zibilizatuak».
Ezkerreko abertzaleek uste dute lege proiektuan erabiltzen diren terminoak «lausoak» direla eta «interpretaziorako tartea» uzten dutela, eta larrialdi egoeran egiaztatutako «lerratze kezkagarriak» nabarmentzen direla: «dagoeneko ez dira egitateak edo delituak zigortuko, ustezko asmoak baizik. Euskal Herrian eta abertzale gisa, lege paradoxiko berri horren beldur gara, askatasuna mugatuko duelako eta eskubideak mehatxatuko dituelako».
«Separatismoaren kontrako» legea onartu du Frantziako Asanbleak
Senatuan eztabaidatuko dute martxoaren 30etik aitzina. «Kezka» agertu du EH Baik, Batasun Nazionalaren ideiak «indartuko» direlakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu