Gasteizko aurrekontuak adostu dituzte Urtaranen gobernuak eta EPk

Elkarrekin taldeko zinegotzien abstentzioari esker onetsiko dira kontuak. Azpiazu eta Gorrotxategi hirugarrenez batzartuko dira, gaur

Gorka Urtaran, alkatea izendatzeko udalbatzan, 2019ko ekainean. E. P. / FOKU.
jon olano
2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko aurrekontuen negoziazioan zer gertatuko den ikuskizun dagoen honetan, Gasteizko Udalean ados jarri dira EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernua eta Elkarrekin Podemos-IU, aurrekontu proiektua aurrera ateratzeko. Hitzarmenaren bidez, Elkarrekin taldeko hiru zinegotziak abstenitu egingo dira bozketan. Jeltzaleek eta sozialistek hamahiru zinegotzi dituzte 27tatik, eta, beraz, talderen baten babesa behar zuten aurrekontuak onesteko. Iazkoak ere talde berarekin adostu zituen gobernuak.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak atzo goizean Euskadi Irratian aurreratu zuen akordioa; iragarri zuenez, akordio horri esker, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak (EAJ) konpromisoa hartu du Subilla Gasteizko Armentia II hobian gas ustiapena ez baimentzeko eta etxebizitzaren alokairuen prezioak arautzeko. Gorrotxategik azaldu zuen akordioa «konpromiso politikoetan» oinarritzen dela.

Itunaren bitartez, Elkarrekin-en 34 zuzenketa txertatuko dituzte aurrekontu proiektuan, guztira hiru milioi pasa euro. Besteak beste, diru hori babes sozialera bideratuko dute, etxebizitza eta enplegu politiketara, politika feministetara eta trantsizio ekologikora. Guztira, 458,3 milioi euro izango dira aurrekontuak, eta udal gobernuak aurreikusi du martxoaren 4an sartzea indarrean, urtarrilaren 26an udalbatzak ontzat jo eta gero.

Akordioarekin pozik agertu da Urtaran, argudiatuta «egitekoa bete» dutela. Izan ere, uste du aurtengo aurrekontuak «inoiz baino beharrezkoagoak» direla COVID-19aren izurria eragiten ari den egoera ekonomiko eta sozialetik irteteko. Konforme azaldu da Maider Etxebarria alkateordea ere (PSE-EE), «denon ongia lortzeko helburua» nagusitu zaiolako «konfrontazioari».

EH Bilduk, ordea, osoko zuzenketa bat aurkeztuko du aurrekontu proiektuaren aurka —baita Arabako Aldundiak aurkeztutakoaren aurka ere—, iritzita udal gobernuarena «proposamen txarra» dela eta ez diola «erantzuten» hiriak duen egoerari. PPk, berriz, adierazi du Gasteizek, historiako krisirik okerrenean, «aurrekonturik okerrena» izango duela.

Jaurlaritza-EP, gaur

Oraindik zabalik daude Eusko Jaurlaritzaren eta Elkarrekin Podemos-IUren arteko elkarrizketak, EAEko aurrekontu proiektuaren negoziazioari begira. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua gaur bilduko da, hirugarrenez, Miren Gorrotxategi buru duen negoziazio taldearekin. 09:30ean hasiko dute bilkura, telematikoki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.