Laboral Kutxaren inkestak dio litekeena dela makina are gehiago moteltzea

Enpresen konfiantzari buruzko inkestaren arabera, bakarrik enpresarien %4,6k uste dute egoera ekonomikoa hobetuko dela martxora arte

Behargin bat lanean, Vicrila enpresan, Leioan (Bizkaia). LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
xabier martin
2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak darabilen hazkundeari buruzko termometroak hazkunde sendoaren esparruan kokaturik jarraitu du urte bukaeran, baina hozteko joera argi batekin; bada, Laboral Kutxak enpresen konfiantzari buruzko inkestak islatu du ekonomia are gehiago hoztuko den zantzuak dituztela enpresariek. Izan ere, urteko lehen txanpari begira, aurreko hiruhilekoan baino ezkorragoa da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa arduradunen ikuspegia. Fakturazioaren harira dituzten aurreikuspenek okerrera egin dute nabarmen: %52,4k diote salmentei eutsiko dietela, eta, %22ren ustez, fakturazioak hobera egingo du. Enpresen laurdenek baino gehiagok, ordea, uste dute fakturazio apalagoa izango dutela urtarriletik martxorako epean.

Aurreko adierazlearekin bat, eta 2020ko lehen hiruhilekoan espero den jardueraren bilakaera ikusita, %57k uste dute ez dela aldaketarik egongo, eta %10ek baino gehiagok, hobera egingo duela. Alabaina, %32,4k uste dute jarduerak okerrera egingo duela, eta portzentaje hori asko hazi da aurreko epealdiarekin alderatuz.

Erantzun horiek ikusita, zalantza bat sortu zaie Laboral Kutxako analistei: «Zer portaera izango dute saldutako kopuruek eta prezioek?». Hau da, fakturazioaren eta jardueraren inguruko aurreikuspenen oinarrian dauden gakoak zein norabide hartuko dute? Bada, kreditu kooperatibako adituek diote enpresen eskaera mailak okerrera egingo duela. Inkestari erantzun diotenen %55ek uste dute bolumenean ez dela aldaketarik egongo, eta %19k, erriz, hobera egingo duela. Enpresen %26k, ordea, eskaerek behera egingo duela diote.

Enplegua ere okerrera

Prezioei dagokienez ere, emaitzek okerrera egin dute: inkesta egin dutenen hiru laurdenek uste dute prezioek bere hartan jarraituko dutela lehen hiruhilekoan. Gainerako enpresen artean, %9,4k erantzun dute prezioak igo egingo direla, eta %16k, behera egingo dutela. Errentagarritasunaren inguruko aurreikuspenei dagokienez, enpresarien %64,3k uste dute «berdin» jarraituko duela; galdekatutako enpresarien %12,9ren iritziz, berriz, irabazteko marjina handiagoa izango da; eta %22,8k etekin txikiagoak espero dituzte.

Datu horiek guztiek islatzen dute litekeena dela 2019ko urte bukaera baino okerragoa izatea 2020ko hasiera; badirudi enpresek ez dutela asmorik ahalmen produktiboari eusteko, eta, azken finean, langileen kopurua handitzeko. Albiste txarrak dira enpleguarentzat. Enpresen %78,7k erantzun dute enpleguan ez dutela aldaketarik espero; %10,9k, lantaldea handitzeko «itxaropena» dutela, eta %10,4k, guztiz kontrakoa: murriztu egingo duela.

Inbertsioari dagokionez, berriz, enpresen %67k esan dute eutsi egingo diotela 2020ko lehen hiruhilekoan. Eta %14,4k espero dute bolumenak gora egitea. Horrenbestez, gainerako %8,5ek uste dute behera egingo duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.