300 euskal preso eta iheslari Iparraldean; horietako batzuk, «prekaritatean»

Ipar Euskal Herrian bizi diren preso eta iheslari ohien egoeraren diagnostikoa aurkeztu du Harrerak. Instituzioen laguntza eskatu dute

Harrerako kideak, atzo, Baionan. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Baiona Adierazpena izenpetu zuten 2014an kolore politiko anitzetako ordezkariek, gatazkaren konponbidean Ipar Euskal Herrirako bide orri bat osatzeko asmoarekin. Azpimarratu zuten puntuetako bat zen instituzio publikoek plan bat osatu behar zutela euskal presoen bergizarteratzeko, besteak beste, enplegurako laguntza, etxebizitza eta erretretaren eskuratzea kontuan hartuko zituena. Lan hori egiten ari da Harrera elkartea 2012ko ekainetik, eta, lehen aldiz, diagnostiko bat aurkeztu du, Ipar Euskal Herrian bizi diren preso eta iheslari ohien egoera azaleratuz. Kolektibo horretako kideek dituzten zailtasunak azpimarratu dituzte, eta batzuek bizi duten prekaritatea deitoratu.

300 bat preso eta iheslari ohi bizi dira gaur egun Ipar Euskal Herrian. Horien artean egoera zailenean diren pertsonak identifikatu dituzte: alde batetik, presondegian edo erbestean igarotako urteen ondorioz ez dutenak gizarte segurantzan gutxieneko denbora kotizatu edo kotizatuko; bestetik, gatazkaren ondorioz traumatismoren bat pairatu dutenak: presondegia eta erbesteaz gain, tortura eta GALen atentatuak aipatu dituzte. Orotara ehun bat pertsonarengana jo dute, eta beste 75i desmartxaren berri eman diete, behar izanez gero Harrerarekin harremanetan sartzeko gomita eginez. Galdetegia erantzun duten 70 pertsonen artean, gehiengoa gizonezkoa da; Lapurdi kostaldean bizi da, eta 60 urte ditu batez beste. Presondegian egon diren gehienek bost urte baino gutxiago pasatu dituzte preso; erbestean egon diren gehienak hogei urtetik gora egon dira. Hala ere, zehaztu dute irailean bukatu zutela galdetegia, eta, beraz, txostenean ez direla agertzen ordutik presondegitik atera direnak eta erbestetik itzuli direnak.

Egoera sozio-profesionalak kezkatzen du gehien Harrera. Elkarrizketatutako 29 erretretan dira, baina soilik lauk dute tasa osoko erretreta; gehienek diru sarrera osagarria jasotzen dute. Beste 42 langileak edo langabetuak dira, eta, gelditzen zaien urte kopurua kontuan hartuta, horietako bakar batek ere ez du tasa osoko erretreta erdietsiko. «Parean ditugun problematika nagusienetako bat da», azaldu du Jokin Etxebarria preso ohiak.

Horrez gain, gatazkaren ondorioen eragina azpimarratu du; bereziki, euskal militanteen kontra hartutako salbuespen neurriak. Fijait fitxategi judizial automatizatuan izendatzea eta lurralde debekuak izan dira horietako azkenak. «Bidean edo geldirik dituzten prozedura juridikoen ondorioz, 24 lagunek Damoklesen ezpata dute buru gainean». Traumatismoei dagokienez, bederatzik torturak pairatu izana salatu dute; beste batzuk zaurituak izan dira GALen edo beste talde paramilitarren atentatuen ondorioz.

Erantzun kolektiboa

Peio Bellan Harrerako presidenteak azaldu du elkartea sortu zenetik 49 pertsonari eskaini diotela zuzeneko laguntza arlo anitzetan. Halaber, partaidetzak eginik sare bat osatu dute, osasuneko profesionalekin, etxebizitza arloan (Soliha eta Atherbearen bidez), abokatuekin eta hainbat elkarte egituratako berrogei bat pertsonarekin. Ehun kide daude Harreran, eta diru ekarpenak ere jasotzen dituzte; besteak beste, hamar herriko etxerenak. Garapen Kontseiluan gatazkaren konponbideaz abiatu duten gogoetan ere parte hartzen ari dira. Preso eta iheslari ohiek bizi dituzten egoera anitzei buru egiteko, «Elkarte, eragile politiko eta instituzioen laguntzarekin erantzun beharko da, kolektiboki».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.