Bortxatu egin dutela salatu du emakume transexual batek Gasteizen

Iragan igandean izan zen erasoa, eta Ertzaintza ikertzen ari da. Aste hasieratik indarkeria matxistako sei salaketaren berri eman dute

Erredakzioa
2021eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Emakume transexual batek bortxaketa bat salatu du Abetxukon, Gasteizen. Igande iluntzean gertatu zen. Labanaz mehatxatu eta bortxatu ostean, ihesari eman zion erasotzaileak. Emakumeak polizia etxera jo zuen, salaketa jartzera, eta Ertzaintza erasoa ikertzen ari da. Gasteizko Udalak «arbuioa» adierazi dio jazoerari.

Ikusgune LGTBIfobiaren aurkako taldeak babes osoa helarazi dio emakumeari, eta eskura dituen baliabideak eskaini dizkio. Behatokiak gogora ekarri du azken horrekin hamabost eraso erregistratu dituela iragan maiatzetik: homofoboak bost, lesbofoboak bi, eta transfoboak zortzi. Datuen argitara, Ikusgunek uste du «argi dagoela trans kolektiboaren aurkako etsaitasuna dela, hain zuzen ere, azken hilabeteetan gehien handitu dena».

Ikusguneren arabera, «goraldi LGTBI+fobiko bat» dago. Ohar bidez salatu duenez, «inoiz baino beharrezkoagoa da erasoaren ataria diren diskurtsoak amaitzeko indarrak ugaritzea». Uste dute «gorroto diskurtso eta erasoen atzean kolektibo oso bati zuzentzen zaion mezu bat ezkutatzen» dela, eta horrek «jendarte osoa interpelatzen» duela. Dei egin dute eraso LGTBIfobikoei erantzun kolektiboak ematera.

Beste erasoa

Ikusgunek emakume transexual baten aurkako beste eraso bat ere salatu zuen iragan asteazkenean. Jakinarazi zuen iragan uztailaren 22an izan zela, 64 urteko emakumea Gasteizko alde zaharreko taberna batetik ateratzen ari zela. Gizonezko batek «marikoi zikina» deitu zion, hiru ukabilkada eman zizkion, eta lurrera bota zuen.

Aste hasieratik indarkeria matxistako bost salaketaren berri eman du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak: Barakaldon (Bizkaia) bi eraso izan zirela eta Araban beste bi gizon atxilotu zituztela jakinarazi zuen astelehenean, eta atzokoa da bosgarrena. Horrez gain, Bokalen (Lapurdi) 25 urteko gizon bat atxilotu zuten astelehen arratsean, bikotekide ohiari eta 18 hilabeteko umeari eraso egitea egotzita. Emakumeak Polizian jarritako salaketaren arabera, autoan zihoan haurrarekin, eta gizonak jazarri eta hiru aldiz jo zituen bere ibilgailuarekin. 23 urteko andreak asteburuan ere salatu zuen gizona, telefono bidez heriotza mehatxuak egiteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.