Koronabirusa

Bizkaiko metalgintzako enpresen %30ek langile kopurua murriztuko dute

Enpresen %41ek adierazi dute behar baino langile gehiago dituztela. Ezinbestekotzat jo dute erregulazio txostenak urte amaiera arte luzatzea

Sidenorren altzairutegiko bi langile altzairu pieza handiei forma ematen dien makina zaintzen. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Koronabirusak eragindako krisi ekonomikoak kalte «larria» eragin die Bizkaiko metalgintzako enpresei, eta bereziki autogintzaren sektorean dihardutenei. Tamara Yague Bizkaiko Metalgintzako Enpresen Federazioko presidente hautatu berriak atzo emaniko datuen arabera, gaur egun enpresen %90 «geldirik daude edo atzeraka egiten ari dira», eta %42k baino ez dute espero epe motzean jarduna berpiztea. Itxaropentsu dauden enpresa horiek, gainera, ekoizpenaren %50 eta %75 artean kokatzen dute pizkunde posible hori.

Krisiak eragina izango du enpleguan. Federazioaren barne inkestari erantzun dioten enpresarien %30ek lantaldea murriztea aurreikusi dute, eta %41ek uste dute egungo lantaldea handiegia dutela. Krisiaren aurretik 48.000 pertsonak egiten zuten lan Bizkaiko metalgintzan. Kaleratze horiek eragotzi eta enpresen bideragarritasuna errazteko, Yaguek derrigorrezkotzat jo zuen ezinbestean eskaturiko aldi baterako erregulazio txostenentzako onarturiko arau bereziak «gutxienez» abendura arte luzatzea.

Sektoreak beharko lituzkeen neurrien artean, kontratuak egiteko garaian « malgutasun handiagoa» mesedegarria litzakeela nabarmendu zuen, baita ekonomiaren modernizazioa eta enpresek nazioartean zabaltzea erraztuko luketen neurriak ere.

Enpresen %77ren eskaera zerrenda «ahula edo oso ahula» da, eta horregatik aipatu zituen neurri horiek. Hala ere, epe erdira argi printza batzuk ageri dira: enpresen bi herenen arabera, sei eta hamabi hilabete artean itzuliko dira aurrekora. Alde horretatik, enpresei gehien lagundu dieten neurriak maileguak eskatzeko ICOren bermeak eta zergen atzeratzea izan dira.

FVEMek, baina, argi utzi nahi izan zuen metalgintzaren barruan arlo guztien egoera ez dela bera, eta autogintzarena bereziki delikatua dela.«Autogintza oso kaltetua izan da, eta krisiaren inpaktua handiagoa izango da, baita lanpostu galerari dagokionez ere». Arloko enpresen erdiek inkestan esan dute atzerakada nabarmenean daudela, eta %94k ez dute espero aurrekora itzultzea hamabi hilabete baino lehenago. Konponbide bila jarrita, FVEMek beharrezko ikusten du kontsumoa aktibatzeko neurri gehiago, «eta zehatzago batzuk, bereziki autogintzara zuzenduak».

Telelanarekin arduratuta

Bizkaiko emakumezko enpresari eta zuzendaritza kideetako elkarteko kideen gehiengoaren ustez, aurtengo hirugarren hiruhilekoa bigarrena baino okerragoa izan daiteke, eta uste dute euren enpresetako ekoizpena %75 jaits daitekeela. Barne inkesta batean onartu dutenez, erdiak telelanean aritu dira azken hilabeteetan, eta uste dute etorkizunean areagotuko den joera bat dela, baina askori «ardura» sortzen die, uste dutelako kontziliazioaren zama euren gain gelditu daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.