COVID-19aren kontrako laugarren dosia jartzen hasiko dira Hegoaldean

60 urtetik gorakoek, talde zaurgarriek eta osasun arloko profesionalek izanen dute txertoa hartzeko aukera. Gripea «goiz» iritsi da aurten

Adineko bat txertoa jartzen iragan urtean, Hendaiako txertaketa gunean. GUILLAUME FAUVEAU.
Isabel Jaurena - Oihana Teyseyre Koskarat
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko agintariek atzo adierazi zuten hilaren bukaeran hasiko direla koronabirusaren aurkako laugarren dosia jartzen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzako Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren arabera, irailaren 26rako zehaztuko dute kanpaina nola antolatuko duten. Nafarroan, zahar etxeetan daudenak izanen dira txertoa hartuko duten lehenak: irailaren 26tik aitzina, 8.500 lagun inguruk hartu ahal izanen dute laugarren dosia. 60 urtetik gorakoak, talde zaurgarriak eta osasun arloko profesionalak izanen dira hurrengoak. Hiru talde horiek urriaren 10etik aurrera izanen dute laugarren dosia hartzeko aukera. Gainerako herritarrak txertatzea, berriz, ez dago aurreikusita.

Sagarduiren erranetan, Osakidetza, «beti bezala», prest dago txertaketa kanpainari aurre egiteko. «Garrantzitsuena da txertoak edukitzea, horiek banatu ahal izateko». Txertoak lortu bezain azkar, txertaketa prozeduren berri emanen du Osakidetzak, eta, denbora berean, zehaztuko du gripearen kontrako txertaketa nola iraganen den.

Carlos Artundo Nafarroako Gobernuko osasun zuzendari nagusiak adierazi zuen «komeni» dela txertoa hartzea, batez ere pertsona zaurgarriek. «Pentsatu nahi dugu bukaeran gaudela, eta badira aditu anitz hori diotenak, baina kasu, udazkenean edo neguan gorakada izaten ahal dugu eta».

Agintariek zehaztu dutenez,laugarren dosirako erabiliko diren txertoek orain artekoek baino babes «zabalagoa» izanen dute. Izan ere, orain arteko txertoak eritasunetik babesteko «ezinbestekoak» izan badira ere, «kutsatzeen prebentzioan ez dute eraginkortasun handia izan». Txerto berria, ordea, gai izanen da aurre egiteko bai birusaren aldaera ohikoari, bai omikronari eta haren azpialdaerei.

Ipar Euskal Herrian, iragan martxoan hasi ziren laugarren dosia jartzen; hasieran, zahar etxeetako egoiliarrei, immunodepresioa dutenei eta 80 urtetik gorakoei ireki zieten aukera. Apiriletik, 60 urtetik gorakoek jar dezakete laugarren dosia, eta uztailetik, herritar zaurgarriek.

Gripea heldu da

Artundok nabarmendu zuenZIUetako egoerak hobera egin duela. Hain zuzen ere, atzo, Nafarroako erietxeetako ZIUetan ez zegoen COVID-19arekin ospitaleratutako pazienterik. Keinu baikortzat jo zuen datua, baina «zuhurtzia» eskatu zuen. «Bi urte luze hauetan ikasi dugun guztiaren ondoren, oso zuhurrak izan behar dugu, ez baitugu ziurtasunik. Ez dakigu nola funtzionatuko duen birusak udazkenean eta neguan. Espero dugu, ahots askok dioten bezala, amaieraren hasieran egotea», adierazi zuen.

COVID-19aren egoera hobera egiten ari bada ere, urtero bezala, gripearen birusa ere hedatzen hasia da. Adituek ikusi dutenez, ohiko epeak baino «lehenago» heldu da Euskal Herrira aurten. Itziar Larizgoitia Osakidetzako Osasun Publikoko zuzendariak Radio Vitoria irratian egindako elkarrizketan adierazi zuen «inoiz baino goizago» heldu dela, eta «goia jo» duela udan.

Zehaztu du aurten gripearen segipen zorrotzagoa egiten ari direla urte osoan, eta ez dutela aurreko urteetako daturik udako kutsatzeak alderatu ahal izateko. Dena den, susmoa dute lehenago iritsi dela, eta hipotesi bat dago horren esplikatzeko: «Litekeena da COVID-19aren ondorioz unibertso birikoan gertatu diren aldaketek eraldaketak eragin izana beste birus batzuen portaeran».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.